Urdaibai Biosfera Erreserbako 2021eko gidari-interprete homologatuen III. ikastaroa egiteko aurrematrikularako epea zabalik

Aurre-matrikula

  • Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak ikastaro on-line berri bat aurkeztu du, EHUren laguntzarekin.
  • Urdaibai Biosfera Erreserbako ondarea interpretatzeko dauden prestakuntza-beharrak betetzea da ikastaroaren helburua.
  • 2021eko abuztuaren 22ra arte egongo da zabalik aurrematrikula, eta interesatuek curriculuma eta motibazio-gutuna aurkeztu beharko dituzte, 20 plazetako bat eskuratu ahal izateko.

2019. urtean Ekoetxea Urdaibain egindako lehen edizioak eta 2020. urtean bigarren edizioak izandako arrakastaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak on-line edizio berri bat eskaintzen du EHUrekin elkarlanean. Natura- eta kultura-ondarean arloko ekintzak eta jarduerak −bereziki, Urdaibai Biosfera Erreserbarekin lotura zuzena dutenak− egiten dituzten pertsonak, erakundeak eta enpresak prestatzea da ikastaroaren helburu nagusia. Hain zuzen, ondarearen interpretazioaren jatorria eta oinarri teoriko-praktikoa landuko dira, eta komunikazio-diziplina garrantzitsu horrekin lotutako baliabideak eta programak nola diseinatu, gauzatu eta ebaluatu ikasiko dute ikasleek.

Hirugarren edizioa 2021ko irailaren 6an hasi, eta urriaren 30ean amaituko da. Ikastaroa 200 ordu akademikoren baliokidea izango da, EHUko Udako Ikastaroen eskutik, eta, halaber, 8 ECTS krediturekin baliozkotu ahal izango da. Honela banatuko dira ikastaroko orduak: 65 ordu ZOOM sinkronikoentzako, 40 ordu asistentzia gabeko lan pertsonalarentzako eta 15 ordu bisita didaktiko presentzialetarako. Interesatuek 2021eko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte curriculuma eta ikastaroari buruzko motibazio-gutuna. 

Besteak beste, garapen jasangarriaren inguruan ikasteko eta erakusteko tokia izatea da Urdaibai Biosfera Erreserbaren helburua. Testuinguru horretan, ezinbestekotzat jotzen da bertakoei nahiz bisitariei bere ondarea erakustea eta Urdaibaiko gidari-interpreteak gaitzea jasangarritasunaren kontzeptua zabal dezaten eta eskura dauden teknika hoberenak erabil ditzaten.

2014an onartutako Urdaibai Erreserbako Garapen Iraunkorraren Arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Planaren bidez (PICE – IGHP), lankidetzan oinarrituriko kudeaketa-eremu bat eratu nahi da ondarearen interpretazioan diharduten Urdaibai Biosfera Erreserbako eragileen artean. IGHP planak  hainbat koordinazio-batzordetan biltzen ditu eragile horiek, bakoitzari dagokion gaiaren arabera. Urdaibai Biosfera Erreserbako 2021eko gidari-interprete homologatuen III. ikastaroa  prestakuntza eta gaikuntzaren arloko koordinazio-batzordeari dagokio. Batzorde horretan parte hartzen dute Bermeoko Behargintza Zentroak, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak Zentroak, Urremendi Landa Garapenerako Agentziak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuak.

Aurre-matrikula irekita abuztuaren 22ra arte.

Informazio gehiago

 

Busturian, 2021ko abuztuak 6