Urdaibai Biosfera Erreserban gazteentzako prestakuntza-beka eskatzeko epea ireki da

  • Urdaibai Biosfera Erreserban praktika-trebakuntza egonaldia egiteko ordainpeko bi bekaren deialdia egin du UNESCO Etxeak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzarekin.
  • Eskaerak egiteko epea apirilaren 4ra arte egongo da irekita. 2022ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra arteko trebakuntza-beka izango da, lanaldi erdikoa, eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuan egingo da.

 

UNESCO Etxeak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzarekin, aurten ere ordainpeko 2 prestakuntza-beka eskaintzen ditu Urdaibai Biosfera Erreserban praktika-trebakuntza egonaldia egiteko. Bekaren bitartez, ahotsa eman nahi zaie gazteei beren lurraldearen antolakuntzan, eta, aldi berean, biosfera-erreserbak kudeatzeko, garapen jasangarria sustatzeko eta MaB programa nola funtzionatzen duen ezagutzeko trebakuntza eskaini nahi da.

Bekaren bitartez, 8 hilabeteko trebakuntza praktikoa jasoko da, 2022ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra, lanaldi erdian. Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuan egingo da egonaldia, Ekoetxea Urdaibain (Busturia), eta hilean 500 €-ko soldata gordina jasoko dute bekadunek. Hautatukoek jarduera hauek egin beharko dituzte, besteak beste, egonaldian zehar: bekaren barruan antolatutako jardueretan parte hartu, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuan martxan jarritako proiektuetan parte hartu eta bekaren amaierako txostena idatzi.

Interesa dutenek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte: 18 eta 30 urte arteko adina 8n (bekaren hasiera egunarako beteta, maiatzaren 1a), garapen jasangarriko sektoreetan trebakuntza edo esperientzia (ingurumena, turismoa, azpiegiturak, etab.), euskara eta ingeles maila ona eta motibazioa eta komunikatzeko gaitasuna. Lehentasuna izango dute Urdaibai Biosfera Erreserbarekin lotura duten pertsonek (bizilekuagatik, lanagatik, ikasketengatik, egindako ikerketengatik edo Urdaibaiko elkarte bateko kide izateagatik), baita langabezian daudenek ere.

Hautagaitzak aurkezteko, mezu elektroniko bat bidali beharko zaio UNESCO Etxeako Nekane Viota-ri n.viota@unescoetxea.org helbidera, “Urdaibai beka” izenburuarekin. Mezu horretan, curriculum vitae-a, motibazio-gutuna eta, langabezian egonez gero, hori ziurtatzen duen dokumentazioa bidali beharko dira. Hautagaitzak jasotzeko azken eguna apirilaren 4a izango da, 13: 00etan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu UNESCO Etxearen webgunean.

 

Busturia, 2022ko martxoak 30