Urdaibai Biosfera Erreserban gazteentzako prestakuntza-beka eskatzeko epea ireki da

  • Urdaibai Biosfera Erreserban praktika-trebakuntza egonaldia egiteko 2 bekaren deialdia egin du Unesco Etxeak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzarekin. 
  • Eskaerak egiteko epea apirilaren 6ra arte egongo da irekita. 2021ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra arteko trebakuntza-beka izango da, lanaldi erdikoa, eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuan egingo da.

UNESCO Etxeak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzarekin, Urdaibai Biosfera Erreserban praktika-trebakuntza egonaldia egiteko ordainpeko 2 trebakuntza-beka berriz eskaintzen ditu urte honetarako. Bekaren bitartez, ahotsa eman nahi zaie gazteei beren lurraldearen antolakuntzan, eta, aldi berean, biosfera-erreserbak kudeatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko trebakuntza eskaini nahi da.

Bekaren bitartez, 8 hilabeteko trebakuntza praktikoa jasoko da, 2021ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra, lanaldi erdian. Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuan egingo da egonaldia, Ekoetxea Urdaibain (Busturia), eta hilean 450 €-ko soldata gordina jasoko dute bekadunek.  Hautatukoek jarduera hauek egin beharko dituzte, besteak beste, egonaldian zehar: bekaren barruan antolatutako jardueretan parte hartu (solasaldiak, mahai-inguruak… ), Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuan martxan jarritako proiektuetan parte hartu eta bekaren amaierako txostena idatzi.

Interesa dutenek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte: 18 eta 30 urte arteko adina (adin-tarte hori beka hasten den egunean izan behar da, hau da, maiatzaren 1ean), prestakuntza edo esperientzia Turismoaren edo Ingurumenaren sektoreetan, euskara eta ingeles maila ona, motibazioa eta komunikatzeko gaitasuna. Lehentasuna izango dute Urdaibai Biosfera Erreserbarekin lotura duten pertsonek (bizilekuagatik, lanagatik, ikasketengatik, egindako ikerketengatik edo Urdaibaiko elkarte bateko kide izateagatik), baita langabezian daudenek ere.

Hautagaitzak aurkezteko, mezu elektroniko bat bidali beharko zaio UNESCO Etxeako Nekane Viota-ri n.viota@unescoetxea.org helbidera, “Urdaibai beka” izenburuarekin. Mezu horretan, curriculum vitae-a, motibazio-gutuna, UBErekin lotura ziurtatzen duen dokumentu bat (hautaketa irizpideetan adierazitakoa betetzen dela ziurtatzeko) eta, langabezian egonez gero, hori ziurtatzen duen dokumentazioa bidali beharko dira, apirilaren 6a hautagaitzak bidaltzeko azken eguna izanik. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu UNESCO Etxearen webgunean: http://www.unescoetxea.org/eu/ 

 

Busturia, 2021eko martxoak 15