Antzora

Antzora

Laida eta Laga hondartzen artean kala txiki bat dago, kokatuta dagoen auzoaren izena hartzen duena: Antzora. Hondartza harritsu bat da, olatuek leundutako legarrez osatua. Batzuetan, udan, hondarrezko gune batzuk azaleratzen dira. Horren arrazoia da udan itsasoa askoz bareago dagoela eta metaturiko hareak hobeto eusten diola korronteari. Neguan, berriz, olatuek itsas barrura daramate material fina, eta legar biribilek baino ez diote eusten enbatari.

Baina Antzorak, lasaitasuna bilatzen dutenentzako ezkutaleku ederra izateaz gain, Urdaibaiko jai ospetsuenetako baten mitoa zapuzten digu: Madalenak.

Kondairak dioenez, Bermeok eta Mundakak, Izaro uhartea biotako norena zen erabakitzeko, uharterainoko estropada bat jokatu zuten, Elantxobe epaile zela. Bertsio batzuen arabera, bermeotarrek tranpak egin zituzten, eta azkenean uhartea bereganatu zuten; epaileek ere ez omen zuten oso garbi jokatu: elantxobetarrei, harrezkero, «makuesak» («mal juez») esaten zaie.  Bada, uhartea norena den erabakitzeko epaia geologiaren arabera eman beharko balitz, ustekabe handia hartuko genuke: jabea Ibarrangelu izango litzateke.

Hain zuzen ere, Ibarrangeluko itsasertzetik —zehazki, Antzoratik— Izaroraino jarraitutasun geologiko bat dago: uhartean agertzen diren materialak bat datoz Antzorako materialekin. Izaro Antzorari lotutako lurmutur bat izan zen, baina itsasoaren etengabeko lanak pixkanaka kostaldea higatuz joan da uhartea kontinentetik bereizi arte. Higaduratik salbatu ziren beste elementu batzuk Hotzarri eta Potorroharri haitzak dira; garai batean, Izaro bezala, kontinenteari lotuta egon baitziren, gaur egun Antzora lurmuturraren parte moduan. Uhartea mugitu ahal izango bagenu, puzzle bereko piezak bezala ahokatuko litzateke Antzoraren itsaslabarrean. 

Antzoraren eta Izaroren eraketa geologikoari buruzko informazio gehiago hemen:“IGL 45. Antxonazpiko abrasio-plataforma eta harkoskozko hondartza”.