Arribolak

Arribolak

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren mugetan dago itsas paradisu hau, gure kostaldeko itsas bizitzaz gozatzeko parada ematen diguna. Guztira, 5 kilometroko kostaldea da, baina jeneralean errepidetik sarbidea duen eremuan ibili ohi da jendea. Zabalera, gure kostalde guztian bezala, aldatu egiten da mareen arabera, eta 10 eta 15 metro artekoa izaten da.

Garai batean, deskarga-kai bat zegoen, eta bertatik abiatzen ziren itsasontziak Gaviota plataformara; gaur egun, urpean baina begibistan dagoen hodi baten bidez egiten da komunikazio hori.

Ur aberats hauetan, Matxitxakoko lurmuturraren babesean, kostatik 30 metrora arte luzatzen den hondo harritsu batez goza daiteke, non, arrakala ugariren artean, hainbat animalia-espezie bizi diren (itsas kabra, labridoak, blenidoak, esparidoak, zefalopodoak, krustazeoak, etab.). Horien artean, nabarmentzekoa da baleztarraina, ez baita oso ohikoa gure kostaldean. Hondo harritsutik aurrera, hareatza handi bat hasten da, non arrain zapalak bizi diren, hala nola arraiak eta bastangak. Hareatzatik bertatik, ekialderantz, 1.400 metrora, Mina Mari itsasontzia dago; urpekaritza praktikatzeko beste toki gomendagarri da. Arribolak garrantzitsuak dira, halaber, itsas hegaztiak ugaltzeko toki gisa; KBEa (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBBEa (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) dira.

Gure itsas hondoko biodibertsitateaz gozatzeko leku ezin hobea izateaz gain, aparteko paisaia geologikoaz gozatzeko leku bikaina ere bada.

Izena bere morfologiaren hitzez hitzeko deskribapena da. Baina, zergatik ditu harriak eta ez harea? Erantzuna itsasoaren indarrean dago. Kasu honetan, Arriboletan aurkitzen ditugun harri biribilek adierazten digute itsasoak hondartza horretan oso gogor jotzen duela eta, horren ondorioz, mareak material txikienak eramaten dituela —hondar-aleak, adibidez—, eta, aldi berean, itsaslabarretatik erortzen diren harkaitzak higatu eta biribildu egiten dituela pixkanaka.

Matxitxakoko lurmuturraren oinaldean, itsaslabarrean, Euskal Herriaren historia geologikoaren zati bat ere aurki dezakegu, gure geologiaren alderdi oso garrantzitsu batzuk barne hartzen dituena. Arriboletatik, Matxitxako lurmuturreko «flysch beltza» izeneko arroka-multzoaren panoramika ikus daiteke, Urdaibaiko interes geologikoko lekuen artean baitago: hemen duzue informazio gehiago.