Arrola

Arrola

Nabarnizko Arrola mendiaren tontorretik (537 m) Urdaibai haran-barnealdearen ikuspegi bikaina dago, mendixketako tontor basotsuek eta Durangaldeko mendi urrunen siluetak apaindurik. Arrola da Gaztiburu mendiguneko punturik garaiena, eta tontorrean gure historiaren ondare baliotsu bat gordetzen du: K.a. IV. mendeko erromatarren aurreko Burdin Aroko herri indigena gotortua.

Arrolako oppidum edo kastroa Urdaibaiko herrixka garrantzitsuenetako bat izan zen, segur aski, K.o. I. mendean erromatarrak iritsi arte. 16 hektareako azalera du, eta itzelezko babes-egiturak, hala nola harresiak, babes-hobiak, eta sarbidea korridore labirintiko gisa eratua duten ate gotortuak, erasotzaileei alboetatik oldartzeko moduan.

Halako gotorlekuak ziren Burdin Aroan paisaia okupatzeko modurik ohikoenak, eta Arrolakoa da Bizkai osoan ondoen kontserbatuta dagoena. Harresiz inguratutako esparruak dira, herri oso bat barnebiltzen dutenak, beren antolaketa eta ekonomia propio eta guzti. Bizirauteko leku estrategikoetan eraikitzen ziren, lehengaietatik gertu, hala nola ura edo harrobiak.

Nola iritsi:

«ILUNTZAR, Urdaibaiko begiratokia» ibilbidean, desbideratze bat aurkituko duzue gailurrera eta kastrora joateko.