Atxarre

Atxarre

Segur aski, Urdaibaiko Biosfera Erreserba osoko begiratokirik ezagunena da, ikuspegirik ospetsuenak dituena. Atxarrek eta Ereñozarrek antzeko paisaia dute: mendi txikiz eta muino konikoz osatutako mosaikoa, «pinakulu-eredua» deitzen dena, airetik ikusita arrautzontzi bat gogorarazten duena. Pinakulu-eite hori ohikoa da eskualde tropikaletan, prezipitazio ugariko eremu beroak baitira. Euskadi Tropikalari buruz ari gara? Ogoñoren antzera, Atxarre eta Ereñozarren eredu pinakularrak arrezife batean du jatorria, eta gaur egun ikusten ditugun tontor txikiok gruyere gazta baten modukoak dira barrutik, zuloz beteak. Oso prozesu interesgarria da, eta 288. orrialdean aurkituko duzue horren azalpena: Urdaibaiko interes geologikoko lekuen gidako «Modelatu karstikoa» atalean.

Atxarreren gailurretik Urdaibaiko estuarioaren ikuspegi bikaina dugu, 311 metroko altitude apalean. Artadi betiberde batez inguratuta, Atxarreko San Pedroren baseliza Atxarre tontorraren erpinean dago. Santu marinel baten izena (San Pedro) aukeratzeak erakusten du Ibarrangeluk beti izan duela harreman estua itsasoarekin, eta, honetan ere, jakina, kondaira bat dago.

Elezaharrak dioenez, Ibarrangelun harri handi bat zegoen, gizaki baten oinaren tankerako zuloa zuena. Jendeak San Pedrori egozten zion aztarna: ziotenez, Atxarre menditik jaistean, urrats bat eman omen zuen Armenduan, eta beste bat Ibarrangelun, eta bi tokietan utzi omen zuen arrastoa. Baina hori ez da Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia deigarriarekin lotutako kondaira bakarra. Beste istorio baten arabera, artadia zerura irekitzen den tokia, Dantzaleku izenekoa, hiru harri etzan handi elkartzen diren bidegurutzean dago, eta han egiten omen ziren inguruko akelarreak.

Toki honek ez du beti izan Atxarreko San Pedroren izena; garai batean, Agirreko San Pedro izenaz ezagutzen zuten. Antzina beste ermita bat zegoen, XV. mendean eraikia, antza denez. Bere kokapenagatik, guztiz eguraldi makurraren mende, hainbat aldiz berreraiki behar izan zuten. Era berean, badakigu XVII. mendean zehar emakume ermitau batzuk hartu zituela.

Antzina, jendea ermitara prozesioan joaten zen, eta meza bitartean, gatza bedeinkatzen zen; ondoren, lehen aipatutako Dantzalekuan banatzen zen gatz hori, eta soroetan eta itsasontzietan barreiatzen zen uzta ona eta arrantza ona eskatzeko.

Nola iritsi:

Jarraitu “Artadiaren bihotz-bihotzean” ibilbideko oharrak.