Biodibertsitatea

Biodibertsitatea

Urdaibai nabarmentzen da espazio txiki samarrean ikusten diren paisaia eta ingurune ugariengatik. Baso-landaketaz estalitako garaiera ertaineko gailurretatik hasi eta ibaian behera jarraitzen dugu, haranak gurutzatuz —haranotan irauten dute bizirik baserriari lotutako nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerek, eta hementxe finkatu dira, historian zehar, herriguneak—. Azkenean, estuarioaren zabalgunera iristen gara, bizitzaz gainezka, artadi kantauriarraren baso zabalak hartzen dituzten kareharrizko formazio harrigarrien aurrez aurre. Itsasertzeko lur-zerrendan, nonahi daude lurmuturrak, kalak, hondartzak eta itsas herriak, Izaro uhartearen irudia beti urrunean. Kontraste ugariko paisaia da, eta, aldi berean, atea irekitzen digu oso gutxi ezagutzen dugun baina balio naturalistiko izugarria duen itsas ingurune baterantz.

Biodibertsitatea da lurralde baten ingurumen-kalitatea argien adierazten duten faktoreetako bat. Urdaibaik biodibertsitate-indize handia du; zehazki, 3.335 espezie eta azpiespezie ditu Biosfera Erreserbaren eremuan.

Biodibertsitatea kontserbatzea da Urdaibai Biosfera Erreserbaren helburu orokorretako bat. Egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Urdaibaiko Patronatuak zenbait azterlan enkargatzen ditu aldian-aldian, naturagune babestuaren biodibertsitatearen elementuei buruzko datuak biltzeko, bai eta haren bilakaerari buruzkoak ere, espazioari zein denborari dagokienez.

Esteka honetan, Urdaibain egin diren zenbait azterlan, ikerketa eta proiektu aurkituko dituzue.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Informazio Sistema