BUSTURIALDEA-URDAIBAIK INDARRAK BATZEN JARRAITZEN DU ESKUALDEKO NEKAZARITZA JARDUERA DINAMIZATZEKO

  • Tokiko dozenaka ekoizle eta Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuko eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak bildu ziren atzo, Berroja Upategian, 2023an egindako ekintzen eta aurten Busturialdea- Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren esparruan garatzea aurreikusten den Ekintza Planaren aurkezpenean.

Busturialdea-Urdaibain nekazaritza-sektore aktibo eta bizia izatea. Helburu komun horrekin elkartu ziren atzo tokiko ekoizleak eta Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuko (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpe) eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak Muxikako Berroja Upategian. Topaketak Busturialdea-Urdaibaiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren eta Ekintza Planaren bilakaera aztertzeko balio izan zuen, 2023an egindako eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako ekintza batzuk nabarmenduz.

Hogei pertsona baino gehiago bertaratu ziren ekitaldira, bai banaka, bai tokiko eta sektoreko hainbat erakunderen ordezkari gisa. Lan saioari esker, batetik, orain arte egindako lana eta datozen urteetarako proiekzioa aurkeztu ziren, eta, bestetik, lurraldea garatzeko ekintza berrietaz hausnartu ahal izan zen.

Nicolás García-Borreguero Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuko zuzendariak eta Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak proiektu honetan parte hartzen duten eragileen inplikazioa, konpromisoa eta talde-lana nabarmendu zituzten. “Busturialdea-Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategia, berritzailea, gaztetua eta lurraldera sustraituta dagoen nekazaritza sektore baterantz aurrera egiteko ibilbide-orria da. Dokumentuak tokiko nekazaritza-sektorea indartzeko balioko digu, egungo egituraketari eta nekazaritza-enpresa berriei laguntzeko tresna berritzaileen bidez, elikagai osasungarriak ekoizteko eta Busturialdea-Urdaibaiko ingurune naturala zaintzeko”, adierazi zuen Ansotegik. Era berean, ekoizleen lana ulertu eta errespetatzeko beharra nabarmendu zuen, baita belaunaldi berrientzako etorkizuneko lanbide gisa planteatzeko ideiaren aurrean aukera-ikuspegia sortzearen garrantzia ere.

Bestalde, Patronatuko zuzendariak estrategia honen bidez “ekosistema berritzaile bat finkatu” nahi dela azpimarratu zuen, “Busturialdea-Urdaibai tokiko nekazaritzako elikagaien ekintzailetzarako aukera-lurraldea izan dadin, Urdaibai Biosfera Erreserbaren balioekin bat etorriz elikagaiak ekoizteko gai izango dena”.

Busturialdea-Urdaibaiko Nekazaritzako Elikagaien Estrategia 2030

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundia, Ekolurra, Hazi, Jangurie, Lorra eta Neikerrekin batera, lantalde bat aktibatu zuten 2020ko urrian eskualdeko nekazaritza jarduera dinamizatzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren balioekin bat etorriz.

Horretarako, 2021ean Busturialdea-Urdaibaiko nekazaritzako elikagaien estrategia 2030 onartu zen, nekazaritzako elikagaien sektore berritzaile, gaztetu eta lurraldera errotu baterantz aurrera egiteko ibilbide-orri gisa ulertuta. Ondorioz, lehen sektoreari laguntza emateko inplikatuta dauden erakundeek Busturialdea-Urdaibain tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko Ekintza Plana abian jartzea adostu zuten.

Bost arlotan dago egituratuta, eta horien artean nabarmentzekoak dira lurra eskuratzea eta nekazaritzako eragile berriak sartzea, nekazaritza sektorearen profesionalizazioa edo tokiko, ekologiako eta sasoiko produktuen banaketa. Horretarako, hainbat sentsibilizazio eta komunikazio-ekintza aktibatu dira, Busturialdeko herritarrei hurbileko produktua kontsumitzearen garrantziari buruzko mezu bat bidaltzeko.