Matxitxako lurmuturra

Matxitxako lurmuturra

Matxitxako lurmuturrak eskaintzen duen paisaia, irizpide tekniko hutsetatik begiratuta, gure kostaldeko ikuspegi onena da. Euskadiko lurmutur iparrekoena denez, egun argietan Kantabriako kostaldea eta Frantziako kostaldea ikusten dira; hurbilago, baina, mendebaldera begira, Gaztelugatxeko uhartetxoa eta Akatx daude, eta ekialdera, Izaro uhartea eta Ogoñoko harkaitza. Kokapen pribilegiatua duenez —Natura 2000 Sarean sartuta dago— eta, gainera, babes bereziko zenbait eremutatik gertu dagoenez, leku ezin hobea da biodibertsitatea aztertzeko; zehazki, itsas hegaztiak eta zetazeoak behatzeko. 

Inguruan ikusten ditugun bi eraikinetatik, goikoa, handiena, itsasargi berria da, 1909an inauguratu zena eta gaur egun martxan dagoena; amildegira begira dagoen beste eraikina 1852ko itsasargi zaharra da, 2014tik hegazti-faunaren eta zetazeoen behatoki gisa egokitu dena.

Matxitxakoko lurmuturretik itsas hegaztien 47 espezie behatu dira, hala nola zanga, ekaitz-txori txikia, txenada arrunta, martinak, pottorroak, marikakak, eta abar. Bertan, besteak beste, harkaitz-zozo urdina eta pitxartxar burubeltza ugaltzen dira, eta belatz handiaren ohiko ehizalekua da. Flora-espezie oso interesgarrientzako habitata ere bada, eta, beraz, garrantzitsua da gure behaketa-jarduerak ahalik eta traba eta inpaktu txikiena izatea ingurumarian.

Matxitxakotik ikus ditzakegun zetazeo-espezieen artean baleak edo mistizetoak daude (zetazeo bizardunak), hala nola zere txikia, zere arrunta eta xibarta, baita izurde edo odontozeto-espezieak ere (hortzak dituzten zetazeoak), hala nola mazopa, izurde arrunta, izurde marraduna, izurde handia, izurde muturmotza, pilotu-izurde hegaluzea, eta orka harrigarriak ere.

Animaliok urte osoan ikus daitezke, baina hilabete batzuk egokiagoak dira. Adibidez, urtarrilean eta otsailean gerturatzen dira kostara izurde-talde handiak, berdel-sarden atzetik. Udan eta udazkenean, berriz, hainbat espezie sartzen dira Golkoan migrazio-ibilbideetan. Oso garrantzitsua da pazientzia handia izatea eta edozein seinaleri adi egotea, hala nola aparrei, olatuei, distirei, elikatzen ari diren itsas hegaztiei, edo, jakina, zetazeoen bizkarrari edo hegalari edo arnas-bafada nahastezin horri; a priori, ordu batzuk ez dira beste batzuk baino aproposagoak behatzeko. Animaliok errazago ikusteko, garrantzitsua da itsaso ona izatea eta haizeak gogorregi ez jotzea.

Hemen duzue Matxitxako lurmuturrean itsas hegaztiak eta zetazeoak behatzeko gida bat. Esteka

Nola iritsi:

Bermeotik abiatuta, lehendabizi BI 3101 errepidea hartu behar dugu, Arene auzunetik irtenda, eta gas-plantaren parean, eskuinean autoa aparkatuta utzi, eta bidezidor batetik sartu eta beherantz itsasargiraino iritsiko gara. Bide horretatik joanda, aldapa handi samarra igo behar da bueltako bidean.

Matxitxakoko Behatokia

Aldez aurretik eskatutako bisitak

nstalazioak hegaztien eta zetazeoen azterketa eta jarraipena egiten duten elkarte guztientzat daude erabilgarri, baita interpretazio-zerbitzuak ematen dituzten enpresekin batera egiten diren bisitetarako ere, Urdaibaiko Patronatuari eskaera egin ondoren.

Harremanetarako telefonoak:
Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua
Tel.: 94 625 71 25
Harremanetarako ordutegia: 9:00 – 14:00
Email-a: urdaibai@ej-gv.es

Ekoetxea Urdaibai – Madariaga Dorretxea
Tel.: 94 687 04 02
Harremanetarako ordutegia: 10:00 – 19:00
Email-a: info@torremadariaga.org