TJEG

TJEG

Naturagune Babestuetako Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna (TJEG) EUROPARC federazioaren ekimen bat da, helburua duena Europako naturagune babestuetan turismoaren garapena sustatzea, jasangarritasunaren ikuspegitik. TJEG borondatezko metodo eta konpromiso bat da turismo jasangarriaren printzipioak aplikatzeko, eta naturagune babestuen kudeatzaileei eta enpresei orientazioa ematen die beren estrategiak modu parte-hartzailean definitzeko.

EUROPARC-ESPAINIAk, federazioaren estatuko atal gisa, Espainian koordinatzeko eta jarraipena egiteko ardura du. TJEGren aldeko laguntza aktiboa ematen du eta haren zabalkundea sustatzen du, horretarako jardunaldiak, topaketak eta foroak antolatuz, informazioa eta esperientziak trukatzeko, eta laguntza eta aholkularitza emanez gune babestuei eta hari atxikitzea erabakitzen duten enpresei.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna nazioartean turismoaren kudeaketa jasangarrirako eredu gisa aitortu da. Bat dator bi oinarri hauekin: «Biodibertsitateari eta garapen turistikoari buruzko nazioarteko gidalerroak» eta «Jomugetarako turismo jasangarriko irizpide globalak, eta Europako Batzordearen turismo-politika, turismo jasangarri, arduratsu eta kalitate handikoaren garapena sustatzeari lehentasuna emanez»

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren oinarrizko helburuak

● Europako gune babestuen ezagutza handitzea, gure ondarearen funtsezko osagai diren aldetik, eta haren kontserbazioaren aldeko babesa areagotzea, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek gune horietaz goza dezaten.

● Naturagune babestuen garapen jasangarria eta turismo-kudeaketa hobetzea, ingurunearen, tokiko biztanleriaren, tokiko enpresen eta bisitarien beharrak kontuan hartuta.

TJEGren ikuspena

Europako eremu babestuetako turismo jasangarriak kalitatezko esperientzia esanguratsua eskaintzen du; natur eta kultur balioak zaintzen ditu; tokiko bizi-baliabideak eta bizi-kalitatea babesten ditu, eta ekonomikoki bideragarria da.

TJEGren misioa

Babestutako Eremuetako Turismo Jasangarrirako Europako Gutunaren bidez, EUROPARCek kulturaren eta naturaren balioak babestu nahi ditu, kalitatezko turismo jasangarria suspertzen baitu, eta elkartzeak sortzen ditu tokiko ekonomia babesteko, jasangarritasunaren beharraren kontzientzia handitzeko eta nazioarteko lankidetza sustatzeko.

Nola aplikatzen da gutuna?

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren aplikazioak hiru fase izan ditu:

1. fasean, espazio babestuak egiaztatzen dira. Ebaluatzaile independenteek egiaztatzen dute, eta, horretarako, babestutako eremu bakoitzak hautagaitza-txosten bat egin behar du, elementu hauek osatua: eremuko turismoaren egoerari buruzko diagnostikoa, turismo jasangarrian jarduteko estrategia eta turismo jasangarrian jarduteko plana, 5 urteko indarraldia izango duena.

2. fasean, egiaztatutako gune babestuetan jarduerak egiten dituzten enpresa turistikoak atxikitzen zaizkio Gutunari. Horretarako, beren establezimenduak aztertu behar dituzte, jasangarritasunaren oinarrizko jarduera batzuk betetzen dituztela egiaztatu, eta turismo jasangarriko ekintza-plan bat hiru urtez gauzatzeko konpromisoa hartu.

3. fasean, bidaia-antolatzaileak eta bidaia-agentziak izango dira Gutunari atxiki ahal izango zaizkionak. Agentziek beren establezimenduak aztertu behar dituzte, jasangarritasuneko oinarrizko jarduera batzuk betetzen dituztela egiaztatu, eta naturagune babestua hobetzeko eta harekin lankidetzan aritzeko akordio bat sinatu. Akordio hori hiru urtez egongo da indarrean.

Zer onura dakarzkie Gutunak aplikatzen den naturagune babestuei?

● Europan, turismo jasangarriaren arloan bikaintasunezko lurralde gisa aitortua izatea.

● Lurraldeko ingurumena errespetatuko duen garapen sozioekonomikoa bultzatzea.

● Lurraldeko turismoaren garapenean eragitea.

● Tokian tokiko produktu turistikoak, kalitatezkoak eta ingurumena errespetatzen dutenak garatzea.

● Turismo jasangarriaren arloan asmo handiko helburuak finkatzea.

● Turismo jasangarriaren arloan asmo handiko helburuak finkatzea..

● Turismoko profesionalak haren politikan gehiago inplikatzea.

● Bisitariak sentsibilizatzeko ekintza indartzea.

● Kontrol-tresna bat izatea, bere lurraldean gauzatutako turismo-politikaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

● Sinesgarritasuna sendotzea, bai jendaurrean, bai haiek finantzatzen dituztenen aurrean.

Nola egiaztatzen dira gune babestuak Gutunaren bidez?

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren ziurtapena lortu nahi duten gune babestuek TJEGri atxikitzeko hautagaitza-txosten bat egin behar dute, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Horretarako, Turismo Jasangarriaren Foro Iraunkorra sortu da —txostena osatzen duten prozesua eta dokumentuak baliozkotuko dituen elkarte gisa—, eta Gutunaren Lantaldea —dokumentu horiek egiten dituen lurraldeko turismoko eragile nagusien talde txikiago eta operatibo gisa—.

Txostenak hiru dokumentu ditu:

1. Diagnostikoa: Turismoak babesgunean eta haren eragin sozioekonomikoko eremuan duen abiapuntuko egoera zehazten da, TJEGk turismo jasangarriari buruz ezartzen dituen bost printzipioen eta funtsezko 10 gaien aurrean.

2. Turismo Jasangarriaren Estrategia: Dokumentu honek Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan datozen bost urteetan turismoaren kudeaketa integral eta jasangarria egiteko jarraitu beharreko jardun-ildoak zehazten ditu, naturagune babestuan eta haren eragin sozioekonomikoko eremuan.

3. Ekintza Plana: Estrategia hori bost urterako ekintza-plana osatzen duten zenbait jarduera zehatzetan gauzatzen da.

Dokumentu horiek guztiak eskabide-txostenean laburbiltzen dira, horixe baita egiaztatzailearentzako eta TJEGko ebaluazio-batzordearentzako erreferentziazko dokumentu nagusia. Lau dokumentuak EUROPARCeko Federaziora bidaltzen dira, eta hark aztertuko ditu, eta TJEGren printzipio eta gai nagusiekin bat datorren ebaluatuko du; hala badagokio, egiaztatzaile bat bidaliko du naturagune babestura, lurraldearen ezaugarriak bertatik bertara egiaztatzeko.

Gaur egun, Europako 168 babesgune daude Gutunaren bidez egiaztatuta, 20 herrialdetan. Espainia TJEGren ziurtagiriarekin babestuta dauden naturagune gehien dituen herrialdeetako bat da. Guztira, 47 naturagune dira, hamar autonomia-erkidegotan banatuta: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kanariak, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Extremadura, Galizia eta Murtzia.

Etorkizunean Urdaibai Biosfera Erreserba TJEGri atxikitzen zaionean, lurralde hau izango da bereizgarri hori lortuko duen Euskadiko lehen gune babestua.

Printzipioak

1. Natur eta kultur ondarea babesteari lehentasuna ematea.

2. Garapen jasangarria bultzatzea.

3. Inplikatutako eragile guztien konpromisoa lortzea.

4. Turismo jasangarria eraginkortasunez planifikatzea.

5. Etengabeko hobekuntza bilatzea.

Funtsezko gaiak

1. Paisaia baliotsuak, biodibertsitatea eta kultur ondarea babestea.

2. Turismoaren bidez kontserbazioari ekonomikoki laguntzea.

3. Baliabide naturalen erabileran karbono-aztarna, kutsadura eta zarrastalkeria murriztea.

4. Irispide segurua, instalazioen kalitatea, zerbitzu turistiko eta naturagune babestuarekin lotutako esperientzia bereziak eskaintzea, bisitari mota guztiek eskuratzeko moduan.

5. Babestutako eremuaren balioak modu efektiboan komunikatzea bisitariei.

6. Kohesioa eta gizarte-ulermen ona bermatzea.

7. Tokiko komunitatearen ekonomiarako onurak bilatzea.

8. Prestakuntza ematea eta gaitasunak sortzea.

9. Jarduera turistikoaren eta haren inpaktuen jarraipena egitea

10. Gutunaren ekintzak eta konpromisoak jakinaraztea.

Informazio gehiago