Inguratzen gaituen guztiak nor garen eta nondik gatozen kontatzen digu
Gaur egun Urdaibaiko Biosfera Erreserba izenez ezagutzen dugun inguru honetan bizitzen daramatzagun 15 000 urte kultur eta natur ondare aberatsa utzi digute, gure tradizioen eta nortasunaren lekuko. Ondare hori Urdaibaiko ia edozein txokotan aurki dezakezu: estuarioan bertan, hondartzetan, mendi-gailurretan eta haitzuloetan, bai eta gure herrietan ere, zalantzarik gabe gure historiaren kontatzaile onak baitira.
Lankidetza Kontseilua Patronatuaren kide laguntzailea da, Urdaibain eragina duten jardueren garapenean gizarte-sektoreak ordezkatzen dituzten elkarteen parte-hartze aktiborako bide bat sortzeko.
Ezagutu eta gozatu zure Biosferaren Erreserbaz
Ohiko galderak
Informazio orokorra
Non daude Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bulegoak?
Bulegoa Madariaga dorrean dago, bigarren solairuan. San Bartolome auzoa 34-36, 48350 Busturia.
Nola jar naiteke harremanetan Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuarekin?
Tel.: 94 403 23 60
Helbide elektronikoa: urdaibai@euskadi.eus
Zein da jendaurreko ordutegia?
Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15: 00etara.
Zer egin behar dut Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuko teknikari batekin hitzordua hartu nahi badut?
Hitzordua adosteko, telefonoz egin ahal izango duzu, jendearen arretarako ordutegian, edo posta elektronikoz edo aurrez aurre.
Aurrez aurreko kontsultak astearteetan egiten dira, 09:30etik 16:30era.
Biosfera Erreserbei buruz
Zer dira biosfera-erreserbak?
Biosfera-erreserbak UNESCOk Man & Biosphere programaren barruan sorturiko figurak dira, eta honela defini daitezke: «garapen jasangarrirako ikaskuntza- eta entsegu-espazioak» edo «jasangarritasunerako lurraldeak». Planetako leku hauetan ikuspegi desberdinekin esperimentatzen da, bilakaera soziala, ekologikoa eta ekonomikoa ulertzen saiatzeko, eta gizarte-kontzientzia sustatzen da bizimodu jasangarri baterantz.
Zer funtzio dituzte biosfera-erreserbek?
Biosfera-erreserbek hiru funtzio hauek dituzte:
Kontserbazioa: baliabide genetikoak, espezieak, ekosistemak eta paisaiak babestera bideratua.
Garapena: ekonomia- eta giza hazkunde jasangarria sustatu nahi da, ikuspegi soziokulturaletik eta ekologikotik. Testuinguru honetan, zenbait jarduera produktibo egin daitezke, betiere indarrean dauden arau nazionalak betez, garapen jasangarriaren hiru zutabeak ziurtatzeko eta indartzeko: garapen soziala, ekonomikoa eta ingurumenaren babesa.
Laguntza logistikoa: helburua duena jarduerak sustatzea tokiko, estatuko eta munduko kontserbazio eta garapen jasangarriko gaiekin lotutako ikerketa, ingurumen-hezkuntza, gaikuntza eta monitorizazioaren alde.
Zer baldintza bete behar dira biosfera-erreserba hautatua izateko?
- Eskualde biogeografiko esanguratsu baten ordezkaria izatea eta kontserbatu beharreko paisaiak, ekosistemak, animalia- eta landare-espezieak edo -barietateak edukitzea.
- Kokatuta dagoen eskualdearen barruan «garapen jasangarriaren» filosofia ikertzeko eta aplikatzeko aukerak izatea.
- Lurralde aski handia izatea, alegia, biosfera-erreserba orok burutu behar dituen hiru funtzioak betetzeko modukoa: kontserbazioa, garapena eta laguntza logistikoa.
- Zonak banatzeko sistema egoki bat izatea.
- Garrantzitsua da halaber eskualdeko agintariak, gobernuak, tokiko herriak eta enpresa pribatuak inplikatzea Biosfera Erreserbaren plangintzan eta kudeaketan.
Zer da zona-banaketa edo zonifikazioa?
Biosfera-erreserba guztiek hiru zona bereizi behar dituzte, elkarren artean erlazionatuta daudenak, funtzio osagarriak dituztenak eta batak bestea sendotzen dutenak.
- Guneko zona: Ingurumenaren aldetik delikatuena den sektorea da; babes-maila handiena duen eremua da, paisaiak, geologia, ekosistemak eta espezieak kontserbatzeko helburuarekin.
- Gunearen babes- edo indargetze-zona: Gunea inguratzen du edo harekin muga egiten du. Ekologia aldetik bateragarriak eta arrazoizkoak diren jarduerak baimenduta daude eremu honetan, eta, batez ere, ikerketan, jarraipenean, prestakuntzan eta hezkuntza zientifikoan lagun dezaketenak.
- Trantsizioko zona: Zona honetan, ikuspegi soziokulturaletik zein ekologikotik jasangarriak diren jarduerak egin daitezke.
Urdaibairi buruz
Noiz eta zergatik deklaratu zen Urdaibai biosfera-erreserba?
Urdaibaiko itsasadarreko harana eta estuarioa oso espazio natural baliotsuak dira, bertako natur baliabideak askotarikoak eta originalak direlako. UNESCOk 1984an biosfera-erreserba izendatu zuenean, Eusko Jaurlaritzak proposatuta, agerian geratu zen komunitate zientifikoak interesa zuela eremu hau babesteko.
Herritarren mobilizazioak bultzada handia izan ziren Urdaibai babesteko. 1968an, Bizkaiko Probintzia Aldundiak «Mundakako itsasadarra ustiatzeko plan berezia» izeneko proiektua lantzeko agindua eman zuen. Horixe izan zen eskualdeko bizilagunak batu zituen eragilea, Urdaibaiko ekosistemen suntsipenari aurre egiteko.
Zer alde dago Busturialdearen eta Urdaibairen artean?
Busturialdeak eskualdeari egiten dio erreferentzia, eta Urdaibaik Biosfera Erreserba izeneko lurraldeari. Eskualdeak 20 udalerri ditu; horietatik 19 Erreserbaren barruan daude, eta Ea kanpoan geratzen da. Urdaibaik 22 udalerri ditu, eta horietatik 3 ez dira Busturialdekoak: Arrieta, Amorebieta eta Munitibar.
Nondik dator Urdaibai izena?
Urdaibai izena paduratik gertu dagoen dorretxe batetik dator, Forua udalerrian, Perejil Dorrea izenez ezagutzen dena. Geroago, Urdaibai izena eman zioten itsasadarrari, eta, azkenean, Erreserbari deitzeko ere izen hori aukertu zen.
Zer udalek osatzen dute Biosfera Erreserba?
22 udal dira. Horietatik hamabi osorik sartuta: Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Gernika-Lumo, Ajangiz, Mendata, Arratzu, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Elantxobe. Beste bi udalek, Muxikak eta Ibarrangeluk, barruan dute zati gehiena. Bermeok, Nabarnizek eta Ereñok azaleraren erdia baino gehiago dute Erreserbaren barruan, eta gainerako bostek (Arrieta, Errigoiti, Morga, Amorebieta-Etxano eta Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz) azaleraren herena baino gutxiago.
Zenbat herritar bizi dira Urdaibaiko Biosfera Erreserban?
Urdaibain 45.200 biztanle inguru bizi dira. Biztanlegune nagusiak Bermeo eta Gernika-Lumo dira, bertan biltzen baita Urdaibaiko biztanleria osoaren % 74. Biztanleriaren % 16 inguru (7.500 pertsona edo) landa-lurzoruan bizi da, Urdaibaiko lurzoruaren % 97 hartzen baitu.
Zein dira Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren mugak?
Arro hidrografikoek zehazten dituzte Erreserbaren mugak, hau da, beren urak Kantauri itsasoan isurtzen dituzten ibaiek, estuarioaren muga geografikoen barruan. 23.000 hektarea inguru hartzen ditu; hegoaldean Oiz mendia du muga; ekialdean, Arbolitz punta, eta mendebaldean Matxitxakoko lurmuturra. Eta eremua iparraldetik ixteko, Izaro uharte polita. Gutxi gorabehera, Bizkaiko Lurralde Historikoaren azaleraren %10 eta Euskal Autonomia Erkidegoaren azaleraren %3 da.
Nola banatzen da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurraldea?
Urdaibai hiru zona nagusitan banatzen da:
- Guneko zonak dira ingurumen edo kultura aldetik babesteko figuraren bat duten eremuak. Zehazki, hauek dira: estuarioa, itsasertza, artadi kantauriarrak, ibai-sarea eta kultur intereseko eremuak.
Natur balio handiko elementuak dituzten zonak dira, eta horietan kontserbazioak du lehentasuna.
- Gunea babesteko zonak dira guneko zonak inguratzen duten eremuak, erabilera publikoko mendiak, malda handiko eremuak, paisaia-intereseko eremuak eta baso autoktonoak. Guneko zonen babes egokia bermatzen duten zonak dira.
Haien helburua da giza ekintzak guneko zonetan dituen ondorioak moteltzea.
- Trantsizioko zonak lurzoruaren gaitasun agrologikoaren arabera mugatzen dira. Nekazaritza- eta abeltzaintza-eremuak, baso-eremuak, biztanleguneak eta azpiegiturak edo ekipamenduak dira.
Bertan, tokiko biztanleen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko jarduera ekonomiko jasangarriak sustatzen dira.
Nola kudeatzen da Urdaibaiko Biosfera Erreserba?
Gaur arte, Urdaibaiko Biosfera Erreserba da lege propioa duen biosfera-erreserba bakarra: 1989ko uztailaren 6an, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Babes eta Antolamendurako 5/1989 Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horren bidez, araubide juridiko berezi bat ezarri zitzaien eremu osoari eta han egiten diren jarduera guztiei.
Lege horrek berak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatua sortzen du, Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren eskumena duen organoari adskribatuta. Patronatua da Urdaibai kudeatzen duen organoa, eta Urdaibain eskumena duten administrazioetako ordezkariek eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-intereseko antolakunde eta elkarte esanguratsuetako ordezkariek osatzen dute.
Zer da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzua?
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzua da Erreserba administratzeaz arduratzen den administrazio-unitatea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zuzendariaren gidaritzapean eta Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren eskumena duen sailaren mende, funtzionalki eta hierarkikoki. Bere eginkizunen artean, hauek nabarmentzen dira:
- Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren helburu orokorrak era jasangarrian garatzeko estrategiak bultzatzea.
- Laguntza teknikoa eta idazkaritza-lanak ematea Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuari eta Lankidetza Kontseiluari.
- Txosten teknikoak eta proposamenak egitea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuko lurzoruaren erabilera- eta eraikuntza-egintzei buruzko txostenen eta baimen-espedienteenetan.
- Urdaibaiko Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean jasotako zehaztapenak eta haren garapen-araudia betetzeko beharrezkoak diren jarduerak sustatzea eta kontrolatzea, eta haren kudeaketa bultzatzea eta koordinatzea.
Zein dira Urdaibaiko plan estrategikoak?
Hiru dira nagusiki:
- Lurzoruaren erabilerak eta landa-lurzoruan eraikitzeko ekintzak arautzea: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP)
- Garapen jasangarria: Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapenerako eta Garapenerako Egitaraua (JSEGE)
- Laguntza logistikoa: Urdaibaiko Biosfera Erreserbako garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Plana (IGHP)
Zer da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP)?
EKZP dokumentu arauemaile bat da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean —edo landa-lurzoruan— zer jarduera egin daitezkeen arautzen duena, jasangarritasunaren ikuspegitik.
Nola?
EKZPn, zonaka dago banatuta Urdaibaiko lurraldea, eta zona bakoitzeko landa-lurzoruan zer jarduera egin daitekeen ezartzen du. Lurzoru urbanizaezinaz Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak dioena udaleko hirigintza-plangintzaren gainetik dago.
Aldiz, EKZPk ez du inolako erregulaziorik ezartzen biosfera-erreserba osatzen duten 22 udalerrietako hiri-lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako. Lurzoru horiek udaleko hirigintza-plangintzak arautzen ditu zuzenean.
Zer egin daitekeen
Jar dezaket hegan nire drona?
Gobernuak ezarriko ditu aireontziek Urdaibaiko Biosfera Erreserbako naturagune babestuetan eta gune babestuetan hegaldiak egiteko murriztapenak edo debekuak, Aire Nabigazioari buruzko 1960ko uztailaren 21eko 48/1960 Legearen 3. artikuluak xedatutakoa betez. Aurreko paragrafoan aipatutako murriztapenak eta debekuak izapidetzean, Defentsa eta Sustapenerako Ministerioarteko Batzordearen aginduzko txostena lortu behar da.
Eraiki dezaket lanabes-etxola bat nire lurzatian?
Natur baliabideen aisialdiko ustiapenarekin zerikusia duten tresnak eta makina txikiak gordetzeko instalazioek betekizun hauek konplitu beharko dituzte:
- T1 sailkatutako lurzoruak izatea (nekazaritzako eta abeltzaintzako intereseko eremuak eta landazabaleko eremuak)
- 3.000 m2-ko gutxieneko azalera duten lurzatietan egotea
- Lurzatiaren mugetatik eta bide publikotik 5 m-tik gorako distantziara egotea
- Etxola angeluzuzena izatea, 2,5 x 3,5 m
- Kontsultatu 4.4.5.38 artikulua
Instalazio horiek jartzeko, lizentzia lortzeko beharrezko dokumentazioari honako hauek gehitu beharko zaizkio: lurzatiaren planoa eta instalazioaren kokapen zehatza, eta instalazioaren beharrari buruzko justifikazio xehatua, idatzia eta grafikoa.
Zatitu daiteke eraikin bat etxebizitza berriak ateratzeko?
Plan Zuzentzaileak onartzen du erabilera duten etxebizitza-eraikinetan dauden etxebizitzen kopurua bikoiztea, hutsik geratu diren espazioak okupatuz, gehienez ere laura arte, betiere baldintza hauek betez gero:
- ez egotea antolamendutik kanpo,
- ez egotea errepideetatik hurbil edo ingurumen-interes bereziko lurzoruetan, eta
- ez izatea 1950. urtearen ondoren eraikiak.
- Kontsultatu 3.3.3.10 artikulua
Instalatu dezaket igerileku bat nire lurzatian?
Bai, baldin eta:
Etxebizitzetan:
- Lurraren sailkapena T1.PRT, T2.F1 edo T3 bada
- 1950a baino lehenagoko eraikina bada
- T3 lur-sailkapenak eraikin berri bat eraikitzeko aukera ematen badu
- Kontsultatu EKZPren 3.3.12 eta 4.4.5.34 artikuluak
Turismo-ostatuetan eta kanpinetan:
- Kontsultatu EKZPren 3.3.3.12 artikulua
Eraikina tokiz mugi daiteke?
Bai, baldin eta:
- Eraikina errepidearen eraikuntza-lerroan edo jabari publiko hidraulikoaren barruan badago
- Lurzati berean eraikitzen bada, aipatutako lerroetatik kanpo eta % 20tik beherako malda duen zona batean
- Eraikin berririk ezin da egin gune gainkategorian sartutako lurzoruetan
Eskalada egin nahi nuke, non eta noiz egin dezaket?
Bizkaiko Foru Aldundiak ezarriko ditu eskalada egiteko epeak eta lekuak, ekaitz-txori txikia eta harrapari harkaiztarrak ugaltzen diren tokiak eta garaiak errespetatuz.
Eskaladari dagokionez, honako arau orokor hauek ezartzen dira:
- Ezin izango da materialik bertan behera utzi —sokak, zintak, mosketoiak, koltxonetak, etab.—, ez eskalada-bideetan ez bulder-tokietan, segurtasun arrazoiak direnean izan ezik edo, expres-zinten kasuan, jartzen zailak diren bideetan izan ezik.
- Eskalada-bideak irekitzen, hornitzen eta berrornitzen direnean, soka finkoek ahalik eta denborarik laburrena egin beharko dute hormetan, eta lanak amaitzean kendu egingo dira.
- Ez da suntsituko hormetako landaredia, ezta bidearen oinekoa ere.
- Horman hegazti-habiarik aurkituz gero, ezingo da haren altuera gainditu, eta ahalik eta lasterren jaitsi beharko da, zaratarik egin gabe.
- Ez da ingurunea asaldatuko oihu edo edo zaratotsen bitartez.
- Ibilgailuak sarbide-eremuetan aparkatuko dira, bide-saretik joanda, eta ezingo da baso-pistetan zehar zirkulatu.
- Ez da pinturarik edo bestelako materialik erabiliko bideen kokapena markatzeko horma-oinean.
Urpekaritza egin nahi dut, non egin dezaket?
Kirol-urpekaritza eta urpekaritza profesionala baimenduta daude itsasadarraren eremu osoan (N1) eta itsasertzean (N2). Azken horren kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan urpekaritza profesionala arautzen duen 2004ko urriaren 13ko 201/2004 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da.
Nola ibili behar dut itsasadarrean nire ontziarekin?
- Itsasbazterraren eta Errekaetxe errekaren bokalearen (Axpe-Busturia) artean, gehienezko abiadura baimendua hiru (3) korapilokoa izango da.
- Errekaetxe errekaren bokaletik gorako zirkulazioa debekatuta dago irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean, biak barne. Salbuespena izango dira, baina, honakoak:
- Muruetako ontziolan eraikitako ontziak uretaratzen eta garraiatzen laguntzeko beharrezko ontziak.
- Ikerketa-lanetan aritzen diren ontziak. c) Larrialdietan nahitaez zirkulatu behar duten ontziak.
- Errekaetxe errekaren bokaletik gorako zirkulazioa baimenduta dagoen epeetan, eta aurreko atalean azaldutako salbuespen kasuetarako, itsasadarraren ibilguak osatutako marea azpiko eremuetan (N1.5) bakarrik zirkulatuko da, ezingo da kanal zaharretik zehar zirkulatu, Ozolloko errotatik gora, eta gehieneko abiadura bi (2) korapilokoa izango da. Beraz, guztiz debekatuta egongo da marearteko edo mareaz gaindiko zonetan zirkulatzea, zeinak lohiz osaturik baitaude —landarez hornituak edo gabe— eta padura-zonetan (N1.1), salbu eta ikerkuntzak direla-eta aparteko kasuetan.
- Kontsultatu EKZPren 4.4.2.15 artikulua
Bereiz dezaket nire lurzatia?
- Bai, baldin eta zatiketaren ondoriozko lurzatiak 7.500 m2-tik gorakoak badira, edo mugakide den bati lotu eta 7.500 m2-tik gorako lurzati berri bat osatzen bada.
- Bereizketak ez du inolako eraikin edo instalaziorik sorraraziko.
- Ez da lurzati-bereizketatzat hartuko lurzati-unitatea osa lezaketen beste batzuekin barruti osoa eratzen ez duten lurzati hartzaileak edo lotuak zatitzea.
- ‘Barruti osoa’ da bide publikoek edo trenbide-sareak, edo jabari publiko hidraulikoak jarraitutasuna eteten ez duen lur-unitate oro, betiere hura multzo unitario gisa har badaiteke. Halaber, ‘lurzati-unitatea’ da eraikuntzaren lurzati hartzaile batek edo batzuek osatutako multzoa, eta, hala badagokio, erregistroko unitate berean sartuta dauden eta titulu bakar bati jarraikiz jabe batenak edo «proindibiso» gisa jabe batzuenak diren beste lurzati lotu batzuk.
- Kontsultatu 3.5.1.1 artikulua eta hurrengoak.
Itxitura bat egin dezaket nire lurzatian?
- Bai, baldin eta gutxienez metro bateko tartea badago bideen edo bidezidorren ertzetik, eta itxitura horrek ezaugarri hauek baditu:
- Bertako harriz egindako horma lehorrez egina badago, edo kare edo zementuz egina azaleraren % 70ean, betiere paretaren gailurra 1,2 m-tik behera badago.
- Zurezko hesiak, hesolez eta arantzarik gabeko alanbrez hornituak, eta 1,8 m-tik beherako altuerakoak.
- Zurezko hesiak, zurezko ohol horizontalez osatuak; oholak 0,15 metro zabalerakoak, eta 0,3 metroan behin jarriak oholaren ardatzari dagokionez, eta 1,8 m-tik beherako altuerakoak.
- Landarezko itxitura biziak, bakarrik edo aurrekoekin konbinatuta; 1,8 m-tik beherako altuerakoak. Itxitura ez da, inola ere, espezie koniferoak erabiliz egingo.
- Kontsultatu 3.5.3.1 artikulua.