Ibilbide ederra da, eta balio handiko paisaiak ezagutu ditzakegu bertan, Omako eta Basondoko haranen inguruetan. Ibilbidearen lehen zatia eskuin hegalean barrena doa. Baso-eremua da, bete-betean, eta intsinis pinua da nagusi. Naturaren ikuspegitik paisaia ez da oso erakargarria, baina aurrekaririk gabeko altxorra gordetzen du bere hegaletako batean: Omako Baso berezia, aire zabaleko artearen harribitxi bat, eskualdean parekorik ez duena. Mihisea landa-giroan kokatu du artistak, pinudi batean, eta bertan marraztutako pintzelkadek ongi etorria egiten digute Agustin Ibarrolaren obra berezienetako batera. Poliki-poliki irudi deigarriak agertuko dira, eta bisitari gutxik lortuko dute jolas sorgindu horretatik ihes egitea.
Haranaren barrenean, ibilbideak iragan ez oso urrun batera eramango gaitu, baserriaren eta landazabal atlantikoaren izaera gorde diren heinean. Izan ere, zenbait baserri bikain ez ezik, Omak interes handiko elementu etnografiko ugari ere gorde ditu.
Oma errekak, zenbait burdinola eta erreken eragile denak, hemen egiten ditu azken metroak, Ereñozar mendigunearen karstean barneratu baino lehen. Bolunzuloko 2 errota txikiren hondarrak hortxe gorde dira, gune liluragarri horretan.
Baserriak, ermitak, eskola zaharrak karobiak eta beste hainbat gauza aurkituko ditugu paisaia karstiko horren larreetan barrena, eta Ereñozar mendiko gailur-lerroan artadi kantauriarra dugu ikusgai, interes handiko ekosistema.
Oharrak
Ez dago iragarki aktiborik
