Paisaiaren, naturaren eta kulturaren ikuspegietatik interes eta balio handia duten hainbat elementu kontzentratu dira bidezidor honetan, eta esan beharra dago hori gutxitan ikusten dela hain eremu mugatu batean.
Golako ibaiaren bidezidorrak balio handiko hainbat baliabide gordetzen ditu, besteak beste Zarra hariztia, Golakoren urak eta erriberako basoa, Zarratik Elexalde-Arratzura doan galtzada, Artzubiko zubia, Montolan dorretxea, San Pedro ermita, Santo Tomas eliza eta Olazarrako burdinola.
2 kiribil txikiz osatuta dago bidea. Guk gomendatzen dizuegu lehenik Elexalderen eta Zarraren arteko bidea egitea, Artzubiko zubia zeharkatuz eta harizti ederrean barneratuz Zarrarantz jarraitzzen duena Laprastegiko galtizadan barrena. Zarratik abiatuta, bidezidorra Arratzuko Santo Tomasera egiten du atzera, Donejakue Bidearen Kostaldeko ¡bilbideari jarraikiz. Ez galdu Montolan dorre bereziak (XVI. mendea) eskaintzen dituen bistak.
Golako ibaiaren ertzetan barrena doa beste kiribila, Olazarrako burdinola zaharraren eta haren presaren ondotik. Dirudienez, burdinola XVII. menderako zebilen lanean, eta bertako mineralaz gain burdina inportatu ere egiten zuen, Somorrostrotik. Errota eta burdinola ugarien eragile izan zen Golako ibaia.
Elexaldera itzulita, atsedenalditxo bat egin dezakegu arte zahar batzuen itzalean, Santo Tomas elizaren parean, Arratzuko haraneko begiratoki apartan.
Oharrak
Ez dago iragarki aktiborik
