Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuak aurrera eramandako azken ekintzak aurkeztu ditu urteko lehenengo osoko bilkuran

  • Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatua gaur, otsailak 22, bildu da, Madariaga dorrean duen egoitzan. Bileran, garapen jasangarria sustatzeko eta ingurumena babesteko lurraldean aurrera eraman diren ekintzak aurkeztu dira. 
  • Hauek izan dira bilerako eztabaidagai nagusiak: Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP), Urdaibaiko bisore turistikoaren garapena, Urdaibaiko Ekoetxeko autobus-geltokian markesina berria egitea eta panpa-belarra edo mustuka landare inbaditzailea desagerrarazteko proiektua. 
  • Urdaibain eskumenak dituzten eta Patronatuko kide diren administrazioek hartu dute parte osoko bilkuran, Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea buru zela.

 

Gaur, 2022ko otsailak 22, egin da Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuaren urteko lehen osoko bilkura Busturiako Madariaga dorrean. Bileran, garapen jasangarrirako funtsezkoak diren gaietan 2021ean egindako aurrerapausoak eta energia berriztagarriekin, turismoarekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako proiektuak aurkeztu dira. Halaber, lurraldearen ingurumen-kontserbaziorako eta espezie inbaditzaileen kontrolerako proiektua eman dute ezagutzera. 

Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasunerako sailburuorde eta Patronatuko presidenteak 2021eko ekintzarik azpimarragarrienak azaldu ditu. 

Lehenik eta behin, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean (EKZP) egindako aldaketak aurkeztu dira; besteak beste, EKZP energia berriztagarriei buruzko araudi berrira egokitzeko prozesua. Aldaketa horren bidez, energia berriztagarriko instalazioak bultzatu nahi dira, Urdaibaiko biztanleek energia garbiaren autokontsumoa egin dezaten, banaka nahiz energia-komunitateen bitartez. 

Bigarrenik, “Urdaibaiko bisore turistikoa” aurkeztu da: eskualdeko bisitariei zuzenduta dagoen eta urte osoan zehar turismo jasangarriko eskaintzarekin lotutako kalitatezko esperientziak eskaintzen dituen online tresna. Lurraldeko Turismo Jasangarrirako Estrategiaren barruan txertatutako ekintza da, eta, hain zuzen, Turismo Jasangarriko Europako Gutunaren plan estrategikoan jasotako ekintzetako bat betez eraman da aurrera. 

Hirugarrenik, mugikortasun jasangarriagoa sustatu eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Urdaibaiko Ekoetxearen egoitzako autobus-geltokian (Busturiako 

San Bartolome auzoa) markesina berria jarriko dutela jakinarazi dute. Ingurumen-hezkuntzarako zentroaren kanpoaldea birmoldatu, eta inguruneko natura eta biodibertsitatea ezagutzeko paisaia pedagogiko bihurtzeko lanen barruan egingo da markesina hori. Markesina eraikitzeko, jasangarritasun irizpideak aplikatuko dira. Hala, bertako pinu-zurarekin eraikiko dute. 

Azkenik, landare inbaditzaile aloktonoen aurkako estrategiaren barruan, Okaren goi-estuarioan dagoen Cortaderia Selloana landare aloktono inbaditzailea desagerrarazteko proposamena aurkeztu dute. Hala, naturan oinarritutako ekintzak diseinatu eta martxan jarri dira: kaltetutako eremuetan dauden landare inbaditzaileak moztu eta sustraitik ateratzea eta eremuan beste landare bat landatzea. 

 

Urdaibaiko Patronatua, Biosfera Erreserbako partaidetza-organoa  

Urdaibain eskumenak dituzten hainbat administrazioren ordezkariek eta interes ekonomiko, sozial eta ingurumen-intereseko erakunde eta elkarteek osatzen dute Patronatua. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea buru dela, administrazio hauetako ordezkariek hartu dute parte osoko bilkuran: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, udalak, Estatuko Administrazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, UNESCOren “Gizakia eta Biosfera” programa, Urdaibaiko elkarte ekologista eta kontserbazionistak eta nekazaritza eta basogintzako sektoreko elkarteak eta Biosfera Erreserbako Lankidetza Kontseiluko presidentea. 

 

Urdaibai, Euskadiko Biosfera Erreserba 

UNESCOk 1984an izendatu zuen Urdaibai Biosfera Erreserba, Eusko Jaurlaritzak eskatu ondoren, Urdaibairen ingurumen-balio handia kontserbatzearen eta jasangarritasunaren aldeko erreferentziazko lurralde bihurtzeko mugimendu sozial indartsu batek bultzaturik. Oka ibaia eta bere padurak dira Urdaibairen erdigunea, eta ingurumen-balio handiko paisaia osatzen dute. Matxitxakotik Arboliz muturreraino eta hegoaldetik Oiz-eraino hedatzen den 22.000 hektareako lurralde horretan, 45.000 biztanle inguru bizi dira, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natura-ondarez betetako 22 udalerritan banatuta.

 

Busturia, 2022ko otsailak 22