- Web proiektuaren bidez, erreserbaren kontserbazioak duen garrantzia azpimarratu nahi du Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak. Horretarako, Urdaibaiko natura- eta kultura-ondarea ezagutzera ematea du helburu, kontuan izanik erreserbak eskualdeko nortasunaren eta garapen ekonomikoaren ikuspegitik duen balioa.
- Webgune berrian, herritarren eskura jartzen dira erreserbaren sorrerako testuingurua eta orduz geroztik egindako plan estrategikoak. Halaber, eskualdeko kulturari, naturari, turismoari eta gaurkotasunari buruzko informazioa eskaintzen da, labur.
Abian da Urdaibai Biosfera Erreserbari buruzko webgune berria; herritarrek bere sentitzen duten erreserba bat, gertuko natura-ingurune bat, ezagutzera ematea helburu duen webgunea. Web proiektuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren mendeko den Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak Urdaibaiko natura- eta kultura-ondarearen balioa azpimarratu nahi du, eskualdeko herritarren nortasun-ikur gisa duen garrantziaren ikuspegitik.
Hain zuzen, Urdaibai Biosfera Erreserbaren natura- eta kultura-ondarea mantentzeko erantzukizun partekatuaren garrantziari buruz eskualdeko biztanleak, tokiko eragileak eta bisitariak kontzientziatzeko Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak duen estrategiaren barruko ekintza bat da webgune berriaren sorrera. Hala, erantzukizun partekatu horren bidez, ingurumena errespetatzen duten jarduera ekonomiko jasangarriak bultzatu nahi dira. Izan ere, Zerbitzuaren ustez, jarduera ekonomiko jasangarriak sustatzea funtsezkoa da Urdaibaiko ingurunea kontserbatzeko, eta horrek herritar guztien lankidetza eskatzen du.
Eskualdeko biztanleak, tokiko eragileak eta bisitariak Urdaibairen etorkizun jasangarriaren alde lan egitera bultzatu nahian, erreserbaren sorrerako testuingurua eta nazioarteko balioa azaltzen dira webgune berrian. Hala, 1984an UNESCOk Man & Biosphere (MaB) programaren barruan Urdaibai biosfera-erreserba izendatu zuenetik izandako mugarri historikoen laburpena eskaintzen da. Era berean, erreserbaren kudeatzaileen funtzioak (Patronatua eta UBEZ) zehazten dira sakon, UNESCOren MaB programan oinarrituta, eta erreserbaren kontserbazioa, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa helburu izanik. Halaber, erraz ulertzeko moduan azaltzen da erreserbaren barne-zonifikazioa, eremu bakoitzean ezar daitezkeen babes-neurriak eta egin daitezkeen jarduerak herritarrei jakinarazteko asmoz.
Bestalde, garapen jasangarria dela-eta zehazturiko helburuak betetzeko egindako plan estrategikoei buruzko atal bat du webguneak; besteak beste, hauek: EKZP (Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana), IGHP (Urdaibai Biosfera Erreserbaren garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Plana) eta JSEGE (Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapenerako eta Garapenerako Plana).
Erreserben balioa ikusgai jartzeko eta garapen jasangarriarekin loturiko praktikak bultzatzeko, #BiosferaNaiz izeneko atala du webguneak. Atal horretan, munduko beste biosfera-erreserba batzuetan aurrera eramaten ari diren proiektuak eta ekimenak azaltzen dira.
Eskualdeari buruzko informazio praktikoa jasotzen duen “Herritarrak” atala ere gaineratu da. Hainbat gai interesgarriri buruzko informazioa biltzen du: hezkuntza, izapideak, mapak, udalerriak, garapen jasangarriko helburuak eta klima alorreko jardunbide egokiak.
Bereziki nabarmentzekoa da erreserba eta bere balio naturala (biodibertsitatea, paisaiak eta edertasun natural bereziko lekuak) eta kultura (ondare historikoa) sakonki ezagutzeko txokoa. Horrez gain, Urdaibaik helmuga turistiko jasangarri gisa duen erakargarritasuna erakusteko eta bertako biztanleek beren eskualdea ondo ezagutu ahal izateko atal bat ere badu (bidezidorrak, museoak, gastronomia… ).
Azkenik, berrien atalean, erakunde ofizialei eta herritarrei informazioa eskaintzen zaie erreserbarekin lotutako ekintzei, ekitaldiei eta hitzarmen ofizialei buruz eta, halaber, mugikortasunarekin, turismo jasangarriarekin, ingurumen-hezkuntzarekin, enpresekin eta abarrekin lotutako azken berrikuntzei buruz.
Laburbilduz, web-proiektua osatzen duten atal guztien bidez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbari ikusgarritasuna ematea eta erreserba herritarrengana hurbiltzea da helburua, Urdaibairen balio naturala eta kulturala erakusten duen informazioa emanez eta ondare hori ingurumena errespetatzen duten jardueren bidez kontserbatzearen garrantzia azpimarratuz.
Busturia, 2021eko martxoak 10