Ereñoko Ereñozar mendia Okaren itsasadarretik ikus daiteke, eta bertatik estuario osoaren gaineko ikuspegi panoramiko bikaina dago, bokalera arte; Gernika-Lumo, Busturia, Kortezubi eta Muruetako teila-fabrika ere ikusten dira. 447 metro garai da, eta Urdaibain hain berezkoa den artadiaz inguratuta dago. Behealdean Santimamiñeko koba ospetsua dago.
Gaur egun gailurrean dagoen ermita, X. mendean eraikia eta San Migeli eskainia, Ereñoko elizateko parrokia izan zen 1660. urtera arte, orduan gaur egungoa eraiki baitzuten, Elexalden. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako begiratoki natural honek, baina, ikuspegi paregabea ez ezik, historiaren gertakari bat ere gordetzen du.
Alfontso XI. Gaztelako erregearen kronikek diotenez, leku honetan gotorleku zahar bat zegoen, eta Bizkaiko zenbait jaun, Juan Nuñez Larakoa jauna buru zutela, Ereñoko San Migel gazteluan babestu ziren, erregeari aurre egiteko, 1334. urtean.

Espero zitekeen bezala, hainbesteko karga historikoa duen leku batek bere kondairak ere baditu. Esaten da teilatutik hilobira erortzen den urak azaleko gaixotasunak sendatzeko ahalmena duela. Beraz, ohiturak agintzen du eskuak eta aurpegia ur horrekin garbitzea eta ermitari hiru buelta ematea, lehortu aurretik. Halaber, mundu guztiak baseliza hori bizialdian behin bisitatu behar omen du; bestela, hala egiten ez dutenek, hil ondoren bisitatzen omen dute, gauez, baselizaren inguruan haize-bolada ikaragarriak sortuz.
Bada, Ereñozarreko ikuspegiak oraindik ezagutzen ez badituzue, aukera ona duzue udan ohitura hori betetzeko eta ilunsenti eder batez gozatzeko.
Nola iritsi:
Ermitara hurbiltzeko, Gernika-Lekeitio BI-638 eskualdeko errepidea hartu behar da, eta gero, Ereñon, auzo-errepide asfaltatu bat, udaletxearen atzealdetik abiatzen dena eta Ereñozar mendiaren ipar-ekialdetik gailurreraino doana. Autoa beren beregi dagoen aparkaleku txiki batean utz daiteke, eta azken zatia oinez egin behar da, bide piko eta harritsu batetik.