Urdaibai Biosfera Erreserbak fauna-espezie ugari ditu. Biodibertsitate handi horrek Urdaibaiko lurraldea Biosfera Erreserba izendatzea eragin duen ezaugarrietako bat da.
Hegaztiak
Urdaibai Kantauriko kostaldeko eremu garrantzitsuenetako bat da, espezie migratzaileei eta itsas espezieei dagokienez, eta EAEn dauden espezie babestu gehienak Urdaibaiko lurraldean daude. Zehazki, hemen igarotzen dute negualdia Europa erdialdeko eta iparraldeko hegazti migratzaile askok.
Hegazti gehienek nekazaritzako landazabalak edo landazabal atlantikoak aukeratzen dituzte, haietan baitago Urdaibaiko lurraldean negua igaro eta habia egiten duten hegaztien dentsitate eta dibertsitate mailarik altuena. Hori gertatzen da, batetik, landazabala gertu dagoelako estuarioko paduretatik eta itsasertzetik; bestetik, itsasertzeko fronteak itsas ekaitzen aurrean babesten dituelako, eta, azkenik, baso-landaketek (pinudiak eta eukalipto-sailek) elikagai gutxi eskaintzen dizkietelako.
Hegaztien populazio hori bi talde handitan sailka daiteke: Europako iparraldetik datozenak —lehen aipatu ditugun horiek— eta Europako hegoaldetik eta Afrikatik datozenak. Bi hegazti-komunitate horiek urtaroen arabera azter daitezke:
- Udazkenean eta neguan, Urdaibain Europako iparraldetik datozen hegaztiak agertzen dira, bai elikagai bila, bai klima ez hain muturreko baten bila. Nabarmentzekoak dira mokozabalen, koartza hauskaren, arrano arrantzaleen, kurlinta bekaindunen edo txirritxo handien komunitateak.
- Udaberrian eta udan, Europako hegoaldean eta Afrikan atseden hartu duten eta Europako iparraldera itzultzen diren hegazti-taldeak agertzen dira. Hegazti hauek landazabal atlantikoan eta lezkadietan jartzen dute habia. Garai honetan, antzandobi arruntak, zuhaitz-belatzak, arrano sugezaleak, miruak, lepitzuliak eta lezkariak ikus daitezke.
Mokozabalak aipamen berezia merezi du. Biosfera Erreserban dauden fauna-espezie ugarietako bat da, baina konpromiso handia dugu, maila desberdinetan, haren kontserbazioa bermatzeko. Izan ere, egiaztatu da Europa mendebaldeko populazioaren ehuneko handi bat erregulartasunez agertzen dela Urdaibaiko itsasadarrean eztei ondoko migrazioan. Hori dela eta, mokozabalen eztei ondoko migrazio horren jarraipen intentsiboak hasi ziren 1996an, haren migrazio-fenologia, espazioaren erabilera eta kontserbazio-arazoak kuantifikatzeko eta ezagutzeko.
Urdaibai Biosfera Erreserbak Europako mokozabal-populazioaren migrazio-ibilbideetan atseden hartzeko eta elikatzeko eremu gisa duen garrantzia kontuan hartuta, RAMSAR «Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneei buruzko Konbentzioan» sartu zen, bereziki uretako hegaztien habitat gisa.
Ugaztunak
Hobekien kontserbatuta dauden Urdaibaiko habitatetan ugaztun handien komunitateak daude. Urdaibain dauden ugaztun espezie nagusien artean haragijale komunitateak nabarmentzen dira, hala nola azeria, lepazuria, erbinudea, katajineta eta basakatua. Espezie horietako batzuk babestuta daude, esaterako bisoi europarra eta muxar grisa —espezie kalteberak—, edo ipurtatsa eta basakatua —interes bereziko espezieak—.
Mikrougaztunen artean bereiz daitezke, alde batetik, intsektujaleak (satorra, satitsua —arrunta, baratzekoa, Millet satitsua eta satitsu txikia— eta ur-satitsuak —hankazuria eta Cabrerakoa—), eta, bestetik, karraskariak (lursaguak —gorria, mediterraneoa, piriniotarra, lusitaniarra eta landakoa—, arratoiak —uretakoa, beltza eta arrunta—, saguak —basasagua, etxe-sagua eta uzta-sagua— eta muxar grisa).
Anfibioak eta narrastiak
Urdaibaiko lurraldean, anfibioen komunitateak nabarmentzen dira, hala nola baso-igel gorria (Rana temporaria) eta baso-igel iberiarra (Rana ibérica), biak legez babestuta. Bestalde, Urdaibain igel arruntaren populazioa ez da oso ugaria, eta, beraz, babestea komeni da.
Narrastiak ez daude hain mehatxatuta. Urdaibain ikus daitezke: mendebaldeko musker berdea (Lacerta bilineata), Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi), sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara) edo zirauna (Anguis fragilis).