Eraiki ezazu Urdaibairen etorkizuna Biosfera Erreserbaren webgune berriaren bidez

  • Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren webgune berria sortu da; inguratzen gaituen historia, kultura, paisaia eta biodibertsitatea maite dutenen bilgune izateko asmoa duen webgunea.  
  • Erreserbaren Patronatuko kideok Urdaibaiko Biosfera Erreserbari buruzko informazio guztia eta naturarekin bat eginik bizitzeko aukera ematen diguten ekintzak partekatu nahi ditugu. 
  • Talde-lana ezinbestekoa da biodibertsitatea mantentzeko, gure ondarea eta kultur adierazpenak zaintzeko eta garapen jasangarria bultzatzeko, eta, hala, etorkizuneko Urdaibai eraikitzeko. 

Gizakiak 14.000 urtetik gora daramatza Urdaibain eta gure historiaren lekuko diren txoko ederretan bizitzen: estuarioa, hondartzak, mendi-gailurrak, eraikin enblematikoak, aztarnategi arkeologikoak, herriak. Natur eta kultur ingurune horrek zizelkatzen du gure nortasuna, eta, hori horrela izanik, uste dugu asko egin dezakegula bere etorkizunagatik. 

Webgune berrian, Biosfera Erreserba definitzen eta berezi egiten duen guztia biltzen da: ondare naturala (paisaia, natura, basoak, ibaiak, estuarioa, kosta… ), kulturala (gure historia, euskara, tradizioak… ) eta ingurune horretako biztanleen bizi-kalitatea. Jendea animatu nahi dugu Urdaibairen iraganean eta orainaldian barrena ibilbide bat egin, eta gure historiako mugarriak eta gure biodibertsitate izugarria ezagutzera. Izan ere, Urdaibai zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta balio handiagoa emango diogu, eta gehiago ohartu gara ingurune hori zaintzeak duen garrantziaz. 

Sare sozialetan, #UrdaibaiNaiz komunitateko kide egin daitezen gonbidatzen ditugu Urdaibaiko biztanleak eta bisitan etortzen direnak. Erreserbaren oraina zainduz etorkizuneko Urdaibai eraiki nahi baduzu, ez izan zalantzarik, eta erabili hashtaga zure argitalpenetan! Izan ere, talde-lana ezinbestekoa da biodibertsitatea mantentzeko, gure ondarea eta kultur adierazpenak zaintzeko eta garapen jasangarria bultzatzeko.

Halaber, Urdaibairi buruzko berririk galdu nahi ez baduzu, jarraipena egin diezaiekezu Facebook, Instagram eta Twitter-en ditugun profilei. Berriak atalean argitaratuko dugu erakunde ofizialek eta Biosfera Erreserbako biztanleek aurrera eramaten dituzten ekintza, ekitaldi, hitzarmen eta abarrei buruzko informazio guztia. 

 

Busturia, 2021eko martxoak 17