Izaro

Izaro

Izaro uharteak (Urdaibai Biosfera Erreserbako handiena), bere lau hektareako azalera txikian, ikusmira aparta izateaz gainera, informazio ugari eta askotarikoa eskaintzen digu, bai kultura aldetik, bai natura aldetik.

Naturaren eremuan, geologiarekin hasi eta ia oharkabean egingo dugu kulturaranzko igarobidea, zaila dela dirudien arren.

Uhartea osatzen duten materialak flysch motako sedimentuak dira, duela 100 milioi bat urte Behe Kretazeoan sortutako Flysch Beltzaren taldekoak. Hemen duzue gai horri buruzko informazio teknikoagoa, 51. IGL “Izaro uhartea” izenekoan. 

Gaur egun Izaro kostaldetik bereizitako uharte gisa ezagutzen dugun arren, itsaso zabaleko gorabeheren kontrako babesle gisa, ez da beti izan kostaldetik urrun dagoen lur-zati bakarti bat. Garai batean, bai Izaro, bai Hotzarriko edo Potorroharriko harkaitzak kontinenteari lotuta egon ziren, eta gaur egun Antzorako lurmuturra den horren parte ziren. Haren bakartzea itsasoaren higadurari zor zaio, denbora luzez kostaldea apurka-apurka karrakatuz joan baita, uhartetxoa kontinentetik bereizi arte. Orduan, geologikoki, Izaro, Urdaibaiko zein udalerrirena da? Hain zuzen ere, Ibarrangelurena.

Eta horrek Urdaibaiko kostaldeko jai esanguratsuenetako batera garamatza: Madalenak.

Kondairazko uharte bat

Gaur egun —eta kondairak dioenez, 1719. urtetik—, Izaro Bermeoren jurisdikziopean dago. Jabetza hori berresten da urtero, uztailaren 22an, uhartearen ondoan teila bat itsasora botaz, itsas prozesio baten ondoren. Horren bitartez, Bermeok uharteaz duen jabetza eta nagusigoa irudikatzen da.

Egun hori jai-eguna da Urdaibairentzat eta, batez ere, Bermeorentzat, Mundakarentzat eta Ibarrangelurentzat (1854. urtera arte, Elantxobe azken horren mugapean egon zen). Herritarrak mahoi urdinez janzten dira, herri horien arteko gatazka konpontzeko 1719an jokatu zuten estropada oroitzeko, denek alegatzen baitzuten uhartearekiko hurbiltasuna eta, ondorioz, jabetza. Bizkaiko jaunak berak proposatu omen zuen gatazkari irtenbidea ematea estropada ospetsu horren bidez. Dirudienez, Ibarrangeluk atzera egin zuen, eta Elantxobe jarri zuten epaile, ikusteko bi udalerrietako zeinek erakusten zuen lehendabizi koloretako oihala, garaipena adierazteko.

Baina, nola ez, soluzioa ez zen denen gogokoa izan. Bertsio bat baino gehiago dago estropadaren emaitzaz, eta denetan Bermeo da atarramentu okerrena duena. Horietako batek dioenez, estropadan zehar Bermeoko arraunlarietako bat hil egin zen eta, galera horren ordainetan-edo, epaileek —hau da, elantxobetarrek—, uhartearen jabetza Bermeori ematea erabaki zuten. Mundakan entzuten baduzue elantxobetarrak makuesak direla, jakizue ezizena pasadizo horretatik datorrela, epaile txarrak («mal-juez») izan zirelakoan.  Beste bertsio batzuek diote bermeotarrek, tranpa eginez, goizago joarazi ziotela kukurruku oilarrari, abantailarekin abiatzeko, edota aurreko gauean mundakarrak mozkortu zituztela.

Nolanahi ere, elezahar bitxi hori —XIX. mendean sortutakoa behar du, seguru asko— kontakizun polit bat besterik ez da, Bermeoko mugak gogorarazten dituen zenbait mendetako tradizioa edertzen duena. Ekitaldi hori Gaztelugatxeko Donianen ere ospatzen da, abuztuaren 28an, hain ezaguna ez bada ere.

Benetako ipuinak

Uharte ospetsu honek, ordea, benetako gertaera historikoak gordetzen ditu, askotan fikziozko kondairak baino harrigarriagoak direnak, hala nola frantziskotarren komentua, ia 300 urtez bizirik egon zena. 1422an, lau fraidek komentu bat egiteko leku ezin hobea ikusi zuten Izaron, eta hala egin zuten. Hainbeste zabaldu zen haien fama, non pertsona entzutetsuen bisitak ere jaso baitzituzten, besteak beste Enrique IV.a Erregearena 1457an, Fernando Katolikoarena 1476an eta Isabel Erregina Katolikoarena 1483an. Azken horrek harlanduzko 265 koskako mailadia eraikitzeko agindu zuen, komenturako sarbidea erosoagoa izan zedin.

Bisita abegitsu horietatik landa, kronikek diote frantziskotarrek hain atsegina izan ez zen beste bisita bat jaso zutela 1596an. Frantziako kortsario higanoten 14 itsasontzi agertu ziren Bermeoren parean, baina hiribilduari eraso egin ezin ziotenez, ontzietako batek uhartea arpilatzeari ekin zion.   

Bitartean, Mendatatik, ikusirik piratak Bermeorantz eta Mundakarantz zihoazela, Gonzalo Ibañez Ugartekoa markinarrak laurehun gizon bildu zituen, eta erasoturiko hiribildura eta elizaterantz abiatu zen, inbaditzaileak ihes egitera behartuz. Etsaien ontzietako bat —uhartea arpilatzen ari zena, hain zuzen— Lamiarango ermitaren azpian desagertu zen, misterio handiz.

1719ko abuztuaren 17an, uhartean 300 urte inguru igaro ondoren, fraide-komunitatea Foruko elizatera aldatu zen, itsasoaren arriskuak ahazteko eta ekaitzen ondorioz asteak eta asteak bakartuta pasa beharrik ez izateko.

Komentua eraitsi, eta Santa Maria Magdalenari omenezko ermita bat altxatu zuten, gaur egun horma erori batzuk baino gordetzen ez dituena. Gerra napoleonikoetan, 1813an, munizio- eta hornigai-biltegi gisa erabili zuten uhartea, bai eta presoen gabarra gisa ere, eta bastioi gisa ere gotortu zuten. Izarok duen beste bitxikeria bat da XIX. mendean artzain batzuek uharteko larreak erabiltzen zituztela artaldeak bazkatzeko.

Gaur egun, gizakiaren joan-etorrietatik urrun, Izaro kaioen paradisua da; bertan umatzen dira, halaber, ekaitz-txori txikia eta koartzatxo arrunta.

Sarbidea debekatua dago, Bermeoko udalaren baimenarekin ez bada.