Kanalape

Kanalape

Kanalape da hondartza honen izen ezagunena, izenak dioen moduan Kanala auzunearen behealdean baitago. Hala ere, auzotarrei galdetzen badiezue, hondartzaren izena Solabe dela esango dizuete. Maitasunaren hondartza  ere esaten diote batzuek, hondartza urrun eta ezin egokiagoa baita intimitatea bilatzen duten maitaleentzat.

Hau, San Antoniokoa bezala, benetako hondartza ez den hondartza bat da. Hasiera batean, marearteko lautada lohitsua zen (urez estalia itsasgoran, eta estali gabea itsasbeheran), baina 1994, 1995 eta 1996an itsasadarrean egindako dragatzeek harea marearteko lautada horretan bota zuten, eta, horrela, gaur egun gozatzen dugun hareatza sortu zen. Oso sarri bazabiltzate, hango lasaitasunak erakarrita edo, konturatuko zineten Kanalapen dunak daudela! Halaxe da; naturak harea bereganatu du pixkanaka, eta duna-landareak bertakotzea lortu du.

Itsasbeheran, ibilaldi lasai-lasai horietako batean hondartzaren iparralderantz joaten bagara, Laida aldera begira dagoen horretara, ikusiko dugu harkaitz urdinxka batzuk daudela. Kareharrizko arrokak dira, eta bertan Kretazeoko moluskuen arrastoa aurki daiteke, hala nola amonite izeneko fosilenak. Denoi burura etortzen zaigun fosilaren forma tipikoa dute; barraskilo kiribilarena. Gure ondare geologikoaz ari garela, interesgarria da aipatzea Kanalape dela Jurasiko garaiko Bizkaiko eremu bakarra.