Urtarrila erronkaz beteriko hilabetea dugu diziplina ezberdinetan denontzat, baita ekologiarentzat ere, “ekosistemen biologia” izenarekin ezaguna duguna. Organismoen eta haien giroaren arteko elkarreraginak ezinbestekoak dira ekosistemen funtzionamendu eta garapen egokirako, bai eta haien banaketa eta ugaritasunerako ere.
Baina ekosistema horietan bizi diren komunitateak gero eta mehatxatuago daude. Izan ere, ekosistema horiek mehatxu ugari sufritzen dituzte, hala nola, berotze global eta etengabea, planetak jasaten duen kutsadura neurrigabea edota gaur egun ditugun prdukzio eta kontsumo politika masiboak. Horregatik, fauna eta flora-espezie asko desagertu egin dira azken hamarkadotan, eta espezie horietako beste asko galtzeko arrisku larrian daude gaur egun.
Ingurumen-hezkuntza, etengabeko prozesua
Ingurumen-hezkuntzak munduko herrialdeen arteko harreman ekologikoak hobetzea du erronkatzat, gizakiak naturarekin dituen harremanez gainera. Guzti honen barnean ingurumen-hezkuntzak ingurune natural eta artifizial osoa eta hainbat ingurune hartzen ditu aintzat: ekologikoa, politikoa, ekonomikoa, teknologikoa, soziala, legegilea, kulturala eta estetikoa, besteak beste. Hezkuntza hori etengabeko prozesu iraunkorra dugu, bai eskolan, baita eskolatik kanpo ere.
Ingurumen-hezkuntza derrigorrezkoa da planetaren iraunkortasunerako. Horretarako, ezinbestekoak dira hezkuntza, komunikazio eta partaidetzako ekintzak eta prozesuak, herritarrengan ikaskuntza, hausnarketa, jarrera eta gaitasunak garatzera bideratuak, klima eta ingurumen-larrialdiari kontra egiteko, alegia. Halaber, gaur egungo gizarte eta ingurumen-erronka konplexuen multzoa, eta apurka apruka trantsizio ekologiko justu baterantz aurrera egitea.
Testuinguru horretan, duela 48 urtetik urtetik hona urtero, urtarrilaren 26an, Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. 1975ean Belgraden, egungo Serbian eta Jugoslavia ohian, Ingurumen Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Mintegia burutu zuten. Foro horretan Ingurumen Hezkuntzaren printzipioak zehaztu ziren, Belgradeko Gutunean biltzen direlarik, ingurumen-hezkuntzarako esparru orokorra, hain zuzen ere.
C02 emisiorik gabeko planeta batengatik
Bestalde, urtarrilaren 28an CO2 Emisioak Murrizteko Munduko Eguna ospatzen da. Egun seinalatu honek klima aldaketari buruzko nazioarteko kontzientzia sortzea du helburutzat, lurrari neurriz kanpo eragiten baitio. Atmosferara berotegi-efektuko gasak gutxitzeari buruzko ikuspegia ematen du bereziki.
Egun horren bitartez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ingurumenaren zaintzaren aldeko erabakiak hartu nahi ditu, garapena sustatu eta gas-isuriak murrizteko politikak lehenbailehen ezartzeko ahaleginean.
Besteak beste, energia-iturri berriztagarrien (energia berdea) erabilera hobetzea, erregai garbiagoetara igarotzea, errekuntza-prozesuen eraginkortasuna eta gero eta globalizatuagoa den gizarte baten kontsumo-joerak aldatzea bilatzen da. Kontsumismoak eta industrializazioak arazoa larriagotzen dute. Horregatik, garrantzitsua da gure planetako biztanleak klima-aldaketaz eta horrek ingurumenean eragiten dituen eragin negatiboez sentsibilizatzea.