Urdaibai Biosfera Erreserbak ibilgailu elektrikoen errekarga-puntu bat ezarri berri du Ekoetxea Urdaibaiaren aparkalekuan

  • Urdaibai Biosfera Erreserbako karga publikoko lehenengo puntua eguneko 24 orduetan erabili ahal izango da, eta bi auto birkargatu ahal izango dira aldi berean.
  • Iberdrola konpainiak hornitutako energia % 100 berdearekin kargatu ahal izango dituzte erabiltzaileek beren ibilgailuen bateriak.
  • Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak sustatutako neurriaren bitartez, pauso bat eman nahi izan da Europako Batasunak trantsizio energetikoa aurrera eramateko hartutako konpromisoa betetzeko.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak ibilgailu elektrikoentzako karga publikoko lehenengo puntua ezarri du Urdaibai Biosfera Erreserban, Ekoetxea Urdaibairen aparkalekuan. Iberdrolaren azpiegitura 2×22 kW-koa da, erabilera librekoa eta ibilgailu elektrikoen erabiltzaile ororen esku egongo da eguneko 24 orduetan. Bi auto birkargatu ahal izango dira aldi berean, 3 ordu inguruan.

Energia-iturri garbietatik sortuak diren eta jatorri berriztagarriaren ziurtagiriak dituzten energia % 100 berdearekin birkargatuko ahal izango dira ibilgailuen bateriak. Birkarga-puntu berria Iberdrolaren birkarga publikoko app-ean egongo da. App horretan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko leku guztien informazioa jasotzen da (Iberdrolarenak nahiz beste operadore batzuenak). App-aren bitartez, kargagailua geolokalizatzen da, denbora errealean duen erabilgarritasuna egiaztatzen da, eta, erabilgarri badago, mugikorretik erreserbatu eta ordaindu daiteke.

Urdaibai mugikortasun jasangarrirantz

Neurri honen bitartez, pauso bat eman nahi izan da Europako Batasunak “Energia garbia europar guztientzako” arau-multzoak zehazturiko helburuak lortzeko bidean. Europa mailako araudi horren bidez, 2015eko gailurrean energia-eredu jasangarriago baterantz hartutako konpromisoak betetzeko bide-orria definitzen da. Urdaibaik erronka ezarri dio bere buruari kalitatezko mugikortasun-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko, eta, aldi berean, eskualdearen garapen sozioekonomikoari lagundu, ingurumenaren kalitatea hobetu eta Urdaibai Euskadin eta Europan integra dadin bultzatzeko.

Iberdrola, mugikortasun elektrikoa eta energia berdearen berreskurapena

Iberdrolak garraioaren elektrifikazioaren alde egiten jarraitzen du, ekonomia deskarbonizatu baterantz trantsizioa egiteko estrategiaren barruan, COVID osteko munduan emisioak eta poluzioak murrizteko eta energia berdea berreskuratzeko helburuarekin.

Konpainiak mugikortasun jasangarrirako plan bat jarri du martxan. Horretarako, 150 milioi euroko inbertsioa egin du, eta horren bidez, ibilgailu elektrikoentzako birkarga-puntu gehiago jarriko ditu datozen urteetan. Hala, 150.000 birkarga-puntu inguru instalatzeko asmoa dago etxebizitza, enpresa, kale, hiri eta autobide nagusietan. Efizientzia handiko hainbat errekarga-gune jarriko dira martxan: estazio ultra azkarrak (350 kW) 200 kilometroan behin, oso azkarrak (150 kW) 100 kilometroan behin eta azkarrak (50 kW) 50 kilometroan behin.

Iberdrola kontziente da beharrezkoa dela Espainian elektromugikortasuna bultzatzea, inplikatutako eragile nagusiekin elkarlan koordinatua eta eraginkorra izanez. Hala, azpiegiturak zabaltzeko 50 hitzarmen baino gehiago sinatuak ditu jadanik konpainiak administrazioekin, erakundeekin, enpresekin, hornitegiekin, kontzesionarioekin eta ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileekin.

Urdaibai, Euskadiko Biosfera Erreserba

UNESCOk 1984an izendatu zuen Urdaibai Biosfera Erreserba, Eusko Jaurlaritzak eskatu ondoren, Urdaibairen ingurumen-balio handia kontserbatzearen eta jasangarritasunaren aldeko erreferentziazko lurralde bihurtzeko mugimendu sozial indartsu batek bultzaturik. Oka ibaia eta bere padurak dira Urdaibairen erdigunea, eta ingurumen-balio handiko paisaia osatzen dute. Matxitxakotik Arboliz muturreraino eta hegoaldetik Oiz-eraino hedatzen den 22.000 hektareako lurralde horretan, 45.000 biztanle inguru bizi dira, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natura-ondarez betetako 22 udalerritan banatuta.