- Eusko Jaurlaritzak 749.000 euroko proiektua jarri du martxan, Andrabideko harrobiari balioa emateko, erreferentziazko naturgune gisa.
- Bidezidor, begiratoki eta ur-eremu berriak egokituko dira, biodibertsitatea eta erabilera publiko iraunkorra indartzeko.
- Andrabideko harrobiaren aldeko apustua kontserbazioaren, ingurumen-hezkuntzaren eta parte-hartze komunitarioaren aldeko konpromisoa da.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak Andrabide harrobiaren ingurua egokitzeko proiektua jarri du martxan Gautegiz-Arteagan. Next Generation EU Europako funtsek finantzatutako 749.000 euroko aurrekontuarekin, jarduera honen helburua gune hori berreskuratzea eta balio ekologiko, sozial eta hezitzaile handiko naturgune bihurtzea da.
Dagoeneko gauzatzen ari den proiektuak lurzorua birgaitzea, espezie autoktonoak landatzea eta faunarentzat habitatak sortzea aurreikusten du, naturaren birsorkuntza eta biodibertsitatea sustatuz. Aipatzekoa da dagoen bide-sarea berreskuratu eta hobetuko direla, ingurunean eragina izan dezaketen trazadura berriak irekitzea saihestuz.
Jarduketen artean, nabarmentzekoak dira barrualdeko bidezidorrak, pasabideak eta begiratokiak egokitzea, bai eta urlehortarrentzat putzu bat eraikitzea ere, hainbat espezieren sarrera eta ugalketa errazteko. Ingurune hurbilean lorategi botaniko didaktiko bat sortuko da, informazio-paneletan seinaleztutako zuhaitz eta landareekin, haurrek zein helduek espezieak identifikatzen eta haien ezaugarri nagusiak ezagutzen ikas ditzaten.
Andrabideko harrobia ingurumen-sentsibilizaziorako eta -hezkuntzarako erreferentziazko gune gisa sendotzea da jarduketa multzoaren helburua, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren betetze-esparruan, eta natura-ondarea kontserbatzeko zein tokiko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa indartuz.