- Urdaibai Biosfera Erreserbak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin bat egin ondotik sortu da Urdaibaiko bisorea.
- Web app formatuko esperientzia-gida bat da, eta bisitariei zein tokiko biztanleei dago zuzenduta; balio jasangarriei loturiko baliabideak eta jarduerak eskaintzea da haren xedea.
- Bisorearen eginkizun nagusia esperientziak planifikatzea da, jarduera eta baliabide natural eta kulturalekin loturik.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak web app formatuko bisore bat abiarazi du, zeinaren xedea baita Urdaibain eskuragarri dauden jardueren eta lurraldeko natura- eta kultura-ondarearen berri ematea, bai eta esperientziak planifikatzea ere, erabiltzaile bakoitzari egokiturik.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxiki ondotik, bisorea sortzeko orpoz orpo lankidetzan aritu dira Urremendi Landa Garapenerako Elkartea –Busturialdeko turismo-lankidetzarako erakundea– eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzua –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa–. Proiektu hau urrats bat gehiago da Urdaibai helmuga jasangarri gisa posizionatzeko bidean.
Alde horretatik, biztanleria funtsezko pieza da inguruneari bere horretan eusteko, haiek gorpuzten baitituzte lekuaren nortasuna eta turismo-jardueraren zati bat. Ondorioz, bisorea tokiko enpresentzako eta turismo-eragileentzako gune izango da: haien eskaintza ikusteko moduko tokian ipintzeaz gainera, jasangarritasun-balioak eta ingurunearekiko errespetua transmititu ahal izango dituzte. Ildo estrategiko berari jarraituz, bisoreak balio jasangarriei lotutako esperientziak nabarmentzen eta lehenesten ditu.
Funtzionamenduari dagokionez, bisoreak Urdaibaiko mapa batean erakusten du gure kokapena. Mapa horretan, ostatuak, jatetxeak edo garraiobideak zehazteaz gainera, gure inguruan eskuragarri dauden jarduerak (bisita gidatuak, museoak, mendi-ibilaldiak, uretako jarduerak, kultura- eta gastronomia-jarduerak, eta abar) eta natura- eta kultura-balioagatik interesgarriak diren tokiak ere ageri dira.
Tresnaren funtzionaltasunik berritzaileenari esker, gehien interesatzen zaizkigun esperientziak hautatu ahal izango ditugu, eta, hartara, gure bisitarako ibilbide pertsonalizatua sortuko dugu. Horretarako, galdetegi bat bete beharko da, eta, erantzunen arabera, bisoreak gure beharretara eta interesetara egokitutako planak iradokiko dizkigu. Adibidez, maskotarekin bidaiatu behar dugula adieraziz gero, tresnak lagun egiteko animaliak onartzen dituzten aukerak erakutsiko dizkigu. Mendi-ibiliak gustuko ditugula adieraziz gero, berriz, Urdaibai aldeko zenbait ibilbide labur emango dizkigu aukeran.
Helmuga turistikoetan, puntako joera bilakatu dira lurraldeko informazioa eskura ipintzen duten eta esperientziak pertsonalizatzeko aukera ematen duten tresna digitalak. Modu bisual eta erosoan eskaintzen dute informazioa, eta, aldi berean, laguntza polita ematen dute herritarrek errotik ezagutu ditzaten ingurumariak. Izan ere, bisoreak askotariko informazioa biltzen du: lurraldeko natura-ondarea (hondartzak, basoak, ura eta fauna) edo are kultura-, historia- eta herri-ondarearekin loturiko xehetasunak (tradizioak, ekoizleak, jaiak, ospakizunak). Xehetasun erabilgarriak guztiak ere, inguruotako aberastasunaren ikuspegi globala izateko.
Busturia, 2022ko uztailaren 26a