Urdaibai Biosfera Erreserbak Euskadiko VI. Ekoturismo Foroan parte hartu du, Urdaibaiko 16 enpresa aintzatetsi dituztelarik, estatu mailako Ekoturismo Sarera atxiki izanagatik

  • Gaur, urtarrilak 26, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Euskadiko VI. Ekoturismo Foroa ospatu da, Basquetourrek antolatua eta Urdaibai Biosfera Erreserbak parte hartu duena.
  • Nicolás García-Borreguero, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendariak, Urdaibai Biosfera Erreserbako Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren ekintza-planean ezarritako aurrerapenak eman ditu ezagutzera bertan.
  • Seigarren edizio honetan Euskadiko ekoturismoaren etorkizunari buruzko esperientziak eta iritziak elkarbanatzearekin batera, Urdaibaiko 16 enpresa aintzatetsi dira estatuko Ekoturismo Sareari atxiki izanagatik.

 

Urdaibai Biosfera Erreserbak, turismo jasangarriaren esparruan nazioarteko onarpena duen Euskadiko lehen helmugak, Euskadiko VI. Ekoturismo Foroan esku hartu du. Basquetourrek antolatutako foroa gaur, urtarrilak 26, ospatu da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.

Bertan ekoturismoko adituek, erakundeek, elkarteek eta enpresek parte-hartu dute. Nicolás García-Borreguero, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendariak, mahainguru batean parte-hartu du, Urdaibai turismo-helmuga jasangarri gisa egiaztatzeari buruz hitz egin dutelarik, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin (TJEG) bat eginez. Atxikitze-prozesua 2019ko otsailean abiatu zen, eta Urdaibai Biosfera Erreserban eskumena duten administrazioen lankidetza jaso du, bai eta gizarte zibilaren eta enpresa-sektorearen parte-hartze aktiboa izan ere.

Nicolás García-Borreguerok bertan nabarmendu duenez, “akreditazio hauxe ekoturismoaren printzipioetan oinarritutako turismoa garatzeko ibilbide-orri bat da. Euskadin erreferente diren ingurumen, gizarte eta ekonomia-ingurune arduratsu eta seguruaren errespetuan oinarrituta”. Era berean, azken bi urteotan emandako urratsak azpimarratu ditu: “tokiko biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duten azpiegiturak hobetzeko, eta baita bisitariari kalitatezko esperientzia bermatu eta lankidetza publiko-pribatua sustatzeko ahalegina ere”.

VI. edizio honetan edizio honetan azken bi urteotan Espainiako Ekoturismo Klubera batu diren 52 euskal enpresei  diplomak banatu zaizkie. Horien artean TJEGren II. fasearen parte diren Urdaibaiko 16 enpresei, alegia. Ostatuen alorreko enpresen artean Portuondo kanpina, Astobieta landetxea, Arrizurieta landetxea, Hemingway Kanala House, Atxurra Hotel-Landa apartamentua, Gametxo hotela eta UrdaibaiKm0 apartamentuak daude. Turismo aktiboko enpresei dagokienez, aldiz, Laga surf Camp, Ur Urdaibai, Izkira, Ekobideak eta Nueva Europa. Nekazaritzako elikagaien sektorean, berriz, Itsasmendi Upategia, Berroja upategia eta Salica kontserba enpresak egon dira ordezkatuta, baita Madaidxagane jatetxea izan ere.

 

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

TJEG egitasmoak turismoaren garapena bultzatzea du helburutzat, betiere iraunkortasunaren ikuspegitik. TJEG-k turismo jasangarriaren printzipioak ezartzeko borondatezko metodo eta konpromisoa aurkezten du, jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei beren estrategiak modu parte-hartzailean definitzeko orientazioa ahalbidetzean diena, hain zuzen ere.

Urdaibai TJEGra atxikitzeko ekimenak Urdaibairen kudeaketan eskumena duten erakundeen inplikazioa izan du, baita Busturialdeko eskualdeko turismo-enpresen bultzada izan ere. Egitasmo honetan Urdaibai Biosfera Erreserba Zerbitzuak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mende dagoena) eta Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak esku-hartzen dute.  Horrez gain, Bermeo, Mundaka eta Gernikako turismo-bulegoen, Basquetour Euskadiko Turismoaren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta TOURDAIBAI Urdaibaiko Turismo Jasangarrirako Elkartearen elkarlan aktiboa du, baita gizarte zibilaren parte-hartzea ere, Foro Iraunkorraren bitartez.

 

Urdaibai, Euskadiko Biosfera Erreserba

Urdaibai 1984. urtean izendatu zuen UNESCOk Biosfera Erreserba, Eusko Jaurlaritzaren proposamenari jaramon eginez. UNESCOk zonaldearen ingurumen-balio handia goraipatu zuen. Ahalegin horretan eusteko eta erreferentziazko jasangarritasunerako lurralde bihurtzeko gizarte-mugimendu bizi bat abiatu zen. Oka ibaia eta bere padurak gune erabat neuralgikoak dira eta ingurumen balio handiko eremu bat osatzen dute. Orotara 22.000 hektareako hedadura aurkezten du Urdaibai Biosfera Erreserbak,  Matxitxakon hasi eta Arboliz lurmuturreraino luzatzen dena, hegoaldeko muga Oizen markatzen duelarik. 45.000 pertsona inguru bizi dira Urdaibai osatzen duten 22 udalerrietan. Hitz gutxitan, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta ondare naturalez betetako eremua dugu Urdaibai.

 

Busturia, 2023ko urtarrilaren 26a