Urdaibai Biosfera Erreserbak Segovian egin den Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren XI. Mintegian parte hartu du

  • Segoviako CENEAMen (Trantsizio Ekologikoko Ministerioa) egoitzan, ekainaren 14tik 16ra bitartean egindako urteko mintegiaren helburua da Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna lurraldeetan nola aplikatzen ari den aztertzea, esperientzien eta lan-ildoen trukea sustatzea, proiektuaren berritasunak partekatzea eta hura sustatzeko eta zabaltzeko bideak eta komunikabideak identifikatzea.
  • Bertaratuen artean Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren arduraduna egon da, 2020tik Gutunari atxikitako gune babestuaren ordezkari gisa. 

 

Ekainaren 14tik 16ra bitartean, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren (TJEG, aurrerantzean) XI. Mintegia egin da Segoviako CENEAMen (Trantsizio Ekologikoaren Ministerioa) egoitzan. Bileran izan da Nerea del Moral, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuko TJEGko arduraduna, lan-programan parte hartzeko.

TJEGko estatu-mailako arduradun Javier Gómez-Limónen eskutik, proiektuaren barruko berrikuntzak ezagutu ziren, baita II. Fasean (turismo-enpresak) eta III. Fasean (bidaia-agentziak eta tour operadoreak) atxikitako enpresa berriak eta TJEG hedatzeko sortutako komunikazio-materialak ere.

Jardunaldian nabarmendu zen, EUROPARC Federazioko Task Force  TJEGko kide Carmen Cabrerak bidaia-agentziei eta tour operadoreei zuzendutako III. Faseko atxikipen-sistema berriari buruz egindako azalpena.

Era berean, lurralde-ordezkariek beren problematikak, lan-metodologiak eta proposamen aplikatuak partekatu zituzten. Gune babestuetako kide horiek osatutako lantaldeen bidez, III. Faserako ezarpen-prozesua landu zen. Berrikuntza gisa, aurten TJEGn enpresa-tipologia berri bat sartzeko eztabaida zabaldu zen: turismo-garraioak.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

EUROPARC federazioaren bereizgarria da TJEG eta turismoaren eta naturgune babestuen iraunkortasunaren arteko bizikidetza egiaztatzen du. Turismo jasangarriaren urratsak ezartzeko borondatezko metodo eta konpromisoa dugu hauxe, jasangarritasunaren arloan aurrerapauso sendoa egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei bideratuta doana, beren estrategiak modu parte-hartzailean definitzeko erronkan.

 

Busturia, 2023ko ekainaren 16a