Urdaibai Biosfera Erreserbak klima-aldaketara egokitzeko neurriak aurkeztu ditu Madrilgo COP25en gazteei eskainitako gunean

Ainara Seco eta Mikel Mugica gazteek Urdaibai ordezkatzen dute “Gazteria eta klima aldaketaren aurkako borroka Biosfera Erreserben” mahai-inguruan

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta UNESCO Etxeak bultzatutako Urdaibai Biosfera Erreserban gazteentzako prestakuntza bekaren hirugarren edizioan jarduteko hautatuak izan ziren gazte biak

Ainara Seco eta Mikel Múgica gazteek Urdaibaiko Biosfera Erreserba ordezkatzen dute Madrilgo Klima-COP25 goi bileran, zehazki “Zona Verde” deiturikoan egiten diren jardueretan, gaur asteartea, abenduaren 3an.

Biosfera Erreserbako hainbat ordezkarik klima-aldaketaren aurkako borrokan arrakasta izan duten kasuak azalduko dituzte “Gazteak eta klima-aldaketaren aurkako borroka” mahai-inguruan. Bertan, euskal gazteek Oka ibaiaren itsasadarreko goi-estuarioa zaharberritzeko proiektua aurkeztuko dute, Urdaibaik itsasertzeko sistema gisa dituen erronka handiak azalduz. Era berean, proiektu horrek aurreikusten dituen tokiko klima-aldaketara egokitzeko neurriak ere azalduko dituzte, eta horrek nola laguntzen dien Garapen Iraunkorreko Helburuei mundu osoan.

COPeko “Zona Verde” eremuak topaketa eta ingurumenaren kontzientziaziora zuzendutako zazpi espazio desberdin ditu eta horietan gizarte zibil osoak zuzenean parte hartzea erraztu nahi da. Gaurko mahai-inguruaren helburua gazteriaren gobernantza eta ahalduntzea hobetzea da, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tresna gisa.

Horrez gain, Ainarak eta Mikelek Urdaibaiko Biosfera Erreserbako prestakuntza bekarekin izandako esperientziaz eta Eusko Jaurlaritzak eta UNESCO Etxeak beka honen bidez gazteei eskaintzen dieten aukeraz hitz egingo dute. Elena Moreno Ingurumen sailburuordea gaur arratsaldeko aurkezpenean izango da, 17: 00etan.