- 2021ean UNESCOren MaB programaren berrogeita hamargarren urteurrena betetzen da, eta Urdaibai Biosfera Erreserbak #BiosferaNaiz mugimenduarekin ospatuko du.
- UNESCOren MaB programak mundu osoko gobernu eta erakundeen lankidetza bultzatzen du biodibertsitatea zaindu eta garapen jasangarria bultzatzeko.
- Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta UNESCO Etxeak sortutako #BiosferaNaiz mugimenduaren bitartez, ikusgarritasuna eman nahi zaie garapen jasangarriaren printzipioekin bat datozen tokiko ekimenei.
Urdaibai Biosfera Erreserba biodibertsitate ikusgarriko eremua da. UNESCOren MaB programaren bitartez, biodibertsitate hori zaintzeak eta biosferarekin armonian dauden ekimenak aurrera eramateak duen garrantzia azpimarratzen da.
2021ean, 50 urte betetzen ditu UNESCOren MaB programak, eta mundu osoko biosfera-erreserbek bat egin dute urteurrenarekin, era askotako ekimenen bitartez. Helbide honetan daude jasota, hain zuzen: UNESCO. Urdaibai Biosfera Erreserbak ere, mugimendu horrekin bat egiteko asmoz, #BiosferaNaiz mugimendua sortu du, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuaren eta UNESCO Etxearen bitartez. Mugimenduaren bidez, ikusgarritasuna eman nahi zaie Euskadin egiten diren eta MaB programaren izaerarekin −biosfera errespetatu eta zaintzea eta aukeraz betetako lurralde dinamikoa eraikitzea− bat egiten duten ekimen herritarrei.
Hala, mugimenduaren bidez, deialdi bat egiten zaie bertako herritarrei beren ekimenak, Urdaibai Biosfera Erreserbari egiten dioten ekarpena, garapen jasangarriaren helburuak betetzeari laguntzeko modua eta, azken finean, beren ustez, naturarekin armonian bizitzeko giltzarriak zein diren azal dezaten. Izan ere, ekimen jasangarriak dira ingurunea zaintzearen oinarrietako bat, eta herritar guztien arteko lankidetza eskatzen dute.
Parte hartzen duten ekimenak Urdaibai Biosfera Erreserbaren webgunearen #BiosferaNaiz atalean jasoko dira. Bertan, Urdaibai Biosfera Erreserbaren enbaxadoreen komunitatea osatuko dute, ingurunea errespetatzen duten ekintzak aurrera eramateko.
#BiosferaNaiz mugimendua ezagutzera emateko, azaroaren 29an kanpaina bat jarriko da abian Urdaibai Biosfera Erreserbaren eta UNESCO Etxearen sare sozialetan. Beraz, interesa duten ekimenak gonbidatzen ditugu komunitateko kide bihurtu eta beren lana erakusteko, helbide honetan izena emanez: #BiosferaNaiz mugimendua. Izan ere, Urdaibain lantzen diren proiektuak erakutsi eta zabaltzea funtsezkoa da biodibertsitatearen kontserbazioaren, ondarea eta kultur agerpenak zaintzearen eta garapen jasangarriaren printzipioetan oinarrituriko ekimen berriak bultzatzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko.
Busturia, 2021eko azaroak 29