- Irekita daude Kanalan oinezko ibilbide bat egokitzeko eta Foruan zurezko pasabide bat egiteko eskaintzak aurkezteko epeak
- Urdaibaiko oinezko konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat egiten jarraitzea dute helburu bi proiektuek
Joan den urriaren 9an lizitazioan ateratako lanen bidez, Kanalako landagunean eta inguruan dauden eraikinetarako irisgarritasuna bermatuko duen ibilbide bat egitea da helburua. Lan horiek 530.000,00 € inguruko kostua izango dutela kalkulatzen da. Ibilbide-zati horrek jarraipena emango dio Ibarrangelu eta Gautegiz-Arteaga arteko oinezko ibilbideari. Ibilbide horretan, jadanik eginda daude Ibarrangelu – Laga eta Laida – Kanala zatiak, eta Laga eta Laida hondartzen arteko zatia partzialki amaitua dago dagoeneko.
Halaber, urriaren 9an argitaratu zen itsasadarraren ezkerreko aldean, Forua eta Kortezubi udalerrien artean, dagoen oinezko eta bizikletentzako pasabidea egiteko eskaintza aurkezteko epea. Pasabidearen lanek 150.000,00 € inguruko kostua izango dute, eta Baldatika ibaiaren ibilgua Oka itsasadarrarekin elkartzen den lekuan berreskuratzeko aukera emango dute. Azken urteetan, Oka itsasadarreko ezkerraldean dagoen pasealekua higatu egin da eremu horretan, itsasaldien eta ibaiaren joan-etorrien eraginez. Proposatutako esku-hartzearen bitartez, aire zabalean geratuko da ibilgua, ibaiertzak berreskuratuko dira bioingeniaritzako tekniken bidez eta zurezko pasabidea egingo da.
Bi jarduera horiek Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzua aurrera eramaten ari den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren barruan daude kokatuta, eta, hain zuzen, 1984an Urdaibai Biosfera Erreserba deklaratzeko orduan ezarritako helburuei erantzuten diete. Hala, jarduera horien bidez, UNESCOren MaB programa oinarritzen den kontserbazio eta garapen jasangarriko helburuak lortzen lagunduko da, emisioak murriztuz −eta, beraz, klima-aldaketaren ondorioak arinduz−, Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatuz eta espazio hori osatzen duten herrigune guztietara oinez edo bizikletaz iristeko aukera eta mendebaldeko eta ekialdeko zatien arteko lotura bultzatuz.