Laga

Laga

Lagako hondartza —izena bertan itsasoratzen den errekatxotik datorkio— Ogoño haitzaren eta Antzora lurmuturraren artean dago, eta itsaslabarrez itsaslabar luzatzen den kostaldearen jarraitutasuna eteten du. 574 metro luze da, eta bertako harea urrekara. Ziur aski, Urdaibai Biosfera Erreserbako hondartza ezagunenetako eta bisitatuenetako bat da.

Bitxikeria historikoak

Baina ez da beti hain ospetsua izan; garai batean, ingurukoentzako hondartza zen, batez ere Ibarrangeluko herritarrentzat. Baina kanpotar batzuek, hala ere, hango edertasunaz gozatzeko plazera aurkitu zuten. Besteak beste, 1930ean, Bilboko Alpino Klubeko eta Kirol Klubeko gazteek paradisu eder hau aukeratu zuten udan kanpatzeko. 1952tik 1969ra, halaber, OJE (Organización Juvenil Española) izeneko antolakundeak kanpamendu iraunkor bat eduki zuen gaur egun aparkalekua den tokian.

Lagan kanpatzen zuten gazteek bai, jakingo zuten igerian, baina, egia esan, herritar asko ez ziren gauza plisti-plasta ibiltzeko, olatu handiek irensteko beldurrik gabe. Horregatik, eta bainularien bisita gero eta sarriagoen ondorioz, 1840-50ean, gutxi gorabehera, bainuzainen figura sortu zen. Gizon eta emakume hauek uretaraino laguntzen zieten bainulariei, uretara nondik sartu behar zuten eta nola adieraziz. Halaber, ohikoa zen estatxa bat (soka bat) erabiltzea uretara sartzen laguntzeko. Aurrerago, 1966an, Urdaibaiko sorosleen lehen zerbitzua sortu zen, inguruko herrietako igerilari adoretsu ausartek osatua. 

Surfa Lagan? Ziur asko, burura lehenbizi datorkigun surfaren irudia australiar eta kaliforniar gazteena da. Olaturik onenaren bila, bazter hauetan artean zapaldu gabeko paradisu bat aurkitu zuten. Baina, egia esan, surfa, kirol finkatu gisa, abenturazale horiekin iritsi bazen ere, badakigu 1935ean jendeak engoitik planking-a egiten zuela Lagako olatuetan. Tira, gu dagoeneko ohartzen baikinen olatuek, beldurra ez ezik, dibertsioa ere bazutela. Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Eta, surfa aipatu dugunez, hitz egin dezagun hondartza moldatzen duten korronteez, zeinak ipar-mendebaldetik datozen olatuen ondorio baitira. Olatuen enbatak korronte zirkularrak sortzen ditu, batzuk erlojuaren orratzen noranzkoan eta beste batzuk kontrako noranzkoan doazenak. Korronte horiek elkartzen direnean, erresaka-eremu deritzenak sortzen dira, eta bertan korronte handi bat dago, itsaso barrurantz doana. Oso eremu arriskutsuak dira esperientzia gutxi duten bainularientzat. Horregatik zen hain garrantzitsua bainuzainen zeregina, igeri egiten jakitea gutxi batzuen abilezia baino ez zen garaietan.

Lagako aisialdi-aukerak askotarikoak ziren, eta ondo pasatzea adrenalinarekin nahitaez lotzen ez zituztenek hamaiketako goxo batez gozatzeko aukera zuten La Chulapona tabernan. Haren entzuterik bai? Otorduak ez ezik, La Chulapona-k zerbitzu aski berexia ere eskaintzen zuen: alga-bainuak. Gaur egun bitxia egiten bazaigu ere, alga-bainu horiek ohikoak ziren XIX. mendearen amaieratik 50-60ko hamarkadara arte, eta gauza jakina da Ibarrangeluko biztanleek algak biltzen zituztela kosmetiko-enpresei saltzeko.

Lagaren edertasunak poetak ere liluratu zituen; Portugaleko Eugénio Andrade, adibidez. 1961ean Urdaibaira egindako bisitan, poema bat eskaini zion Lagari: Canção escrita nas areias de Laga (Lagako hareetan idatzitako kantua), Mar de Setembro izeneko poemarioan, 1959-1963 bitartean idatzia. Poemaren letra duen abesti bat dago. Hemen duzue haren bertsoez gozatzeko esteka.  

Hala ere, Laga ez zen bakarrik parranda eta gozamenerako tokia izan, gerra gogorarazten duten gertakizunak ere izan ziren. Agian gogoratuko duzue 2013an eta 2015ean hondartzan lehergailuak agertu zirela. Izan ere, 1926tik 1980ra bitartean, Gernikako arma-fabrikako mekanikariek —fabrika, gero, Markinara aldatu zen— Esperanza mortero-jaurtigai geldoak —hau da, kargarik gabe— jaurtitzen zituzten hondartzan, eta, horregatik, gaur egun, itsaso zakarrak kostaldea jotzen duenean eta harea nahasten duenean, jaurtigai horiek agertzen dira.

Bitxikeria naturalak

Lagako duna-hondartzak natur ondare garrantzitsua du, ezagutzea merezi duena. Ezagutzea nahitaezkoa baita babestu ahal izateko. Geologiatik hasiko gara. Ez al zaizue bitxia iruditzen hainbeste labar artean hondartza hau egotea?

Erantzuna zuzenean dago lotuta hondartza osatzen duten materialekin: buztin bigun triasikoak. Material bigunak direnez, itsasoak pixkanaka higatzen ditu, harea metatzen duen badia eder hau sortuz. Baina Urdaibaiko hondartzetako harea guztiak ez dira berdinak. Adibidez, Lagako harea-aleak larriagoak dira, Laidakoak baino, olatuekiko esposizioa askoz handiagoa delako eta, horren ondorioz, ale txikienak olatuek arrastatzen dituzte eta lodienak hondartzan geratzen dira.

Eta, harearekin jarraituz, bistakoa da hondartzan sartzeko egurrezko pasabide batzuetatik igaro beharra dagoela. Pasabide horiek dunak jendearen joan-etorrietatik babesteko 2000. urtean egindako proiektu baten parte dira: Laga hondartzako duna-sistema babesteko Proiektua.

Duna-sistema hori, hain zuzen ere, Laga zokogune batean dagoelako eratzen da.  Dunak itsas plataformako hareaz eratzen dira, olatuek eta marea-korronteek harea hori hondartzako marearteko eremuan (mareen arabera, estali eta agerian jartzen den hondartza-zatia) metatzen dutenean. Sasoi beroenetan eta euri gutxien egiten duenean, harea lehortu egiten da eta haizeek hondartzako mareaz gaindiko eremura eramaten dute (itsasoko urak inoiz bustitzen ez duen eremua). Han, haizearen indarra gutxitzeari esker, dunetako landarediak harea atxikitzen du eta dunak pixkanaka hazten eta garatzen dira. Denbora luzean, hondartzaren gaineko presio turistikoak sistema hori degradatzea ekarri du; duna-sistemako landaredia zapaltzea eta suntsitzea dela, eta dunetan ekipamenduak eraikitzea dela.

Lagako paisaian «Maitasunaren Arroka» izenez ezagutzen den haitza ere nabarmentzen da; hareatzaren erdian dago, bakarka. Kolorea ingurukoena ez bezalakoa du, berdexka samarra, eta jatorri desberdina duela iradokitzen digu. Triasikoko arroka subbolkanikoa da (duela 300 milioi urtekoa). Gehiago jakin nahi duzu?