Biosfera Erreserbak

Biosfera Erreserbak

Biosfera Erreserbak UNESCOk bere Man & Biosphere programaren barruan sortutako figurak dira, eta honela defini daitezke: «Garapen jasangarrirako ikaskuntza- eta saiakuntza-espazioak». Planetako leku hauetan ikuspegi desberdinekin esperimentatzen da, bilakaera soziala, ekologikoa eta ekonomikoa ulertzen saiatzeko, eta gizarte-kontzientzia sustatzen da bizimodu jasangarri baterantz. Azken batean, munduko arazoei tokiko konponbideak eskaintzen dizkieten tokiak dira, eta, tokikotik abiatuta, antolatzeko modu onak esportatzen dituzte mundura, non pertsonak naturarekin batera elkarrekin bizi baikara.

Espazio hauek lehorreko, itsasoko edo kostaldeko ekosistemez osatuta egon daitezke, baina edozein espazio ezin da biosfera-erreserba izendatu. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira:

UNESCOk Biosfera Erreserba deklaratzeko baldintzak

  • Eskualde biogeografiko esanguratsu baten ordezkaria izatea eta kontserbatu beharreko paisaiak, ekosistemak, animalia- eta landare-espezieak edo -barietateak edukitzea.
  • Kokatuta dagoen eskualdearen barruan «garapen jasangarriaren» filosofia ikertzeko eta aplikatzeko aukerak eskaintzea.
  • Lurralde aski handia izatea, alegia, biosfera-erreserba orok burutu behar dituen hiru funtzioak betetzeko modukoa: kontserbazioa, garapena eta laguntza logistikoa.
  • Zonak banatzeko sistema egoki bat izatea.
  • Garrantzitsua da halaber eskualdeko agintariak, gobernuak, tokiko herriak eta enpresa pribatuak inplikatzea Biosfera Erreserbaren plangintzan eta kudeaketan.

Baldintza horien artean, bi nabarmentzen dira: zonak banatzea eta hiru funtzioak betetzea.

Biosfera Erreserben zonifikazioa

Biosfera Erreserba guztiek hiru zona bereizi behar dituzte, elkarren artean erlazionatuta daudenak; funtzio osagarriak dituzte eta batak bestea sendotzen dute.

  • Gune zona:Sektore delikatuena da, eta babestutako zona bat du, paisaiak, geologia, ekosistemak eta espezieak kontserbatzeko. Biosfera Erreserba batek legez eratutako gune zona bat edo gehiago izan ditzake, eta bertan zilegi da inpaktu txikiko ikerketak eta bestelako jarduerak egitea.
  • Gunearen babes zona: Gunea inguratzen du edo harekin muga egiten du. Ekologia aldetik bateragarriak eta arrazoizkoak diren jarduerak baimenduta daude eremu honetan; batez ere, ikerketan, jarraipenean, prestakuntzan eta hezkuntza zientifikoan lagun dezaketenak. Besteak beste, hezkuntza-jarduerak, aisialdikoak, turismo ekologikokoak eta oinarrizko ikerketakoak izan daitezke.
  • Trantsizio zona: Zona honetan, ikuspegi soziokulturaletik zein ekologikotik jasangarriak diren jarduerak egin daitezke. Askotariko erabilerak dituen zona bat da, non baliabideen ustiaketa jasangarriko jarduerak egin daitezkeen, hala nola nekazaritza edo industria.

Biosfera Erreserba baten hiru funtzioak

Zertarako dira, zehatz-mehatz, Biosfera Erreserbak? Bada, hiru funtzio dituzte:

  • Kontserbazioa: espezieak, ekosistemak eta geologia interesguneak babestera bideratuta.
  • Garapena: ekonomia- eta giza hazkunde jasangarria sustatu nahi du, ikuspegi soziokulturaletik eta ekologikotik. Testuinguru honetan, zenbait jarduera produktibo egin daitezke, betiere indarrean dauden arau nazionalak betez, garapen jasangarriaren hiru zutabeak ziurtatzeko eta indartzeko: garapen soziala, ekonomikoa eta ingurumenaren babesa.
  • Laguntza logistikoa: helburua du jarduerak sustatzea tokiko, estatuko eta munduko kontserbazio eta garapen jasangarriko gaiekin lotutako ikerketa, ingurumen-hezkuntza, gaikuntza eta monitorizazioaren alde.

Biosfera Erreserba guztiak saiatzen dira naturaren kontserbazioa eta haren erabilera jasangarria harmonian bizi daitezen, eta horrela jasotzen da UNESCOren «Gizakia eta Biosfera» programan, zeinean erreserbak aitortzen diren.