Itsasertza eta itsaslabarrak

Itsasertza eta itsaslabarrak

Urdaibaiko itsasertzeko itsaslabarrak oso malkartsuak dira; haize bortitzak eta malda handiak dituzte, eta, gainera, bi faktore horien ondorioz, lur-geruza oso urria da. Itsasertzeko eremu bakoitzean dauden aldeak direla eta, landaredi-unitateak hiru habitatetan kokatzen dira nagusiki: 

  • Itsasotik gertuen dagoen eremuan, arrakalak eta gazitasun handia nabarmentzen dira. Biotopo horretan nagusi diren landare-espezieak halofiloak dira —gazitasun handiari egokitutako landareak—; esate baterako, Armeria euskadiensis, Olea europaea (biak mehatxatuak), itsas mihilua (Crithmum maritimum) eta itsas plantaina (Plantago maritima). 
  • Eremu hori igarota, lehorralderantz, gramineoak agertzen dira; azpimarragarriena, festuca. Gramineo hauek soropil-alfonbra bat osatzen dute itsaslabarraren zoruaren gainean. 
  • Gramineoen atzean, lehen sastrakak eta zuhaixkak ageri dira, lurzoru aberatsagoetan. Urdaibaiko itsaslabarrak nagusiki kareharrizko substratuz edo tuparriz osatuta daude eta, horren eraginez, zuhaixka-formazio nagusia ‘txilardiaurrekoa’ izenekoa da.

Itsasertzean bizi den beste landare-komunitate bat landare nitrofiloena da. Landare-komunitate hau hegaztien zirina osatzen duten azido urikoaren eta beste konposatu nitrogenatu batzuen ekarpenaren ondorio da. Komunitate nitrofilo horretako landare bat Lavatera arborea da. Bereziki aipagarria da Izaro uhartean dauden landare-espezie nitrofiloen ugaritasuna, hegazti asko bizi baitira inguru horretan.