LURRALDEAREN AHOTSAK

Oraingo honetan, Jose Ángel Etxaniz “Txato” ikertzaile eta historialariarena da ahotsa, eskualdean turismoa nola sortu zen aztertzeko lehenengo azterlan sakona argitaratu baitu, “Los orígenes del turismo y veraneo en Urdaibai. Los Orígenes (1830-1900)”. Urdaibain turismoa nola sortu eta zer bilakaera eduki duen, turismoaren garapenak zer mugarri izan dituen eta gaur egungo turismoaren kudeaketak zer erronka dituen erakusteko, bere begirada historikoa partekatu du gurekin.

Nola deskribatuko zenuke Urdaibaik denboran turismoarekin izan duen harremana?

Ikertu dudan aldian, 1830etik 1980ra bitartekoan gutxi gorabehera, Urdaibaik, oro har, harreman ona eduki du turismoarekin; une historiko jakin batzuetan, gainera, bikaina izan da. Lurraldeak bisitariak hartzeko gaitasun aparta erakutsi du, baita testuinguru gogorretan ere. Horren adibide argia dugu gatazka-aldietan ere (gerra karlistetan edo Gerra Zibilean, adibidez), “kanpotarrak” hartzen jakin duela. Are, 1938an, bonbardatutako Gernika “Gerrako ibilbideak” deiturikoen helmuga bihurtu zen.

Urdaibai helmuga turistiko zergatik bihurtu zen azaltzen duen bitxikeriaren bat edo une giltzarriren bat aipatuko diguzu?

Urdaibai helmuga turistiko bihurtzeko prozesuak hainbat etapa historiko bereizi izan zituen. Jatorrian, “olatuetako bainualdien” modak ekarri zuen bultzada, Mundaka, Bermeo eta Sukarrietako portuetan bereziki, non 1825ean jada paradore bat baitzegoen. Gero, 1848an, Kortezubiko bainuetxea etorri zen, meatze-ur sendagarrien iturburua ustiatzen hasi zenean.

Foruak galdutakoan, Gernika ikur bihurtu zen, eta erromes-gune gisa finkatu. Geroago, 1895etik aurrera, Sukarrietak aztarna garrantzitsua utzi zuen Txatxarramendiko bainuetxe-hotelarekin. Frankismoan, 1960ko hamarkadatik aurrera batez ere, Bermeok, bere portu zaharrarekin, eta Gernika-Lumok, frontoiarekin, eginkizun garrantzitsua bete zuten lurraldeko eskaintza turistikoan.

Geroagoko etapa batean, 1985etik aurrerakoan, Urdaibai biosfera-erreserba izendatu eta Omako basoa sortu izanak (Agustin Ibarrolak margotu zuen) bisitari-andana handia ekarri zuen Omako auzora, Kortezubin, eta agerian jarri zuen turismoaren kudeaketa egokitu behar zela.

Zure ikuspuntutik, zer falta dela uste duzu Urdaibain turismoaren kudeaketa hobetzeko?

Kudeaketa turistikoaren eremuan, Urdaibaik onura aterako lioke egitura bateratu bat edukitzeari; egitura hori erreferentziako bulegoa izango litzateke, eta lurraldeko askotariko agenteen arteko lankidetza indartuko luke. Halaber, ezinbestekoa da turismoaren sasoikotasuna desagerrarazten jarraitzea. Urdaibaik urte osoan jaso ahal eta jaso behar ditu bisitariak, esparru ordenatu eta jasangarri baten barruan beti. Ondo diseinatutako kanpainekin, merkatuak dibertsifika daitezke. Goi-denboralditik kanpo, bestelako profilak eta jatorriak bila daitezke. Klima, gaur egun, ez litzateke oztopo erabakigarria izan beharko jada. Are gehiago, erakarpen- eta motibazio-faktorea da.