LURRALDEAREN AHOTSAK

Oraingo honetan, Joseba Santorum da lurraldearen ahotsa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zerbitzu-zuzendaria, hain zuzen. Haren ardura da gure destinoak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren akreditazioa eskuratzea. Kontatu digu zer ikuspegi eta esperientzia dituen aberastasun natural eta kulturalari eusten dion turismo-eredu bat lortzeari dagokionez, betiere toki-garapena bultzatuz eta komunitatearen parte-hartzea sustatuz.

Esperientzia eta konpromisoa: Zer esan nahi du Urdaibairentzat Turismo Jasangarriaren Europako Gutunean Europa osoko beste 91 naturagune babesturekin batera parte hartzeak?

Lantaldea osatzen dugunontzat, erronka bera partekatzen duen Europako sare baten parte izatea esan nahi du; hau da, erakusten du posible dela natura- eta kultura-ondarea errespetatzen eta ezagutarazten duen turismo-eredu bat, bertako biztanleekin bizikidetzan. Urdaibai Biosfera Erreserbaren kasuan, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak lan-esparru komun bat eskaintzen digu eta aukera ematen digu beste destino batzuetatik ikasteko. Eta, batez ere, ibilbide-orri bat jartzen digu eskura, koherentziaz egin dezagun aurrera turismo-eredu arduratsu, jasangarri eta errespetuzko baterantz.

Bertatik bertara: Baduzu Urdaibain lantzen ari zaren proiektu berri edo nabarmenen bat? Zer eragin izango du lurraldeko turismo jasangarrian?

Une honetan bi lan-ildo oso garrantzitsu ditugu. Alde batetik, Foro Iraunkorra indartzea: horrek Gutunari atxikitako udalen partaidetza eta inplikazio handiagoa bultzatuko ditu, bai eta enpresa eta erakunde gehiago erakarri ere. Foroa PARTE HARTZEKO gune bat da, eta han koordinatzen eta legitimatzen dira Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren barneko erabaki estrategikoak. Haren balioa da administrazioak, enpresa-ehuna eta ingurumen- eta kultura-erakundeak elkartzen dituela, hartzen diren erabakiei koherentzia eta erantzunkidetasuna emango dien ikuspegi integrala bermatzeko.

Bestalde, Sentsibilizazio eta Komunikazio Plan bat lantzen ari gara —turismo-sektoreak asko eskatzen du halako tresna bat—, tokiko herritarrei, bisitariei, erakunde publikoei eta elkarteei zuzendua. Helburua da, batetik, Biosfera Erreserbaren balioak zabaltzea eta, bestetik, hobeto ezagutaraztea zer den Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna, zer konpromiso eta zer onura dituen berekin. Uneotan, lizitaziorako oinarriak prestatzen ari gara, etapa berrian funtsezko pieza bihur dadin.

Etorkizunerako ikuspegia: Nola imajinatzen duzu turismoa Urdaibain bost urte barru eta zer-nolako esperientziak eskaini nahiko zenituzke?

Erreferentzia ekoturistiko gisa sendoturiko destino bat irudikatzen dugu, naturarekiko eta bertako kulturarekiko sentsibilitatea duten pertsonak erakartzen dituena. Etortzen direnek benetako esperientziez gozatzea nahi dugu: biodibertsitate bete-betean antolaturiko ibilbideak, itsasoari eta lurrari lotutako jarduerak, zero kilometroko gastronomia eta gure tradizioekin harreman zuzena izatea. Eta beti errespetuz jokatzea, turismo-sektorearen balio-kate osoa barnean hartzen duen eskaintza batekin, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren printzipioekin konprometituta. Finean, lurraldean aztarna positiboa eta bisitatzean ahalik eta inpaktu txikiena utziko dituen turismo-eredu bat, bizikidetza bultzatzen duena bisitarien eta tokiko biztanleen artean.

Erronkak eta zailtasunak: Zure ustez, zein dira Urdaibaik turismo jasangarrian aurrera egiten jarraitzeko dituen erronka nagusiak eta nola egin diezaiekegu aurre?

Denborarekin erronkak aldatu egin dira, baina orain argi ditugu puntu batzuk. Garrantzitsua da gobernantza indartzen jarraitzea, sektore publikoak, sektore pribatuak eta herritarrek elkarrekin lanean jarrai dezaten. Era berean, hobeto ezagutu behar ditugu bisitatzen gaituzten pertsonak; horretaz gainera, leku hauskorrenetako presioa erregulatu behar dugu, bai eta mugikortasun jasangarrian aurrera egin ere. Horri beste erronka erabakigarri bat gaineratu behar zaio: eskaintza dibertsifikatzea, urtaro guztietara zabaltzea eta irisgarritasuna bermatzea, betiere kontserbazioa oinarri hartuta. Azken batean, 2025–2029 aldirako Ekintza Planak markatzen digu bide-orria: pertsonak, lurraldea eta kalitatezko esperientziak.