LURRALDEAREN AHOTSAK

Cristina Krug Zulueta da proiektu honen alma mater-a, eta IZKIRA ontziko kapitaina. Turismo-eredu jasangarri eta arduratsua defendatzen du eskualderako, eta ingurumen-arloko berritasunak eta berrikuntzak txertatu ditu bere egitasmoan.
Bere paseoek eta ibilaldiek Urdaibai ezagutzeko aukera ematen dute, toki pribilegiatua hori, non Oka ibaiaren bokalea eta bizitzaz beteriko kosta-paisaia bat gailentzen baitira.

Zuen jarduerak zertan egiten du bat Gutunaren helburuekin eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kontserbazio-helburuekin? Gutunak zer ematen dizue, eta zertan bereizten zaituzte, beste enpresa-eredu batzuei dagokienez?

Izkira Urdaibain, Erreserbaren bihotzean nabigatzen dugu, eta ingurune horren gainean hartzen dudan erabaki guztiei eragiten die horrek. 2019tik, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren (TJEG) parte naiz, hemen lan egiteak ingurunearekiko benetako erantzukizuna izatea dakarrela uste dudalako.

Jarduera ez da itsasontziz garraiatzea soilik: mugikortasun jasangarria da, gune hauskor batean trafikoa murriztea da, eta paisaia interpretatzea da, bisitariek ulertu eta errespeta dezaten. Jasangarritasuna ez dugu osagarritzat jotzen, gure proiektuaren ardaztzat baizik, eta horrexek bereizten gaitu.

Jarduera jasangarritasun-printzipio horien pean garatzean, zer mugarekin egiten duzue topo?

Eremu babestu batean jarduteak plangintza eta inbertsio gehiago egitea eta zenbait muga onartzea eskatzen du. “Muga” horiek konpromisoaren zati direla uste dut. Urdaibai zaindu eta kontserbatu nahi badugu, guztiak balio ez duela eta hazkundeak lurraldearekin bat etorri behar duela onartu behar dugu.

Zer-nolako bisitariek erabiltzen dute zerbitzu hau? Erreserbaren garrantzi ekologikoaz hitz egiten diezue?

Familiek, naturazaleek eta bertako herritarrek bisitatzen gaituzte. Zeharkaldi bakoitza aukera aparta da Urdaibai berezi zerk egiten duen kontatzeko: itsasaldiak, padurak, hegazti migratzaileak eta historia.

Nire ustez, ezagutzea da babesteko modurik onena. Horregatik, ibilbide bakoitza sentsibilizazio-esperientzia txiki bat ere bada.

Duela gutxi, Turespañak eta Soy Ecoturista klubak sustatzen duten Tourism Cares Meaningful Travel Map atarian parte hartzeko hautatu zaituztete, eskualdeko beste enpresa batekin batera. Zergatik erabaki duzue proiektu horretan parte hartzea?

Haien ikuspegia partekatzen dudalako: turismoak inpaktu positiboa eragin behar du. Egitasmo horretan parte hartzea modu bat da ikusarazteko Urdaibain errespetuz eta koherentziaz lan egiten duten enpresa txiki konprometituak daudela.

Bisitari kontzienteak erakartzeko modua ere bada, hau da, biosfera-erreserba batean egoteak zer esan nahi duen baloratuko duten bisitariak erakartzekoa.

Zer esango zenieke oraindik TJEGaren parte ez diren Urdaibaiko enpresei, egitasmoarekin bat egitera animatzeko?

Ez dela zigilu huts bat, lurraldeari begiratzeko modu bat dela. Gutunaren parte izateak beste enpresa konprometitu batzuekin lotzen zaitu, eta helmuga bera indartzen du, oro har. Urdaibai bezalako leku batean, jasangarritasuna ez da aukera bat: bidea da.

TJEGaren parte izateak lankidetza-aukera berriak edo baterako proiektu berriak ekarri dizkizue Urdaibai barruan?

Bai; hainbatetan, aliantzak sortzeko bidea eman digu, baita ikuspegi komun batekin lan egiten duen sare bat osatzen dugula sentitzeko ere: Urdaibai kontserbatu behar dugu, ekonomia-jarduera arduratsua sortuz.

Eta hori, hain ingurune berezian, funtsezkoa da.

Ez nahiko nukeen beste, baina enpresa txikiren batekin sortu da, bai.