Sarrera bezala zure aurkezpena eta zure kargua eta Udaletxean duzun eginkizunak.
José Antonio López Begoña, Gautegiz Arteagako Udaleko zinegotzia. Banku-langile erretiratua. Bi seme eta bi biloba ditu, eta denak bizi dira Gautegiz Arteagan. Gautegiz Arteagako Adinekoen Elkarteko presidentea da.
Udal txikia izanik eta nik denbora gehiago dudanez gobernu-taldeko gainerako kideek baino, komodin-lanetan aritzen naiz, denetarik egiten: alkateari laguntzen diot eta bileretara joaten naiz, ikusirik besteak ezin direla joan lanagatik.
Konpromisoa: Zer esan nahi du Gautegiz Arteaga Udalarentzat Turismo Jasangarriari buruzko Europako Gutunaren parte izateak, Euskadin babestutako gune bakarra eta Estatuan babestutako 29 gunerekin eta Europa osoan 93 gunerekin partekatzen duena?
Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak antolatzen dituen foro eta bilera askotan izan naiz, eta, beraz, ondotxo dakit zelako lan garrantzitsua egiten ari den Urdaibain turismo-garapena modu orekatuan gestionatzeko, eta, ildo horretan, ingurumenaren kontserbazioa eta garapen ekonomikoa uztartzeko.
Busturialdea-Urdaibain integratutako udal gisa, eskualdean egiten diren kudeaketa guztiak onerako dira udalerri guztietarako, eta, batez ere, gurea bezalako txikietarako, ez baitute baliabide ekonomikorik edo materialik Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren helburuak beren kabuz lortzeko.
Gautegiz Arteagaren kasuan, eredu-mota jakin baten parte izatea da: eredu horrek ez du hartzen turismoa mehatxutzat, baizik eta bertako ekonomia dinamizatzeko eta gure herrian bizi garen pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko balio duen jarduera ekonomikotzat.
Bertatik bertara: Baduzue udalerrian lantzen ari zaren proiektu berri edo nabarmenen bat? Zer eragin izango du lurraldeko turismo jasangarrian?
Gautegiz Arteagak baliabide natural garrantzitsuak ditu, hala nola padurak eta artadi kantauriarra. Urdaibai Bird Centerrek eta beste zenbait erakundek ederto asmatu dute baliabide horiek aprobetxatzen, Gautegiz Arteaga turismo ornitologikoaren erreferentzia bilakatzeko, garai bateko altzari fabrika bat hegazti-fauna kontserbatzen eta behatzen espezializatutako zentro bihurtuta.
Eta, orain, amaitu berri da nabarmendu gura dudan proiektu bat: Andrabideko harrobietako ingurumena berroneratzeko lanak.
Gautegiz Arteagako Udalak 2021ean harrobiko lursail batzuk erosi zituen, jabetza partikularrekoak, eta Urdaibaiko Patronatuak, Next Generation funtsekin eta 800.00 euro inguruko inbertsioarekin, harrobia birgaitzeko proiektua egin du. Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak nazioarteko 55 ondare harrien kategorian sartu zuen Ereño Gorria edo Bilbo Gorria izenez ezagutzen den kareharria 2024an.
Harrobian zenbait lan egin dira: lurzorua birgaitu, bideak berreskuratu eta hobetu, espezie autoktonoak landatu eta faunarentzako habitatak sortu.
Maiatzaren 23rako bisita gidatu bat prestatu dugu, herritarrek bertatik bertara ikus dezaten egindako lana. Herriko plazatik autobusa antolatu da inguru horretara joateko, baita atzera bueltatzeko ere.
Bigarren faserako, ideia-lehiaketa bat egingo da harrobiko espazioak zelan erabili erabakitzeko.
Kanpotik. Bisitariak: Zure ustez, zein izan daiteke zuen udalerria bisitatzen duten pertsonen motibazio nagusia?
Gure herrian ditugun bi baliabide garrantzitsu aipatu ditut, eta horietako edozein izan daiteke Gautegiz Arteaga bisitatzeko arrazoia. Horretaz gainera, seinaleztatutako bidezidor-sare bat dugu hondartzetarantz eta Gernikarantz, zeinak sarri erabiltzen baitira. Alabaina padurako bidezidorrean kontserbazio falta sumatzen dugu, eta batzuetan arriskutsua da bide hori erabiltzea. Baditugu, halaber, kalitatezko ostatu batzuk eta eskaintza gastronomiko ederra. Hori guztia paisaia paregabean: alde batetik, padura, eta, bestetik, artadi kantauriarra, garrantzi historikoko elementuekin.
Iruditzen zait Gautegiz Arteagak ederto bat egiten duela Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren filosofiarekin.
Gobernantza: Europarc-en gomendioetako bat izan da Foro Iraunkorrean udalen inplikazioa indartzeko beharra. Zu proiektuaren hasieratik izan zara bertan, zer esango zenieke eskualdeko udalei foro horretan parte hartzera animatzeko?
Nolako harremanak dituzue udalerriko turismo-sektorearekin?
Egia da udalen aldetik inplikazio txikia ikusi dudala Foro Iraunkorrean. Askotan horren arrazoia izaten da pertsona gutxik lortzen dutela goizeko ordutegian joatea, baina beste arrazoi bat izan liteke, era berean, jendea ez jabetzea turismo-sektoreak bertako ekonomiarako duen garrantziarekin. Horri beste kontu bat ere gaineratu behar zaio: Guggenheim Urdaibairen gaiak azkenaldian sortutako zarata dela eta, biztanleriaren parte batek arbuiatu egin du turismoa, eta zaku berean sartzen ditu turismo-mota guztiak. Alabaina, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak zera lortu gura du: jasangarritasun-estandar batzuk beteko dituen turismo-eredu bat izatea, bertako ekonomiaren garapena ekarriko duena.
Etorkizunerako ikuspegia: Zer espero duzu Turismo Jasangarriaren Europako Gutunetik epe ertain eta luzera?
Herri txikia da gurea, denok ezagutzen dugu elkar, eta Udalak etengabe jarduten du harremanetan egoitza gure udalerrian duten turismo-sektoreko eragile guztiekin.
Erronkak eta zailtasunak: Zure ustez, zein dira Urdaibaik turismo jasangarrian aurrera egiten jarraitzeko dituen erronka nagusiak eta nola egin diezaiekegu aurre?
Oreka bilatu behar da bisitariak erakartzearen eta Urdaibairen esentzia gordetzearen artean; zaindu egin behar da gure eskualdea berezi egiten duena, bertako paisaia eta kultura. Ez da lan samurra, urte-sasoiko presio turistikoa baitaukagu: udan eta zubietan hondartzak eta kostaldeko herriak gainezka egoten dira, ez dago aparkalekurik, garraio kolektibo sendoagoa behar da, edo bizikletarako eta mendi-ibilaldietarako sareak sustatu. Beste erronketako bat da herritarrak inplikatzea, ikus dezaten turismoaren ondorio bakarrak ez direla etxebizitza garestitzea edo eragozpenak sortzea toki turistikoen masifikazioagatik; aldiz, ulertu behar dute bertako ekonomiaren motor izan daitekeela —eta badela—. Halere, egia da horri muga bat jarri behar zaiola, batez ere ostatu turistikoaren dinamika espekulatiboetan.
Beharrezkoa da sektorean inplikatutako eragile guztien, udalen, erakundeen, turismo-enpresen, elkarteen eta, oro har, herritarren partaidetza eta koordinazioa indartzea gobernantza hobetzeko, esate baterako, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren bidez antolatzen diren foroekin.