Ogoño

Ogoño

Kantauri itsasoari buruz aurrez aurre, Ogoñoko lurmuturrak Urdaibaiko itsasertzaren ikuspegi bikain eta ikusgarriak eskaintzen ditu. Harkaitz honen babesean, albo banatan, Lagako hondartza eta Elantxobeko portua daude. Atxukulu da Ogoñoko gailurra (308 m), baina ikuspegi onena Talaia izenekoa da, Elantxobeko arrantzaleek aukeratzen jakin zutena, arrantza dela, eguraldia dela edo piraten bisita zitala dela eta, adi egoteko erabili zutena.

Bai tontorra, bai talaia, arte, gurbitz eta endalar baso trinko batez estalita daude; baina gainaldean basoa argitu eta Urdaibairen ikuspegi ederraz gozatu daiteke.

Itsas mailatik 300 metrora bat-batean altxatzen den harritzar hau ulertzeko, haren jatorriaz hitz egin behar dugu. Ogoño arrezife ikaragarri bat da; Euskadi tropikalaren garaiko kareharrizko tontor itzela, duela 110 milioi urtekoa. Arrokan fauna askoren arrastoak daude: errudistak, koralak, ostreidoak, orbitolinak, algak, protozooak, belakiak, etab. Kareharriaren artean, halaber, prozesu karstikoek eta itsasoaren olatuen higadura kimikoak eraginda aldatuz joan den masa karbonatua dago, Ogoñon haitzulo ikusgarriak sortuz. Gure ikusmenetik kanpo ere, barrualdea leizez beteta dago. Izan ere, olatu handiko egun batean gailurrean jarriz gero, hango sifoi horietakoren batera hurbildu, eta baliteke itsasoa entzutea eta aurpegia ur-tantaz bustitzea.

Bada hegazti-espezie bat Ogoñoko itsaslabarretako haitzuloak biziki maite dituena. Ekaitz-txori txikia da. Txoritxo honek uharteetan egin ohi du habia, gizakion ardailatik urrun, baina Ogoño salbuespena da, Europan lur kontinentalean umatzen den toki bakarra baita. Informazio gehiago

Ogoñoko itsaslabarrak ere oso aproposak direnez eskalada egiteko, jarduera hori ekaitz-txori txikiaren iraupenarekin bateragarria egiteko  arauak ezarri ziren. Altuerari beldurrik ez dioten ausart horietako bat bazara, hementxe duzu jakin beharreko informazioa, Ogoñon eskalada egiteko egutegiaz eta tokiez:.Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren EKZP, 4.4.2.4 artikulua (eskalada eta/edo natura- eta espeleologia-abenturako jarduerak), B.1.3.

Harkaitz ikaragarri honek ere badu bere mitologia. Kondairak dioenez, Ogoñoko Lexia izeneko leizean ba omen ziren lamiñaku izeneko sirena-itxurako lamia batzuk, gauerditik aurrera bertaratzen ziren ausartak harrapatzen zituztenak. Ogoñoko lamiñakuen kondaira.

Nola iritsi:

Jarraitu «Itsasora bidean» ibilbideko oharrak.