Ondartzape

Ondartzape

Mundakako kala eder honek, gure kostaldeko paradisu natural aipagarri bat izateaz gain —eta batek daki bikingoak ez ote ziren badia honetan lehorreratu—, altxor tropikalak gordetzen ditu bere hormetan. Entzun duzue inoiz «Euskadi tropikala» esapidea? Bada ez gara ari gure klimak Costa Rica hezearen antz handiagoa duen garaiaz.

Urdaibairen zati handi bat arrezife-kareharriz osatuta dago, adibidez Ogoño edo Atxarre eta Ereñozar mendi-multzoa, eta Ondartzape dagoen itsasertzaren zatia horren froga garbia da. 

Gaur egun Ondartzapen ikusten dugu nolakoa zen Urdaibaiko itsas hondoa duela 100 milioi urte inguru, Behe Kretazeoaren amaieran. Hormei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu lumakela izeneko fosilez beteta daudela, hau da, arrokak nagusiki arrezifea osatzen zuten organismoen fosil-hondarrez osatuta daude. Hain zuzen ere, Urdaibaik —eta gaur egun Euskadi denak— Behe Kretazeoan klima tropikala zuten.

Itsasertzaren zati honetan dauden fosiletan, besteak beste, koralak, itsas trikuak eta belakiak aurki daitezke; Australiako arrezife batean edo Bahametan aurkituko genukeen fauna guztia. Ondartzapeko lumakelen artean, orbitolinak dira ugarienak, eta 2 mm inguruko dilista-forma dute. Lumakelei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero (Urdaibaiko interes geologikoko lekuen artean daude), sakatu hemen

Baina, nola sortu zen kala hau?

Azalpena dago kala osatzen duten materialetan. Eta, horretarako, Urdaibai sortu zen garaira bidaiatu behar dugu.

Ondartzape osatzen duten materialak bigun antzekoak dira, eta horregatik, itsasoaren etengabeko oldarraren aurrean, zulo bat sortuz joan da, gaur egungo kala den hori bilakatu arte. Eta zergatik du harea gutxi? Bada, Aritzatxu edo Antzora hondartzetan bezala, itsasoak gogor jotzen duelako. Indar hori dela eta, zulo horretako arroka-zatiak biribilduz doaz, eta hondartzan ikusten ditugun uharriak sortzen ari dira (Arriboletan argiago ikusten dira). Itsasoaren indarra handitu ahala, arroka handiak baino ez dira geratzen, eta gainerako guztia —harri xehea, harea-aleak— olatuek eramaten dute. Aitzitik, eremu bustian harea dago, eta horren arrazoia da indarra desagertzen dela harea azaleratzen denean, eta horrela, itsasbeheran, aukera dugu hondartza-zati gutxi batzuetan eskuoihala zabaltzeko.