Ondare Kulturala

Ondare Kulturala

Urdaibaik, bere padura, itsaslabar, ibai eta basoekin, kultura- eta paisaia-bilakaerarako ingurune egokia eskaini du, ekosistemak bezain iragan askotarikoaren isla. Kronologia honetan, kokalekuek, eraikuntza enblematikoek eta tokiko tradizioek aztarna ezabaezina utzi dutela ikusiko duzu, 15.000 urte baino gehiagotan zehar aurreko belaunaldiekin lotzen gaituen historia bizia artikulatuz.

Denboraren lerro hori iraganerako leiho gisa ibiltzera gonbidatzen zaitugu, non etapa bakoitzak arkeologia-, monumentu- eta etnologia-ondarearen alderdiak erakusten dituen, eta horrek Urdaibai lurralde bakar bihurtzen du, komunitatearen, paisaiaren eta memoria partekatuaren arteko lotura milenarioaren lekuko.

Santimamiñeko koba: (Erdi Madeleine aldia – K.a. 14000. urtea)

Santimamiñeko koba Ereñozar mendiaren behealdean dago eta Bizkaiko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuena da. Barrualdean Erdi Madeleine alditik (14000 urte inguruan oraina baino lehen) Kalkolitora bitarteko (4000 urte inguruan oraina baino lehen) giza egonlekuen hondakinak aurkitu dituzte, eta ia berrogeita hamar labar-pintura daude bertan. 2008an, UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen aztarnategia.

Monumentu megalitikoak

Megalitismoak monumentu ugari ditu, bereziki hilobi-monumentuak, K.a. V. milurtekotik III. milurtekora bitarte, Neolitoan eta Kalkolitoan, baserriko gizarteak finkatzearekin lotutakoak. Urdaibaiko Biosfera Erreserban, gaur egun, hamar monumentu megalitiko daude; horietatik bederatzi Sollubeko gune megalitikoan daude. Hilobi-adierazpen horietatik guztietatik Katillotxu V izendatutako monumentua azpimarratu behar da, bertan arte megalitikoaren adierazpen egituratu batzuk aurkitu baitira.

Maruelezako kastroa (Arrola) – Burdin Aroa (K.a. III. mendea – K.a. I. mendea)

Arrolako kastroa Bizkaiko Burdin Aroko herririk handiena eta Kantauri ekialdeko garrantzitsuena da. Bigarren Burdin Aroan (K.a. III. mendea – K.a. I. mendea) Urdaibaiko bizitzako gune nagusietako bat izan zen, erromatarrak iritsi arte; izan ere, erromatarrak iritsi zirenean bertako biztanleek herria utzi zuten eta ibaiertzetan eta itsasertzetan kokatu ziren.

Maruelezako oppiduma ere deitzen zaio; Euskal Autonomia Erkidegoan hobekien kontserbatuta dagoen kastroa da, eta Nabarnizko, Arratzuko eta Mendatako udalerrien artean dago, Arrola mendiaren gailurrean. Zortzi hektareako hedadura du, baina pentsatzen da hamahiru hektarea ere izan zituela. Herri osoa inguratzen zuen harresi izugarri bat ere izan zuen. Harresi horrek bospasei metroko altuera du, oinarrian 7-8 metroko zabalera eta goialdean hiru metrotik hiru metro eta erdira bitartekoa. Antza denez, herriak hiru sarrera izan zituen, baina bi bakarrik aurkitu dira. Sarreretako bat guztiz induskatuta, aztertuta eta berreraikita dago.

Gastiburuko Santutegia

Herri-tradizioak leku hau mitologiarekin eta sorginkeriarekin lotu izan du beti, akelarrea egin ohi zuten lekua zela uste baitzuten. Esparru honen helburua hori ez bazen ere, uste da K.a. III. mendean eraikitako monumentu-multzo honek balio sinboliko handia izan zuela gizartearen, politikaren eta erlijioaren arloan. Ez dirudi produkziorako erabiltzen zutenik. Horregatik suposatzen da Maruelezako oppidumeko biztanleek bilerak edo erritu-erako ekintzak egiteko erabiltzen zutela, Marueleza handik 800 metro ingurura baitzegoen.

Kosnoagako esparru gotortua

Kosnoagako kastroa Aixerrota mendiaren gailurrean dago, Gernika-Lumon, eta leku interesgarrienetako bat da, tokiko indigenak nola bizi ziren jakiteko ez ezik, tokiko indigenek Foruko erromatarrekin harremanak izateko ere. Protohistoriako aztarnategi honetan egindako azterketei esker, egiaztatu da kulturalki Bigarren Burdin Aroan kokatutako egonleku bat izan zela. Aro horretan, tokiko kulturak lotura zuen kultura zeltiberiarrarekin (K.a. III. mendea eta K.o. I. mendea).

Sorbituaga-Arriatarako monolitoa

Enrique Arzubiagak aurkitu zuen, 1983an, eta Añetu mendiaren hegoaldeko hegalean dago, Arriatara eta Sorbituaga baserrien artean. Hareharrizko bloke bat da, eta 2,12 metroko altuera du, 0,92 metroko zabalera eta 0,25 metroko lodiera. Garai batean, testuinguru megalitikoan kokatutako menhir antropormofotzat hartu zuten (larre-eremu bat mugatzeko erabiltzen zen harrizko pieza). Duela gutxi, ordea, cromlech bat dela esan dute (zati bat lurrean sartuta daukaten harriz egindako zirkulu bat, gorpu erraustu baten errautsak dituena erdian). Euskal Herrian baratz deitzen zaie, eta Burdin Aroaren hasierakoak edo Brontze Aroaren amaierakoak direla esan ohi da.

Hipotesi horiek baditugu ere, testuinguru arkeologiko garbirik ez dagoenez, gaur egun ezin dugu zehaztu zein den Urdaibaiko kultura ondareko pieza interesgarri honen kronologia eta zer esan nahi duen.

Andrabide harrobia

Ereñoko eta Gautegiz Arteagako udalerrien artean dauden harrobi batzuek Ereñoko Gorria esaten zaion kareharri bat eman dute, kolore gorrixka duena eta kalitate bikainekoa. Erromatarren garairako bazebiltzan harrobi horiek ustiatzen, eta 1990. urtera bitarte iraun du hango jarduerak.

Hemen aurkitzen dugun kareharri arrosakara itsas hondoan eratu zen, 145 milioi urtetik 60 milioi urtera bitarteko aldian, koralen eta errudisten metaketaren ondorioz. Errudistak moluskuak dira, eta haien hondakin fosilduek zaindun ederra ematen diote harkaitzari. Tonu gorrixka, berriz, kareharriak dituen burdin oxidoek ematen diote.

Ereñoko Gorria, Ereñoko marmol deritzona (baina oker), oso preziatua da apaingarri gisa, eta hainbat eraikin enblematikotan ikus daiteke, hala nola Arriaga antzokian eta Arteagako gazteluan; horrez gain, EAEko geografia osoko iturri, zutabe edo kapitel askotan dago.

Harrobien artetik Andrabidekoa nabarmentzen da, Gautegiz Arteagako udalerrian dagoena. Harrobi horren ebakidurak bisita daitezke, baina kontu handiz ibili behar da, ez baitago babes-sarerik, ezta balizaturik ere. Harrobira heltzeko, autoa harrobiaren sarreran utzi behar dugu. Sarrera Gernikara doazen BI-3242 eta BI-2238 eskualde-errepideen arteko bidegurutzetik 500 metrora dago.

Foruko kokaleku erromatarra, K.o. I. mendea – K.o. IV. mendea

Foruko Herri Erromatarra Elexaldeko mendixkan (Forua) dago, eta Bizkaiko monumentu erromatar nagusia da, bai bere hedadurarengatik, bai ondo kontserbatzeagatik. 1982an aurkitu zuten eta bertan Klaudio eta Neron enperadoreen erregealdiko okupazio erromatarraren lehen aztarnak daude (K.o. 41 – K.o. 68). Egindako lan arkeologikoei esker, hamabost hektarea inguruko herrixka bat izan zela egiaztatu da. Herrixka hori eraikin bereiziek osatzen zuten eta hesi edo harresi batek mugatzen zuen; gaur egun, herrixka horren sei hektarea kontserbatzen dira.

Tribisburuko errausketa-nekropolia, K.o. I. mendea – K.o. III. mendea

Tribisburuko aztarnategi erromatarra 500 metroko altitudean dago, Sollube mendiaren hegalean, eta Kristo ondorengo I. mendearen eta III. mendearen artekoa da. Bizkaian aurkitu den errausketa-nekropoli bakarra da eta 15 metro karratu inguruko azalera duten lau angeluko gela txikiek osatzen dute. Gela horietan, bertan hilobiratutako pertsonen errautsak eta gauzak aurkitu ziren. Dirudienez, nekropolia hurbileko egonleku batena zen; Bermeoko Tribisekoa edo Demigusekoa, adibidez.

Portuondoko kokaleku erromatarra, K.o. I. mendea – K.o. III. mendea

1986. urtean aurkitu zuten, Foruko herrixka erromatarraren arkeologia-taldea prospekzio arkeologikoko lanak egiten ari zenean. K.o. I. eta III. mendeetako zeramika erromatarraren hainbat zati aurkitu zituzten, baita bi metro inguruko lodierako kareharrizko harlangaitzez egindako lurzoruaren eta kai-muturraren hondakinak ere. Aurkitutako piezak hurbileko ingurunean zeuden nekazaritzako, abeltzaintzako eta meatzaritzako baliabideen ustiapenarekin lotura duen ohiko jardueraren adierazgarriak dira. Hala ere, aztarnategitik gehien nabarmentzen dena da aukera ematen zuela Bermeoko portutik abiatuta itsasadarrean gora egonlekuetarantz —Forukorantz, adibidez— ibiltzen ziren ontziak babestu ahal izateko eta, horrela, itsasadarrean barrena salerostea ahalbidetzen zela.

Erromatar Inperioaren gainbehera, K.o. V. mendea

V. mendeaz geroztik, Erromatar Inperioaren gainbeherarekin botere-hutsunea sortu zen eta Euskal Herriko historiaren aldi ilunenetako bat hasi zen. Urte horietan, botere berriak sortzen hasi ziren, administrazio inperialaren hondamendien gainean.

Errege-bidea edo zin-bidea

Erdi Aroan, Bizkaiko jaunek Bilbotik Bermeorako bidea egiten zuten Bizkaiko foruen zina egiteko. Bide hori garrantzitsua zen arrazoi horrengatik, baina baita Bilboren eta Urdaibairen artean ibiltzen ziren pertsona guztiek erabiltzen zutelako ere.

Montalban dorrea (783. urtea) VIII. mendea

Montalban dorretxea, 783an sortua, Mentadako Olabezarra auzoan dago. Fortún López jaunarena izan zen, Bizkaiko lehen jaunetako batena. XX. mendean, María Eugenia de Montijo enperatrizarena izan zen, Arteagako andrearena, eta geroago, Juan Tomás Gandariasen oinordekoen eskuetara igaro zen. Muino baten gainean eraiki zuten, nahiz eta dorretxeak normalean beheko aldeetan kokatzen ziren, ibaien ondoan, bertatik elikatzen baitziren burdinolak eta errotak. Hala ere, seguraski bere helburua gotorleku eta defentsa gisa erabiltzea izan zen.

Santimamiñeko nekropolia (783. urtea), V. mendea

Basondo auzoan, Kortezubiko udalerrian, XVI. mendeko ermita batek egiten die ongietorria Santimamiñeko kobazulorako bisita birtuala ikusi nahi duten guztiei.

Ermita apal horren oinetan sekretu bat gordetzen da (bat baino gehiago, egia esan). 2007ko udaberrian, eta tenplua Santimamiñeko kobaren bisita birtualetarako prestatu aurretik egin zen esku-hartze arkeologikoari esker, ikusi zen ermita honen azpian eta ingurunean Goi Erdi Aroko antzinako eliza bat eta nekropoli bat izan zirela, baita Antzinate Berantiarreko material batzuk ere. Material horiek (borrokarako aizkora bat eta brontzezko kaiku bat, adibidez) egiaztatu zuten ermitak bisigodoen garaiko fase bat izan zuela (VI. mendea). Indusketa egiten ari zirela, koba baterako sarrera agertu zen. Koba horretan, historiaurreko fauna ugari zegoen; besteak beste, errinozeroak.

Behe Erdi Aroa, K.o. X. mendea – K.o. XV. mendea

Ikuspegi sozialetik begiratuta, IX. mendean hazkunde demografiko handi bat hasi zen, eta hazkunde hori izan dela ikusten da egonleku edo herrixka berriak agertu zirelako. Jatorrian, herrixkek antolatzeko autonomia zuten eta herrixka horietan familiak bizi ziren. Familia horiek etxea eta baratzeak zituzten eta beren lursailtzat hartzen zuten lursaila komunitate osoak aprobetxatzen zuen. Lursail hori zereala egiteko, larrerako edo basorako erabiltzen zuten.

Ereñozarreko San Migel gaztelua eta nekropolia, X. mendea

Okako itsasadarraren bokaleko paraje bikaina ikusten dela, Santimamiñeko kobaren gainean, landa-eraikin bat dago. Eraikin hori, J.R. Iturrizaren arabera, Ereñoko parrokia zaharra izan zen 1660ra arte. Ermita X.-XI. mendekoa da eta Bizkaiko jaunen laborariek edo nekazariek eraiki zuten. Ermitaren barruan Erdi Aroko hilobi antropomorfo bat dago, eta albo batean mendi-aterpe erantsi bat. Baina Ereñozarreko muinoaren kokapen estrategikoak erlijio-funtzioa baino erabilera gehiago emateko aukera eman zuen, Alfontso XI.aren kronikan adierazten denaren arabera; izan ere, kronika horretan esaten denez, 1334. urtean, Bizkaiko jaun batzuk, Juan Nuñez de Lara jauna buru zutela, Ereñozarreko San Migel Gazteluan («Sant Miguel d´Erencho») babestu ziren hilabetez, Gaztelako erregeak egin zien jazarpenari kontra egiteko.

Leku hori, gainera, fantasiarako egokia denez, hainbat kondaira daude. Kondaira horietan adierazten da, besteak beste, San Gabriel arkanjelua hemen borrokatu zela demonioaren aurka eta teilatutik erortzen diren euri-urek azaleko gaixotasunak arintzen dituztela.

XIII. mendean, gazteluko patioa nekropoli gisa erabili zuten eta dorrearen hondakinen gainean eliza bat eraiki zuten. Eliza hori historiako hainbat unetan berreraiki zuten. Nekropolia XVI. mendera arte erabili zuten.

Islako San Lorentzo ermita (Gautegiz Arteaga)

Gaur egungo ermita —Gautegiz Arteagako Isla Bekoa auzoan dagoena— XVI. mendean eraiki bazuten ere, aldare nagusiaren aldean txertatutako leiho bat nabarmendu behar dugu. Leiho horrek jatorri prerromanikoa du, X. mendearen erdialdetik XI. mendera bitartekoa.

San Juan eta San Lorentzo ermita – estilo mozarabiar berantiarreko leihoa, XI. mendea

San Juan eta San Lorentzo ermita Mendatako Lamikiz auzoan dago. Ermita horretan, leiho prerromaniko berrerabili bat nabarmentzen da, X. mendetik XI. mendera bitartekoa. Horrelako leihoak ikusten dira Bizkaiko beste ermita batzuetan ere. Leihoan, idazkera bisigodoan egindako inskripzio bat dago, tenplua noiz eraiki zen oroitzen duena. Letra maiuskulan idatzitako marra traketseko testuak hauxe dio: «SANCZIUS HABAS», leihoaren karelean inskribatuta dago; eskuineko leihozangoan honela jarraitzen du: «QUI / HECDIFICABIT HAC». Itzulpena hau izan daiteke: «Sancho abadea, hau eraiki zuena».

Berreñoko San Salbador ermita – leiho prerromanikoa, XI. mendea

Gaur egungo eraikina XVI. mendean berreraiki zen, baina ermita Goi Erdi Arokoa da, XI. mendekoa den eta absidean berrerabili zen leiho prerromanikoak adierazten duen bezala.

Pareziko ermita (Busturia), XI. mendea

Ermita hau mendi-bizkar txiki batean dago, Busturiko Parezi auzoan, Solluberen inguruko mendietan. Ermita hori bazegoen 1051. urtean, Donemiliagako dokumentu batean jasota dagoenaren arabera; izan ere, dokumentu horrek dioenez, Iñigo López kondeak eta haren emazte Todak Axpeko Santa Mariaren monasterioa dohaintzan eman zioten Arabako gotzainari. Ermita eta Pareziko etxea eta horri zegozkion soroak ziren, Angiz Beazkoa etxearekin batera, Axpeko Santa Maria elizak zituen jabetzarik handienak eta hoberenak. Baita errenta handienak sortzen zizkiotenak ere.

Andra Mariaren Jasokundearen eliza (Mundaka), XI. mendea

Andra Mariaren eliza nagusia tenplu gotiko-errenazentista bat da, Mundakako talaiaren muinoan kokatuta dagoena. Eraikina askotan berritu dute: XVI. mendean berreraiki eta handitu egin zuten, 1446. urtean Butroeko Gomez Gonzalez jaunak borroka banderizoetan suntsitu ondoren; elizaren ondoan zegoen dorretxeari ere, munakatarren dorretxeari, horixe gertatu zitzaion. XVII. mendean eraberritze-lanak egin zituzten berriz, eta elizaren egungo estetika aldatu zuten. XIX. mendean beste aldaketa bat egin zioten eta gaur egun ezagutzen dugun bezala utzi zuten. Historian, XI. mendeaz geroztik daude eliza nagusi horri buruzko aipamenak, 1071. urteko dohaintza-dokumentu batean jasotzen denaren arabera. Dokumentu hori Aragoiko San Miguel de la Peña monasterioan dago.

Ugarteko San Bizente eliza (Muxika) – XI. mendea

Ugarteko San Bizente elizari buruzko lehen berri dokumentatua 1082. urtekoa da, Bizkaiko jaunak eta andreak (López Iñiguez jauna eta Tecla andrea) Donemiliagako monasterioari dohaintzan eman ziotenekoa. Aditu batzuen arabera, jatorrizko eliza X. mendean eraiki zuten. Eliza horretatik elementu batzuk kontserbatzen dira, hala nola iparraldeko fatxadako bi leihoak eta hagaburuak. XVIII. mendean, tenpluaren egitura erabat aldatu zuten, tenplua handitzeko egin zituzten eraberritze-lanen ondorioz.

Gaztelugatxeko Doniane (XI.-XII. mendeak)

Lurrari bi begiko harrizko zubi batez lotuta dago Gaztelugatxeko haitza, haitza penintsula bihurtuta, eta han San Joan Bataiatzailearen martirioari edo lepogabetzeari eskainitako ermita bat dago: Gaztelugatxeko Doniane.

Pelegrinentzako leku bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko santutegi garrantzitsuena. Leku horren izena XI. eta XII. mendeetatik ezagutzen da, hots, Bizkaiko jaunek Gaztelugatxeko Donianeren tenplua San Juan de la Peña Pirinioetako monasterio ospetsuari dohaintzan eman ziotenetik. San Juan de la Peña izenak mendeetan iraun du, eta, izen hori dela eta, pentsa daiteke Pirinioetako monasterio ospetsuaren umea dela, Bizkaiko kostaldeko lekurik malkartsuenean jaio zena, aurretik zegoen gotorleku edo gaztelu baten gainean.

Ermita, mendeetan zehar, Bizkaiko zati handi bateko biztanleen beilatokia izan da; bereziki, ondoko herrietako marinelena.

Kondairak dioenaren arabera, San Joan Bataiatzailea Bermeoko portuan lehorreratu zen eta soilik hiru pauso emanda iritsi zen leku hartara: lehenengo urratsa Bermeoko harresian zutik dirauen ate bakarrean dago, San Joan Atarian, eta azkena, ermitara igotzeko dauden 241 eskailera-mailetako batean. Gainera, oraindik badira behetik ermitaraino doan gurutze-bide baten hondakinak, 1891. urtekoak.

Santo Tomas eliza (Arratzu), XII. mendea

Arratzuko parrokia herrigunearen kanpoaldean dago, Loiola auzoan. Ez dago garbi zein den parrokiaren jatorria, eta historialariak ez dira ados jartzen zer garaitan eraiki zuten esateko; batzuek diotenez, XII. mendean eraiki zuten, eta, beste batzuek diotenez, aldiz, XIII. mendean. Iturrizak dioenez, Arratzuko Santo Tomas Apostoluaren parrokia XII. mendekoa da, Arrizua familiako jaunak eta beste oinordeko batzuek mende horretan eman baitzuten hura eraikitzeko agindua.

XIII. mendeaz geroztik, Arteagako Etxea izan zen haren ugazaba nagusi (hamarren hiru laurdenak arteagatarren orubekoak ziren eta gainerako laurdena mezetatarren oinetxekoak).

Bandokideen arteko gerra, XIII. mendetik XV. mendera

Borroka horietan hiru liskar mota daude: nobleziaren eta nekazarien artekoa, nobleziaren eta hiribilduen artekoa eta nobleziaren barrukoa. Azken enfrentamendu hori da adierazgarriena. Enfrentamendu horretan, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lurraldeetako landa-nobleziako hainbat leinu bi familiaren inguruan elkartu ziren (ganboatarrak eta oinaztarrak), eta ganboatarren eta oinaztarren leinuak sortu ziren. Busturiko Merindadean oinaztarren bandoa zen nagusi, eta XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran amaitu ziren borrokak, baldintza ekonomiko eta politiko orokorrak hobetu zirelako.

San Roman ermitaren leiho erromanikoak – XIII. mendearen amaiera

San Roman ermita —herritarrek Sandroma esaten diotena— izen bereko auzoan dago, Muxikako dorretxetik hurbil. Ermitaren fatxadan bi leiho erromaniko daude. Leiho horiek interes handia dute, ermita eraiki zen garaian —hau da, XIV. mendean— horrelako leihoak bitxiak zirelako Bizkaian. Labayruk emandako dokumentazioaren arabera, ez dakigu San Roman ermita XI. mendean ba ote zegoen, baina badakigu San Bizente ermita bazegoela. Egile horrek berak dioenez, San Roman ermita XIII. mendearen bigarren erdialdekoa izango da gutxienez. Esan daiteke erromaniko berantiarreko kasu bat dela Bizkaian.

Baliteke ermitaren jatorria ahaide nagusien etxeetan egotea; izan ere, etxe horien ondoan eraikitzen ziren ermitak eta burdinolak, eta, horrela, jaunaren familien eta haien kolonoen kultu-eskakizunak betetzen zituzten. Adierazgarria da Muxikako Maria Alfontsa andreak eta haren senarrak, Butroeko Gomez Gonzalez jaunak, 1406an testamentua egin zutenean testamentuaren klausuletako batean honako hau jaso izana: «Muxikako San Roman elizan 30 meza ematea, San Gregorio deritzotenak».

Albiz dorretxea, XIII. mendea

Albiz auzoa Bizkaiko antzinako kofradien lehen herriguneetako bat izan zen, baita albiztarren leinuaren jatorria ere. Albiztarren dorretxea behin baino gehiagotan erre zuten. Dorretxea gotiko-errenazentista estilokoa da eta XVI. mendean berreraiki zuten, baina orain hondatuta dago. Leinu hori Urdaibaiko lehen leinuetako bat da, eta, antza denez, neutrala bandokideen arteko gerretan.

Antzinako argazkietan ikus daitekeenez, bi isurialdeko teilatua zuen, eta, teilatu horrek altuera txikia zuenez, ondoriozta daiteke egungo egitura moztuta dagoela. Ikusten denez, leihoak estuak ziren, geziak jaurti ahal izateko (gezileihoak).

Albiz jauregia XVIII. mendekoa da eta bi armarri ditu: albiztarrena eta allende-salazartarrena; eskualdean oso ezagunak ziren bi leinu dira.

Gautegiz Arteagako Andra Mariaren eliza, XIII. mendea

Andra Mariaren parrokia Gautegiz Arteagako Zelaieta auzoan dago, Arteaga dorretxetik hurbil; dorretxearen jaunak elizaren nagusiak izan ziren. Gaur egun bisita dezakegun tenplua XVII. mendearen hasieran eraiki zuten, baina ez du XII.etik XIV.era bitarteko mendeetako aurrekari erromanikoa izan zuela erakusten duen elementurik.

Santa Eufemia zin-eliza, XIII. mendea

Santa Eufemia zin-eliza, edo portutik hurbil dagoelako portuko eliza esaten zaiona, Gaztelu auzoan dago; bertatik portuaren sarrera ikusten da. Ez dakigu noiz eraiki zuten; baina, egile batzuek diotenaren arabera, hiribildua sortu eta handik gutxira eraiki zuten, XIII. mendean; izan ere, eliza horri buruzko lehen aipamena 1297koa da. Santa Eufemia Bizkaiko Foru Zaharrari buruzko II. Legearen I. tituluan izendatu zuten zin-eliza, jaurerriko beste eliza hauekin batera: Larrabetzuko Goikolexea auzoko Emeterio eta Zeledonio santuen eliza, Gernikako Batzar Etxeko Antiguako Andra Mariaren eliza.

Gerekizko San Esteban ermita, XIV. mendea

Gerekizko San Esteban zin-ermita Gerekizko gainean dago (Morga), eta Bizkaiko parrokia zaharrenetako bat da. Ermita horretan erromatarren garai berantiarreko hiru hilobi-harri aurkitu zituzten, XIV. mendekoak.

Hilobi-harri horietako batean inskripzio hau aurkitu zuten: «TE SEMPRONIE / CONIUGI SUE / POSUET / MEMORIA / CONS

CCCC». Itzulpena hau izan daiteke: Terentziok bere emazte Semproniaren oroimenez jarri zuen kontsuletxean 400. Beste hilobi-harri batean hiru lerroko inskripzio hau dago:

(SE) VERINIA (CONI)

VGI SVO SALV (IC)

ALO CERTIMIO

Itzulpena hau izan daiteke: Oroigarri hau Severianak bere senar Salvicalo Certimiori eskaini zion.

1961ean tenpluan sute handi bat izan zen, eta 1992an berreraiki egin zuten. Ermitaren harresian, ermitan aurkitutako hilobi-harrien erreplikak jarri zituzten. Jatorrizkoak Bilboko Elizbarrutiko Museoan daude.

Ibarruriko San Pedro eta San Pablo ermita, XIV. mendea (XIII. mendea???)

Ermita hau Muxikako Eleizalde auzoan dago, eta Bizkaiko estilo arotz-gotikoko tenplu interesgarrienetako bat da. Tenplua bi garaitan eraiki zuten: aldare nagusiaren aldea XIII. mendekoa da, eta habeartearen gainerako zatia eta portada, berriz, 1500. urtearen inguruan egin zituzten. Aldarearen gainean egurrezko kanoi-ganga bat dago, oso ohikoa Euskal Herrian. Kanoi-ganga horri zeru deitzen zaio eta mezerdikoan eukaristia babesteko eraikitzen zen.

Gotiko primitiboko portadan elementu hauek nabarmentzen dira: arkubarneran (arkuaren barrualdea alde konkabotik) lau iruditxo ikus daitezke; bik musikariak irudikatzen dituzte, eta, beste bietatik, batak San Petri irudikatzen du, giltza duela, eta besteak San Paulo, liburua duela. Kapitelak gerrariak irudikatzen dituzten iruditxoekin dekoratuta daude, eta, gotikoak badira ere, tipologia erromanikoa dute.

Ermitaren barruan, 1730eko bi irudi barroko daude: San Petrirena eta San Gregorio Handiarena. San Petri egunean, ekainaren 29an, santuen omenezko meza ematen dute, eta Aste Santuan gurutze-bidea egiten dute Jasokundearen parrokiatik ermitaraino dauden egonaldiei jarraikiz.

Zarragoitxiko gaztelua, XI. mendetik XIV. mendera

Bermeoko Zarragoitxi mendiaren gailurrean, Gernika-Lumotik hiribildura iristen zen bidearen sarbideak zaintzeko funtsezkoa zen toki batean, egile batzuen ustez Bizkaiko jaunek Bermeoko hiribilduan zuten alkazarra dago. Beste teoria batzuek, aldiz, adierazten dute alkazarra Bermeoko Erdi Aroko erdigunearen erdi-erdian zegoela, hots, Jasokundearen Andra Mariaren Eliza dagoen tokian.

Gaur egun, badakigu Bizkaiko jaunek Bermeon alkazarra zutela, Iturriza historialariak Historia de Vizcaya lanean aipatu zuelako; izan ere, lan horretan adierazi zuen Alfontso XI.ak 1334an, Bermeo bisitatu zuenean, Bizkaiko jaunen alkazar galantean hartu zuela ostatu. Labayruk, ordea, adierazi zuen erregeak gotorleku batean hartu zuela ostatu. Alkazarraren kokapena alde batera utzita, badakigu hiribilduak harresia eraikitzeko galdu zela alkazarra, Tello konde bizkaitarrak (Alfontso XI.aren semea) hura lagata.

Kurtzio ermita, XIV. mendea

Ez dakigu Kurtzio ermita edo Gurutzearen ermita noiz sortu eta eraiki zuten, baina badakigu 1354. urteaz geroztik bazegoela, Arrantzaleen Kofradiaren ordenantzei esker; izan ere, ordenantza horien lehen kapituluan, Kofradiako maiordomoak nola aukeratu behar ziren esaten zen, eta Santa Marina elizan edo ermitan aukeratu behar zirela. Gaur egun, Kurtzio ermita deritzo, ermita kokatuta dagoen auzoak izena horrela duelako eta, era berean, eszena hori dagoelako ermitaren aldare nagusian (gurutziltzaketaren eszena, alegia). Ermitari Santa Mañe ere deitzen zaio.

Gaur egun dugun eraikina XX. mendearen hasieran egin zen esku-hartze handi baten ondorio da. 1983ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten tenpluan. 1984an konpondu zuten eta urte horretan kata arkeologiko batzuk egin zituzten. Kata horietan XV. eta XVI. mendeetako hezur-hondakinak zituzten hainbat hilobi eta K.o. II. mendeko zeramikazko hainbat pieza (Terra sigillata) aurkitu zituzten. Obra horiei esker, leiho erromaniko interesgarri batzuk ere agertu ziren absidean eta hegoaldeko zatian, baita jatorrizko ate zaharra ere.

Frantziskotarren komentua eta klaustroa, XIV. mendea

Bermeoko frantziskotarren komentua 1357. urtean sortu zuten Bizkaiko jaunek, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako zaharrena da. Klaustroa, berriz, litekeena da Euskal Autonomia Erkidegoko zaharrena izatea. Klaustroa 1424. eta 1504. urteen artean eraiki zuten, kareharrizko harlanduz, eta dekorazioa, neurri handi batean, borrokan edo ehizan ari diren animalia harraparien bidez kontatutako ikonografiari eskainita dago. Komentuak, azken mendeetan, gorabehera askori egin behar izan zion aurre; esate baterako, gerren ondorioei, desamortizazioei, eta abarri. 1882an, eskola jarri zuten lehen solairuan. 1886an, pisu erreala jarri zuten beheko solairuan, eta udal-epaitegia. Azkenik, 1928an, udal-merkatua komentuaren klaustrora eraman zuten, eta komentuaren irudia izugarri aldatu zen, 1994ra arte; orduan, zaharberritu zuten.

Muxikako dorretxea, XIV. mendea

Muxikako dorretxea mendi-bizkar batean dago, eta bertatik ikuspegi zabala ikusten da, muxikatarren leinukoa. Dorretxea estrategikoki kokatuta dago, Bilbotik Gernikara eta Bermeora eta Durangaldeko barrualdera doan Erdi Aroko bidea kontrolatzen baitu. Ez dakigu noiz eraiki zuten, baina egungo eraikuntza ez da Juan Galindezek eraiki zuen jatorrizko egurrezkoa. Juan Galindez arkitektoa Hurtado García de Abendañoren hiru jaraunsleetako baten semea zen. Abendañotarren leinua eta muxika-butroetarren leinua bandokideen gerretan ibili ziren. Muxika-butroetarren orubea Bizkaiko garrantzitsuenetako bat zen, eta, hain zuzen ere, abendañotarrenak bakarrik gainditzen zuen aberastasunari eta botereari zegokienez. 1451n, ermandadeek eraikina erre ondoren, landa-jauregi bihurtu zen. 1782. urtean berritu egin zuten, eta gaur egun duen altuera eman zioten, jatorrizkoa baino txikiagoa.

San Juan portalea (Bermeo), XIV. mendea

San Juan portalea Bermeoko harresian zeuden zazpi ateetatik zutik dirauen ate bakarra da. Harresia defentsarako erabiltzen zuten; baina, horretaz gain, harresi barruko eremuaren eta hesiz kanpoko eremuaren arteko mugak ezartzen zituen. Harresi-barruko eremuan bizi zirenek abantaila batzuk zituzten. Esan daiteke 1334. urtean eraiki zutela, urte horretan Alfontso XI.a erregeak 2000 marabedi eman baitzituen harresia eraikitzeko. 1353an, haren semeak, Tello konde jaunak, Bizkaiko jaunen alkazarreko harriak eman zituen harresia eraikitzen bukatzeko. Harresiak zituen zazpi ate edo portaletako bakoitza hiribilduarekin lotzeko bide nagusietatik hiribildura sartzeko bidea zen. San Juan portaleak Bermeo eta Gaztelugatxeko Doniane lotzen zituen.

Madariaga dorretxea, XIV. mendetik XV. mendera

Dorrea eraikin osoaren obrarik zaharrena da, XV. mendea baino lehenagokoa. Garai hartako egoera politikoa eta bandoen arteko gerra istilutsua zirela eta, dorreak funtzio militarra betetzen zuen; baina, era berean, eginkizun ekonomiko oso garrantzitsua zuen, handik inguruko ekoizpen-jarduera gehienak kontrola baitzitezkeen. Dorreari atxikitako jauregia XVIII. mendearen amaierakoa da. Gaur egun, dorrean Ekoetxea Urdaibairen ingurumen-zentroa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bulegoak eta Madaixagane jatetxea daude.

Bandokideen gerraren amaiera

Bandokideen arbitrariotasunaren eta indarkeria feudalaren aurka, landa-kapareek eta hiribilduetako auzotarrek eutsi egin zioten, hainbat mekanismo erabiliz. Haien artean, nabarmentzekoa da ermandadeak edo aliantzak sortu zituztela ordena publikoa mantentzeko eta Ahaide Nagusien eta haien aliatuen bidelapurreriaren aurka borrokatzeko. Ermandadeek foru-zuzenbidearen aurrekari diren lege- eta arau-kidego propioak eta Batzar Nagusietan ordezkatutako gobernu organoak izan zituzten. Horiek guztiek, XV. mendearen erdialdeko suspertze ekonomikoarekin batera, euskal lurraldeak baketzen lagundu zuten.

Aro Modernoan zehar, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen batzarren bidez gobernatzeak, eta probintziak sendotuz joan ziren, aldundien eraginez.

Ertzilla dorrea

Antza denez, XVIII. mendean Bermeok izan zituen hogeita hamar dorretxeetatik, gaur egun Ertzilla dorrea baino ez dago. Dorrea XV. mendearen bukaerako eraikina da, eta, defentsa-ezaugarriak izan arren, bizitegi-erabilera izan zuen. Dorrea ertzillatarrena izan zen, Torronteroko begiratokian dago, eta leku estrategikoa da hiribilduko portu historikoa ikusteko. Gaur duen irudia oso urrun dago irudi horretatik, eta horren arrazoia da 1948an eraberritu egin zutela. 1944an, Ertzilla dorrea monumentu nazional izendatu zuten, eta, 1947an, Bizkaiko Aldundiak bereganatu zuen. 1948az geroztik, Arrantzaleen Museoa dago eraikinean.

Arrietako San Martin eliza

Arrietako San Martin eliza hiru fase, garai eta estilotan eraiki zuten. Tenpluaren zatirik zaharrena dorrearen fustea da, estilo gotikokoa bera, eta XV. mendearen amaierakoa da. Dorrea Bizkaiko zaharrenetako bat da. Elizaren gorputza XIX. mendean egin –berregin– zuten, estilo neoklasikoan; atxikitako kapera eta kanpandorrea, aldiz, XX. mendekoak dira, 1910ekoak hain zuzen ere. Kapera Acillona familiaren jabetzakoa da (bertan daude ehortzita familia horretako kideak), eta kanpandorrea, berriz, familia horren dohaintza.

Gernika-Lumoko Andra Maria eliza (XIV. mendea)

Gernikako Andra Mari eliza XV. mendearen erdialdean hasi ziren eraikitzen, estilo gotikoa eta errenazentista uztartuz eta gehigarri barroko batzuk (kanpai-horma) erantsiz. Barrualdean, alboetako kapera bereziak nabarmentzen dira, arku-hilobien azpian, eta, kanpoaldean, portada gotikoa, turuta-itxurakoa, apaindura eskultoriko aberatsekoa. Horien artean, mainela nabarmentzen da; Ama Birjina Jesus Haurrari eusten ageri da hor.

Eliza hori Gernika-Lumoko Erdi Aroko hiribilduko biztanleen oparotasunaren eta gaitasunaren ikur gisa eraiki zen.

Santiago Apostoluaren eliza (Kortezubi), XV. mendea

Santiago Apostoluaren tenplua estilo gotikoko eraikin bat da, XV. mendean egindakoa. Apaindura askorik gabeko eraikin bat da, komunitatearen garai horretako ahalmen ekonomiko urriaren erakusgarri. Izan ere, komunitate hori nekazari eta abeltzainek osatzen zuten. Elizako elementu artistiko aipagarrienetako bat bataiarria da; kapitel erromanikoa dauka, eta XII. mendekoa izan daiteke.

Artzubi zubia, XVI. mendea

Izenak berak dioen bezala, Gola ibaiaren gaineko zubi hori harriz eraiki zuten, eta badirudi ezaugarri horrek inguruko beste batzuetatik bereizten zuela. XVI. mendean eraiki zuten, eta kareharrizko harlanduz egindako arku bakarra du; zubiaren gainerako gorputza, aldiz, harlangaitzezkoa da. Zeharkatzen duen bidea bi isurikoa da, eta altuagoa da erdialdean sarbideetan baino. Errekarriz egindako enkatxozko zoladura du, eta Mendata eta Arratzu lotzen dituen galtzada zaharraren jarraipena besterik ez da.

Hiru tutuen iturria – Bermeo

Hiru tutuen iturria, Portu-Zarra iturria ere esaten zaiona, Bermeoko portu zaharraren erdigunean dago, kokaleku estrategikoa bera, iturriaren eginkizun nagusia itsasoratzen ziren itsasontziak urez hornitzea baitzen. Bizkaian kontserbatu den ur-hornitzailerik zaharrena da, eta Karlos V.aren agintaldiko adibide errenazentista bikaina da. Tutuen gainean, tenple neoklasikoan, hiru armarri daude: erdian, Gaztelako erresumako armarria, bi buruko arrona koroatuak irudikatua, lehoi baten eta gaztelu baten gainean; ezkerraldean, Bermeoko armarririk zaharrena, hiribilduko armak dituena: bi otso txalupa baten gainean, lau arrantzale txalupa barruan eta balea bat oinean; eta, eskuinaldean, Bizkaiko armarria, honela irudikatua: armarriari eusten ari den lehoi baten burua, atzaparrak eta isatsa ikusten dira eta armarrian bi otso ageri dira haritz baten enborra gurutzatzen. Datu bitxi gisa, armarri horiek gaur egun desagertuta dagoen Talaiako Andre Mariaren elizaren eliz atarian zeuden.

Axpeko Santa Mariaren eliza, XVI. mendea

Gaur egungo eliza XVI. mendekoa da, eta jatorrizko tenpluari jarraipena ematen dio. Jatorrizko tenplua 1051n dokumentatuta zegoen. Tenplua Busturiko Axpe auzoan dago, Atxapunteko malkar handiaren oinarritik hurbil.

Baina hegoaldera begira dagoen portaleak adierazten du argien, habeartearen erdiko tartean, tenpluaren kronologia, errege-erregina katolikoen estiloa izenekoa gogorarazten duen pantaila apaingarri bat baita. Portale hori, higadurak eta eliz atari zahar baten arrastoak unean-unean aldatu zutena, deigarria da, gainera, bera lantzeko erabilitako hareharriarengatik, kontraste handia egiten baitu tenpluko kaxa osoan erabilitako kareharrizko harlanduaren grisarekin.

Tourseko San Martin eliza (Forua), XVI. mendea

Tourseko San Martin tenpluak Bizkai osoko sekuentzia historikorik osoena dauka. Egungo eliza XVI. mendearen hasieran sortu zuten, eta areto gotiko-errenazentistako elizen ereduarekin bat dator; espazioak ez daude banatuta, eta, horri esker, ikuspegia ez dute eteten ez hormek, ezta beste osagarri batzuek ere. Elizaren barrualdean erretaula nabarmentzen da, Juan Urkiza maisuak 1754. eta 1759. urteen artean egindako rokoko estiloko narrazio-izaeragatik.

Eliza kokatuta dagoen tokiak azken milurtekoaren zati handi bat konta lezake; San Martin elizaren barnealdean egindako lanei esker jakin da leku hau Erromatar Goi Inperioaren Garaitik (K.o. I. mendea) okupatzen jarraitu dela gaur egun arte, eta Euskadiko kostaldeko populazioaren bilakaeraren eta ezaugarrien eredu historiko bat sortzeko datuak eman ditu:

  • Tenplua Foruko Erromatar Herrixkaren orubearen gainean eraiki zen (K.o. I. mendetik IV. mendera). Gaur egungo elizaren behealdean, koruaren azpian, harresi-egitura bat berreskuratu da, Erdi Aroko nekropoliaren mailen azpialdean. Egitura hori erromaniko aurreko eraikin baten oinplanoaren zatia izan daiteke.
  • Gaur egungo tenpluaren aurretik beste eliza bat eraiki zuten. Eliza horren ezaugarri teknikoak direla eta, esan daiteke Behe Erdi Arokoa dela, XIV. mendearen ingurukoa.
  • Koruaren azpian nekropoliaren zati bat dokumentatu zen, eta egungo eraikina egin zuten garaiarekin lotu behar da; beraz, XVI. mendeaz geroztik egin zela esan daiteke.
  • Elizaren erdiko eremuan leku honetan dokumentatutako nekropolirik modernoena aurkitu zen. XVIII. mendearen erdialdean sortutako hilerria da.
Idibaltzagako Andre Maria eliza (Errigoiti) XVI. mendea

Idibaltzagako Andre Maria multzo erlijiosoa Errigoitiko Eleizalde auzoan dago. Tenpluaren zati bat bi datatan eraiki zuten: hormak eta portalea XVI. mendekoak dira; barrualdea, berriz, XIX. mendean egindako eraberritzearen ondorio da.

Eliza hori bera Errioxako Donemiliagako 1051ko dokumentu batean aipatu zen; beraz, horrek esan nahi du egungo eliza aurretik zegoen Erdi Aroko beste eliza baten gainean eraiki zela.

Zalantzarik gabe, Errigoitiko elizatik emakume baten momia nabarmendu behar da: Gorputz Santue. Momia hori mirarigiletzat hartzen da hizketa-arazoak tratatzeko. Gurasoek momia horrengana eramaten zituzten hitz egiteko garaian atzerapenen bat zuten edo mintzairan akatsen bat zuten seme-alabak, eta, momiak miraria egiteko, haurrek hiru bira eman behar zituzten parrokiaren elizatearen inguruan; horrez gain, haurrek musu eman behar izaten zioten momia horren eskuari.

Idibiltzaga izenak kondaira batean du jatorria. Kondaira horrek dioenez, Errigoiti hiribildu izendatu ondoren, Errigoitiko biztanleek beste eliza bat eraikitzea erabaki zuten, baina eliza eraikitzeko ekartzen zuten material guztia eliza zaharrean aurkitzen zuten. Errigoitikoek gaizkileak harrapatzeko asmoz, gau batean hamabi errigoitiar ezkutatu egin ziren eta hauxe ikusi zuten: bi idi ari ziren enborrak eramaten –bata beltza eta bestea zuria–, eta birjina batek gidatzen zituen. Idi beltza lokatzetan gelditu zen, eta Ama Birjinak segitzeko agindu zion : «Ea, idibalzaga» Eta Ama Birjinak eta idiek aurrera jarraitu zuten eliza zaharreraino. Horregatik, elizari «Idibaltzagako Andre Maria» deritzo.

Elizaren ondoan dagoen haritz bakartiari buruz ere antzinako kondaira ugari daude. Ziur asko, Auzo Batzarren bilgunea zen, batzarrak erreferentziazko zuhaitz batetik hurbil egiten baitziren beti. Esaten denez, eliza horretan Maria Diaz de Haro I.a «Ona» Bizkaiko andre izendatu zuten.

Ibarrangeluko San Andres eliza, XVI. mendea

San Andres eliza XVI. mendekoa da, eta Erdi Aroko eliza zaharrago baten ordezkoa. Beste hura galdu zen. Kanpotik, Jesusen Bihotzaren eskultura batez errematatutako 1922ko dorre handi bat ikusten da, baina barruan dagoenak egiten du tenplu hau bere generoan paregabea izatea: barruko ganga apartak. Sartzean, begirada gorantz joaten da ezinbestean: egur polikromatuzko teilatu bat ikusten da, hamabost ganga izartsu eratzen dituzten zurezko arku, giltzarri eta nerbioz osatua.

Ganga horiek gotiko berantiarreko harrizko nerbioekin egindako diseinu konplexuak irudikatzen dituzte, XVI. mendearen hasieran erresumako elizarik eta katedralik onenetan modan zeudenak. Beren garaiko arkitektura ezagutzen zuten adituek egindako erreplika bat da, baina aditu horiek beren garaiko gusturik zorrotzena asebete nahi zuten beren ingurunean aurkitzen zuten material merkeak erabiliz, hau da, haritzaren zura erabiliz. Ganga horiek Herbehereetan eta Frantziako iparraldearen soilik ziren ohikoak; beraz, horrek erakusten du euskaldunek harreman estua zutela eskualde horiekin. Gangen eraikuntzak harreman handia du itsasoarekin ere, gangak eraikitzeko balearen mihia erabili baitzen.

Bolunzulo 1 eta Bolunzulo 2 errotak (Kortezubi), XVI. mendea

Bi errotak Kortezubiko Omako haranean daude, XVI. mendean eraiki zituzten, eta Bolunzuloko bi errotek hiru alderdi deigarri dituzte. Lehenengoa da ez dutela ez ubiderik ez uharkarik. Izan ere, errekaren desnibel naturala aprobetxatzen dute eta, hortaz, presa eta eraikina bat eginda daude. Bigarren alderdia errotei ematen zaien herri-erabilerarekin lotuta dago; horretan, ingurualdeko adibide bakarra dira. Inguruabar hori bat dator errotak kokatuta dauden testuinguru geoekonomiko eta sozialarekin. Bolunzulo 1 eta Bolunzulo 2 XX. mendera arte martxan egon ziren. Azkenik, ingurune honetan Omaerreka ibaia osorik barneratzen den hustubidea nabarmendu behar da. Ibaia hustubide horretatik kilometro bat igarotzen da lur azpitik eta berriro gainazalean agertzen da.

Kurtzio ermita (Busturia)

Horrelako ermitak herrien sarreran, antzinako galtzadetan eta elizetatik hurbil jartzen ziren. Gorpuak eliza nagusira eramaten zirenean ehorzteko, ohikoa izaten zen ermita honetan gelditzea eta gorpuak ermita honetan uztea, gorpua bertan zela meza emateko.

Legendikako Ama (XVI. mendea)

Legendikako Ama parrokia Kanala auzoan dago. Errenazimentuko eliza xume bat da, 1523an eraiki zutena. Habearte bakarrekoa da eta estalkia egurrezkoa du. Ganga-itxurako sarbide polita du eta aparailua ez da txarra. Ikus daitezkeen egur-habeekin estalita dago. Erdi-puntuko bi sarbide ditu: bata, albotik, eta, bestea, aurrealdetik. Dorrea, XIX. mendekoa, arrunta eta altuera txikikoa da. Gaur egun, barnealdea oso eraberrituta dago, eta harria begien bistan da, bera estaltzen zuen luzitua kendu egin baitute.

Legendikako Ama parrokiak gordetzen duen elementu artistiko garrantzitsuenetako bat gaur egun desagertuta dagoen erretaula erromanista baten erliebea da, zalantzarik gabe. XVI. mendean data daiteke eta Birjinaren Jaiotzaren eszena bat adierazten du.

Kanpoan, Kanalako kanposantua dago. Sarbidean, 1945eko data jarrita dauka. Tenpluaren aurrealdearen ondoan, bataiarri paralelepipediko interesgarria ikus daiteke. Gainean, kopa galloidun bat du. Bataiarria XVI. mendekoa da, eta, beraz, eraikina egin zen garai berekoa da. Duela gutxi arte barnean gordetzen zen.

Gurutze Santua ermita, Bizkargi (XVI. mendea)

Gurutze Santua ermita Morga mendiaren tontorrean dago. Kalte handiak pairatu zituen gerra zibilean. Ermitaren kokapena oso estrategikoa zen, defentsarako hesitik edo Bilboko «Burdinazko Hesia» esaten zaion lekutik hurbil dagoelako. Ermita honek XVI. mendeko hormak eta portalea mantentzen ditu, estilo errenazentistakoak, eta barruan 1580. urteko Kristo bat dago. Data fatxadako plaka batean adierazita dago. Gailurra leku egokia izango zen paisaia ikusteko, baina, pinuak landatu direnez, leku batzuetan bakarrik ikus daiteke.

Urtubiaga errota eta burdinola (XVI. mendea)

Eako burdinola eta errota hauek osatzen dituzte: elkarri atxikitako lau eraikinen bizitegi- eta ekoizpen-multzoak, haiekin lotura duen sistema hidraulikoak —presa, kanala eta erregulazio-andela—, higiezinen aurrean dagoen harrizko zubiak eta babes-eremuak. Kostaldetik kilometro-erdi ingurura dago, Ea itsasadarraren ezkerraldean ibaian behera, eta zelaiz eta basoz inguratuta dagoen landa-ingurune batean.

Burdinolarekin, errotarekin eta haien kokapenarekin lotuta dokumentuetan azaltzen diren aipamenak XVIII. mendekoak eta XVI. mendekoak dira.

Terlegizko labea (Kortezubi), XVII. mendea

Kortezubitik Santimamiñera doan errepidearen eskuinaldean dago teknika arabiarreko labe hau. Egin diren karbono-14ko datazioen arabera, XVII. mendearen inguruan eraikitako teila-labe bat izan daiteke. Bi kebideko labea da eta adreilu trinkozko arku diafragmatikoak ditu. Labeak bi ganbera ditu; bata errekuntza-ganbera da, eta kanpora irekita dago, puntu-erdiko arku horien bidez, eta bestea egoste-ganbera da. Azken ganbera hori mendian erdi induskatuta dago, aurrekoaren gainean; eskuz zabaldutako buztin egosiz estalitako hormak ditu, eta zulo-sistema baten bidez lotzen da lehenengo labearekin.

Ozollo marea-errota (Gautegiz Arteaga), XVII. mendea

Ozollo errota, Ozolloko errota, Kobaerrota edo Portuerrota marea-errota Urdaibaiko estuarioan XVIII. mendean zeuden mareako sei irin-errotetatik dirauen bakarra da, eta Bizkaian hobekien kontserbatuta dagoena.

Marea-errota horiek, ibai-errotek ez bezala, itsasgoraz baliatzen ziren ura presetan biltzeko eta, ondoren, errota-makina abian jartzeko; ura askatzen zuten eta ur horrek abian jartzen zuen errotarrien makineria birakaria. Errota honi Portuerrota eta Kobaerrota ere deitzen zaio. Errota honetan eta Errota Txikiko errotan ehotzen zen Arteuriak, Orueta eta Ozolloko antzinako ibarretan landatzen zen zereal guztia.

1683. urtearen inguruan eraiki zuten, Arteagako jaunen ekimenez. Harrizko hiru horma zituen, eta XX. mendearen lehen hamarkadetan utzi zion funtzionatzeari, eta bizileku pribatu bihurtu zen.

Olazarra burdinola (Arratzu), XVII. mendea

Olazarra burdinola jasota dago XVII. mendearen erdialdeko dokumentuetan. Bañosko konde-kondesen jabetzakoa zen, eta, ondoren, 1799. urtean, arteagatarren leinuko Montijoko kondesarena. Burdinola nagusi garrantzitsua izan zen eta garai hartako industria astuna osatzen zuen. Burdin mineral asko urtzen zuten, totxoak edo burdin barrak egiteko, eta horiek kanpoan saldu zitezkeen eta, batez ere, penintsulaz kanpoko eremuetara esporta zitezkeen.

Uharka betetzen zuen ura Golako ibaian gora oraindik kontserbatzen den presan biltzen zen, eta Arratzuko Santo Tomas eliza dagoen Elexaldeko mendixka inguratzen zuen kanaletik garraiatzen zen. XIX. mendearen erdialdean utzi zion funtzionatzeari.

Euskal burdinaren krisiaren ondorioz, errota bihurtu zen. Erantsitako eraikina bi ardatzeko irin-errota izan zen XX. mendearen azken bi hamarkadetara arte. Euskal burdinaren krisiaren ondorioz, errota bihurtu zen. Erantsitako eraikina bi ardatzeko irin-errota izan zen XX. mendearen azken bi hamarkadetara arte.

Mundakako Liburutegia, 1632 (XVII. mendea)

Egungo udal-liburutegia dagoen eraikina Donejakue Bidea egiten zuten erromesentzako ospitalea izan zen antzina. Gaixo kutsakorrak zaintzeko ere erabili ohi zen. Ez dakigu noiz inauguratu zuten, baina badakigu 1632. urtean itxi zutela Bizkaiko Jaurerriak aginduta.

Eraikinak estilo herri-neoklasikoa du, eta hiltegi edo arrantzaleen lonja gisa ere erabili zuten.

Aristieta jauregia

Ajangizko Kanpantxu auzoaren ibarrean dagoen jauregi handientsua. Egungo eraikina zaharberrituta dago. Antza denez, udalerriko burdinola garrantzitsuena egon zen eraikin horretan, eta handik hurbil zegoen Goikoerrota burdinolarekin batera multzo protoindustriala osatu zuen. Olaeta-arestietatarrek eraiki zuten, XVII. mendean. Francisco Ignacio Olaeta eta Arestieta eta haren semea, Juan Olaeta Arestieta eta Trobika, eraikin horretan jaio ziren; biak Bizkaiko Jaurerriko ahaldun nagusi izan ziren. Jauregi barrokoa da eta San Joan lepogabetuari eskainitako kapera bat du. Jatorrizko familiak jauregia utzi zuenean, baserri bihurtu zen.

Aro Garaikidea

Aro Garaikidearen hasierak ez zuen ekarri Euskal Herriaren lurralde-egituraketa. Iparraldeko euskal eremua Napoleonen estatu zentralistaren agindupeko lurretan txertatuta geratu zen, eta mendearen lehen herenean Frantziako dinamika politikoaren arabera bizi izan zen: iraultza-asaldurak, iraultza liberala 1830ean eta demokratikoa 1848an. Penintsulako euskaldunek, gerra zibil odoltsu baten ondoren, materialen eta giza bizitzen suntsipenak, zorpetzea, errepresioa, deportazioa eta erbesteratzea bizi izan zituzten, baina, horretaz gain, ikusi zuten foru-sistemak suntsitu egiten zizkietela eta sistema horien hondakinak bertako sektore liberalek kudeatzen zituztela, sortzen ari zen Espainiako Estatu liberalaren esparruan.

Ikoako errota (Gautegiz Arteaga), XVIII. mendea

Marea-errota hau Gautegiz Arteagako Ozollo auzoan dago, ibaian behera abiatuta. Gaur egun, haren hondakinak besterik ez da geratzen, baina hondakin horietatik harri bakar batez egindako zubi polita nabarmendu behar da. Errotari izen hori jarri zioten aldamenean pikondo bat zuelako. Bi errotarri-pare zituen, eta zama-biltegiaren zati bat ikus daiteke, haren banaketa- edo zamaketa-ezpondak eta guzti.

Alegria jauregia, 1733

Gaur egun Euskal Herriko Museoaren egoitza da. 1733. urtean eraiki zutenoraingo Alegria jauregia, eta bonbardaketatik libratu zen Gernikako zatian dago, Batzar Etxearen eta Europako Herrialdeetako Parkearen ondoan. Hasieran dorretxea izan zen, beheko solairuko aretoan ikus daitezkeen kareharri grisez egindako harresiaren hondakinek adierazten duten bezala. Dorretxearen jabeak ibarguentarrak izan ziren, bertako familia noble garrantzitsua. Familia horretako kideak errege-erregina katolikoaren anfitrioiak izan ziren erregea 1476an Gernikara Foruen zina egitera etorri zenean. Horrez gain, familiako kideetako batek, Iñigo Ortiz de Ibarguenek, Bizkaiko Foru Berria idatzi zuen, 1526an.

Jatorrizko etxeari su eman zioten 1717an piztu zen gizarte-matxinadan; Aduanen Matxinada izenekoan, alegia. Matxinada hori sortu zen Borboiek Euskal Herriko aduanak Ebroren lerrotik kostaldera eramateko asmoa zutelako eta aldaketa horrekin portuetatik sartzen ziren merkantziak garestitu egiten zirelako.

Txirapozu jauregia (Busturia), 1791

Txirapozu jauregia Busturiko Altamira auzoan dago. Txirapozu jauregiaren jatorria 1791koa da. Manuel Txirapozuk jarauntsi zuen etxea, Mexikotik itzuli zenean, eta goitik behera berregin zuen orduan.

Etxe honekin bi pertsona garrantzitsuk dute lotura; bata Jose Eusebio Txirapozu da, inguruko enpresaburu garrantzitsua, eta bestea Jose Maria Uzelai, euskal margolari garaikide nabarmenetako eta ospetsuenetako bat. Azken hori 1952tik 1978ra bitarte bizi izan zen etxe horretan.

Txirapozu jauregia landako bizileku bat da. 1793an bukatu zuten jauregia eraikitzen, eta malda txiki batean dago, Gernikako itsasadarra ikusi ahal izateko. Hasierako etapako estilo neoklasikoan eginda dago; beraz, aurreko estilo barrokoaren aztarnak agerikoak dira.

Andra Mariaren eliza (Bermeo), XIX. mendea

Garai bateko Talaiako Andre Mariaren harriekin berreraiki zuten Jasokundeko eliza. Gaur egungoa 1823an hasi ziren eraikitzen; baina, garai hartako egoera historikoaren ondorioz, 1858ra arte ez zuten inauguratu, gerra karlistak eta independentziaren gerra orduan izan baitziren. Kanpandorrea ez zuten 1898ra arte eraiki.

Kanpoaldean, doriar erromatar ordenako zutabe eta pilastren bidez egituratutako fatxada nabarmentzen da (ez du elizari izena ematen dion Ama Birjinaren apaindurarik eta izenik). Euskal Herriko neoklasizismoaren adierazgarrienetako bat da.

Goikoerrota (Ajangiz), XIX. mendea

Berrekondo ibaiaren ertzean dago, presa zaharretik metro gutxi batzuetara. Hurbileko bi errekastoren ura biltzen duten bi presa ditu. Hainbat mendetan burdinola indartsua izan zen eta Somorrostroko meategietatik (Bilboko itsasadarraren ezkerraldetik) zetorren burdin mineralaz hornitzen zen. Azken urteetan, nekazaritzako lanabesak eta, batez ere, iltzeak ekoizten espezializatu zen. Geroago, burdinaren ekoizpenaren gainbehera iritsi zenean, errota bihurtu zen, eta duela gutxi arte minizentral hidroelektriko gisa funtzionatu du, Gernika-Lumoko hiribildua energiaz hornitzeko.

Mundakako kasinoa, 1818

Mundakako kasinoa, jatorriz, herriko Arrantzaleen Kofradia izan zen, eta 1818an eraiki zuten. Kasinoaren jatorria 1856an dago, «Fraternidad Mundaquesa» elkartea sortu zutenean. Elkarte horren helburu nagusien artean, bazkideen hezkuntzarako balio izango zuten liburutegi bat eta hemeroteka bat eratzea zegoen. Urte batzuk tokia bilatzen eman ondoren, 1890ean Arrantzaleen Kofradiarekin itundu zuten kofradiaren lokalean solairu bat eraikiko zutela. Proiektua eta eraikinaren ondorengo birmoldaketak Arrupe arkitektoak egin zituen. Arkitekto hark erro sakonak zituen neorruralismoan.

Gernikako Batzar Etxea, 1826, XIX. mendea

Batzar Etxea –eta haren multzoa– hiribilduaren goialdean dago, burdin hesi batez inguratuta. Estilo neoklasikoa du eta 1826tik 1833ra bitartean eraiki zuten. Zuhaitzaren aurrean zin egiteko tribuna bat dago, eta, handik hurbil, tenplete zirkular bat, haritz zaharraren enborra estaltzen duena.

Multzoak balio sinboliko handia du, jakina. XV. mendeaz geroztik, Bizkaiko jaurerriko elizateen eta hiribilduen ordezkariak «Gernikazarra» izeneko eremuan elkartzen ziren beren gobernu-kontuak «Batzar Nagusietan» erabakitzeko. Horrela egin zuten 1877. urtera arte –foruak indargabetu zituzten urtera arte–, eta, ondoren, 1979az geroztik aurrera, 102 urteko etenaldia izan ondoren.

Euskaldunen artean –Europako beste herri batzuetan bezala– ohikoa izaten zen zuhaitz baten azpian elkartzea komunitateko gaiei eta arazoei buruz eztabaidatzeko eta haiek konpontzeko. Bizkaiari dagokionez, lurralde administratibo bakoitzak bere zuhaitza zuen, baina denborarekin Gernikakoa nagusitu zen. Horregatik, Gaztelako errege-erreginak Gernikara etortzen ziren Bizkaiko Foruak errespetatuko zituztela zin egitera.

Bestalde, Euskadiko lehendakariek Gernikako Zuhaitzaren azpian egiten dute karguaren zina, eta, horrela, zuhaitz horrek gaur egun euskaldunentzat duen izaera sinbolikoa nabarmentzen da.

Natibitatearen Amaren parrokia-eliza (Murueta), 1849, XIX. mendea

Natibitatearen Amaren parrokia-eliza Muruetako Elizalde auzoan dago.

XVI. mendearen amaieraz geroztik ikus daiteke Muruetako herritarrek Santa Maria ermita baino maila handiagoko eliza bat izan nahi zutela, baina, baliabiderik ez zutenez, ahalegina eten egiten zen beti. XVIII. mendearen amaieran egin zituzten eliza eraikitzeari buruzko izapideak eta kontsultak; zehazki, 1774an. Baina emaitzak ez ziren etorri nahikoa diru eduki zuten arte. Eliza berriak parrokia gisa jardun zuen 1829tik 1852ra arte –urte horretan Santa Mariaren irudia eliza berrira eraman zuten–, eta ermita behin-behineko hilerri gisa geratu zen.

Erlojuaren Dorrea (1851)

Erlojuaren Dorrea San Bartolomeko biztanle batek eraiki zuen, 1851n, Busturiko herritarrek erabil zezaten. Madariaga dorretxearen ondoan dago eta estilo neoklasikoa du: piramide-enbor itxurako dorrea, itsasargi baten antzeko silueta duena.

Erlojuak gaur egun leku berean jarraitzen du bere zerbitzuak ematen, eta jatorrian izan zuen posizio berean orientatuta dago. Madariaga dorretxearen multzo arkitektonikoan dago gaur egun Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Interpretazio Zentroa.

Arteagako gaztelua, 1856, XIX. mendea

Gaur egungo Arteagako gaztelua 1856. urtetik aurrera eraiki zuten, Napoleon II.a eta Eugenia de Montijo Frantziako enperadore-enperatrizek aginduta, arteagatarren leinuarena zen 1476. urteko dorretxe zaharrean. Lehen eraikin horrek zuloa, zubi altxagarria eta burdineriazko ate sendoa zituen eta harresi batez eta kanpoko hesi batez inguratuta zegoen.

Oraingo eraikina Bizkaiko Batzar Nagusiek Frantziako enperadore-enperatrizen semea bizkaitar izendatzeagatik eskerrak emateko eraiki zuten. Izan ere, haren ama, Eugenia de Montijo, Arteagako jaunen oinordekoa zen. Frantziako enperatrizak sustatu zuen dorretxea berreraikitzea, Louis-Auguste Couvrechefek —Frantziako errege-lekuetako arkitektoak— hasitako proiektu bati jarraituz. 1860. urtean bukatu zuten gaztelua eraikitzen. Harlanduzko lana eta barruko dekorazioa bikainak ziren, eta haritzez eta intxaurrondoz landutako egurrez forratutako aretoak zituen. Bizkaiko estilo neogotikoaren lehen adibideetako bat da. Frantziako enperadore-enperatrizak ez ziren gazteluan bizi izan, garai hartako Frantziako politika ezegonkorra zelako. Politika horren ondorioz, azkenean, kendu egin zituzten tronutik. Gaur egun, hotel bat dago gazteluan.

Santa Katalina ermita, 1885

Santa Katalina ermita izen bereko penintsula txikian dago, Mundakan.

Bere kokapenari esker, defentsarako eta zaintzarako duen balio estrategikoagatik, oso toki preziatua izan da historian zehar; Okako itsasadarraren mugimendu oro zaintzen du eta itsasoaren zakarraldiak eta horrek dakartzan arriskuak jasaten ditu. Herrigunetik urrun samar dagoenez, hainbat erabilera izan ditu: izurriteetako gaixoentzako berrogeialdi-lekua, arrantzaleen kofradia elkartzeko tokia, eta inguratzen zuen gotorlekua munizioz hornitzeko bolborategia.

XVI. mendeko jatorrizko ermita, egungoa baino txikiagoa, 1879. urtean eraitsi zen, eta berria mundakarren ahaleginarekin eraiki zuten, 1885ean.

Muruetako teila-fabrika, 1892

Muruetako teila-fabrika 1892an eraiki zuten. Hasieran, «Izarra» deitu zioten; baina, aurrerago, Aurrera SA gisa birfundatu zuten. Busturialdeko lehen fabriketako bat izan zen eta eskualde horretako industria-eraldaketa sortu zuena. Gaur egun zutik dirauena fabrika horren 32 metroko tximiniaren eta garai batean egoste-labea zenaren berreraikuntza da. Egoste-labe hori Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen Hoffman modeloko ale bakarra da.

Matxitxakoko itsasargi zaharra, 1852

1853an eraiki zuten itsasargi zaharra Matxitxako lurmuturrean, Bermeon. «Faru Zarra» deitzen diote, eta, gaur egun, dorreak bakarrik dirau zutik. Erabiltzen zuen argia finkoa zen, 4 segundoan behin egiten zuen distira eta 23 miliako distantziara iristen zen (37 km). Garai hartan irismen handiena zuen itsasargia da. Hiru itsasargizainek zaintzen zuten eta 1854. urtetik 1863. urtera itsasargizainen eskola izan zen. 1909. urtera bitarte hiru itsasargizainek zaindu zuten; baina, urte horretan, ehun metro gorago zegoen itsasargi berria erabiltzen hasi ziren. Harrezkero, dorre zaharra estazio meteorologiko gisa erabili dute, eta, lainoa dagoen egunetan, sirena gisa. 2014. urteaz geroztik, itsas hegaztien eta zetazeoen behatokia da, eta haren ezaugarri nagusia fatxada berriaren urdina da.

San Antonio Paduakoa, 1886

Ermita txiki hau Abiña auzoan dago, San Antonio hondartzaren eta BBKren haur-udalekuen ondoan. 1886. urtean eraiki zuten, eta, herri-kondairaren arabera, Paduako San Antonio, XIII. mendeko santu portugaldarra, Abiña baserrian bizi izan zen haurtzaroan, hor jaio baitzen haren amona.

Bermeoko kasinoa, 1894

Bermeoko kasinoaren eraikina, «Sociedad Bermeana» elkartearen egoitza, Severino Atxukarrok eraiki zuen, 1894an, eta jauregitxo frantsesen itxura eman zion. 1983an, uholdeen ondorioz, barrualdea eta fatxadaren zati bat eraitsi ziren. Berreraiki bazuten ere, pintura baliotsu batzuk ezin izan ziren berreskuratu; besteak beste, Ignacio Zuloaga margolari ospetsuarenak.

Gaur egun, eraiki horretan Nestor Basterretxea aretoa, bi kafetegi eta jatetxe bat daude.

Matxitxakoko itsasargi berria, 1902

Itsasargi zaharra erabiltzeari utzi ziotenean, Rafael de La Cerda ingeniari ospetsuak itsasargi berria eraiki zuen, 1909an. Eraikina itsasargizainen etxea zen, eta biltegi gisa eta gauzak gordetzeko erabiltzen zuten. Oinplano angeluzuzena du eta erdiko atalak bi solairuko eta altuera bakarreko bi albo ditu. Fatxada nagusiak zazpi ardatz ditu, bao dintelduak, eta sarrera nagusia erdi-puntuko arkuduna da. Ipar-mendebaldeko muturrean harlangaitzezko dorre prismatiko oktogonal bat dago, burdina urtu ijeztuzko kupula ederrekoa, 7 segundotik behin distira zuri bat egiten duen elementu optikoa duena, 35 miliako irismenekoa (56,3 km), Castro Urdialestik Deba ibaira arteko eremutik.

Astra-Unceta fabrika, 1918

Kultur sorkuntzako fabrika hau, Euskadiko lehena, arma-fabrika bat izan zen antzina, 1916an eraikia. Eraikina Ondare Historiko izendatu zuten eta oso-osorik eraberritu zuten. Fatxada berria Liam Gillick artista ingelesak egin zuen.

Erabilera anitzeko leku bat da, eta aitzindaria, sorkuntza eta joera berriei, ikerketari eta prestakuntzari dagokienez. Fabrikak 2.000 metro karratutik gorako azalera du, hiru solairutan banatuta.

Astrako tokiak moldagarriak dira eta fabrikak lau gune nagusi ditu: «Arte eszenikoen eta gorputz-adierazpenaren faktoria», «Ikus-entzunezkoen eta diseinuaren faktoria», «Arte plastikoen eta eskulanen faktoria» eta «Hitzaren faktoria». Nabarmendu behar da Astra Gernika-Lumoko artistek eta kolektibo kulturalek kudeatzen dutela.

Sukarrietako udalekuak, 1925

BBK Urdaibai Zentroa dagoen eraikina itsasoan bizitza luzea eman zuten arrantzaleen premiak arintzeko sortu zen. Baina 1924an, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak Ramón de la Sota ontzi-jabeari erosi zionean, Ricardo Bastida arkitekto ospetsuari agindu zioten haurrentzako udaleku bihur zezala (Colonia Infantil Nuestra Señora de Begoña).

1925ean, laurogei adingabe bizkaitar hartzeko ireki zuten, hiru hilabeteko egonaldia egin zezaten eta etxera osasuntsuago eta indartsuago itzul zitezen: haurren desnutrizioak eta tuberkulosiak hondamenak eragiten zituen klase behartsuenen artean, eta udalekuak horrela eman zion erantzuna errealitate gogor horri, haurrak indartu zitezkeen babeslekua baitzen.

Beste izen batekin, BBK Urdaibai Zentroa (2018), eta proiektu berri batekin, BBK Klima, 2020an hasi zen lanean, mundu osoko erakunde askok klima-larrialdiaren adierazpena egin zutenean. Hori horrela, aisialdiko jarduerei beste orientazio bat eman diete eta ingurumen-osagaiarekin (eta, bereziki, klima-aldaketarekin) lotutako GJHak (garapen jasangarrirako helburuak) ardatz egituratzaile bihurtu dira «BBK Udalekuak» programan garatzen diren tailerretan.

Kikunbera, 1930

Kikunbera txaleta familia bakarreko etxeari modernotasuna eman zaion ariketa bakanetakoa da, bai euskal arkitekturan, baita espainiarrean ere.

Arzadun arkitektoaren lana da. Eskatu ziotena itsasontzi-etxe motako irtenbide originalarekin konpondu zuen —mugimendu modernoaren makinismoaren eragin handikoa ideia—, Bermeoko portuaren ikuspegi ederra duen eta malda handia duen orube batean kokatuta.

Bermeoko Haurraren Etxea, 1930

«Haurraren Etxea» Euskal Autonomia Erkidegoko lehen haurtzaindegia da, Euskal Herriko arkitektura garaikidean art décoaren obra gailenetako bat. 1930ean inauguratu zuten, eta Bermeon zegoen haurren hilkortasun handiaren ondorioz eraiki zuten. Egoera hori zela eta, beharrezkoa zen itsas hiribilduko haurren baldintzak hobetzeko gune bat sortzea.

Hegazkinen aurkako Gernikako babeslekuak, 1936

Hegazkin-erasoetatik babesteko Gernikako babeslekuak Euskal Herrian izandako lehen bonbardaketaren ondorioz eraiki ziren, hots, 1936ko uztailaren 22an izandako Otxandioko bonbardaketaren ondorioz. Eraso hori eta ondoren Bilbon izan zirenak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak herri guztietan babeslekuak eraikitzeko agindua eman behar izan zuen, haien balio estrategiko edo militarra edozein izanda ere. Gernikan gutxienez sei aterpe publiko eta babesleku pribatu ugari eraiki zituzten.

Gernikako azoka, 1943

Gernikako azoka ospetsua da Busturialdeko azoka handienetako bat delako. Eskualde osoko erosleak eta saltzaileak elkartzen dira astelehenero azoka horretan: eskualdeko biztanleak elkartzeko gunea da.

Gaur egun estalita dago, baina, XX. mendearen erdialdera arte, Gernikako asteleheneroko azoka aire zabalean egiten zen. 1937an hiribilduak jasan zuen bonbardaketaren ondoren eta merkatua berreraiki bitartean, eremu itxi bat prestatu zuten azoka hori egiteko, eta 1943. urtean bukatu zuten. 1980ko hamarkadaren amaieran, eta eraikinaren egoera ikusita, Udalak eraistea eta berri bat eraikitzea erabaki zuen. Azoka berria 1991. urtean inauguratu zuten, eta gaur egun ere horretarako erabiltzen da.

Jai Alai pilotalekua, 1963

Jai Alai pilotalekua Secundino Zuazok eraiki zuen, 1963an, zesta-puntako munduko pilotaleku handienetako bat da erabiltzen direnen artean. Zesta-punta kirola Errekorren Guinness Liburuan dago, pilota azkarren dabilen kirola delako munduan (jaurtiketa batzuetan abiadura orduko 300 km-tik gorakoa da). Pilotaleku horren ezaugarriak direla eta, munduko pilotalekurik hoberena da, pilotarien ustez.

Haren instalazioek erakustaldi osoa, kantxan praktikatzeko aukera eta bisita gidatua eskaintzen dituzte.