Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua

UNESCO MaB Programak zehazten duenez, Urdaibain foro parte-hartzaila dugu, Urdaibain eskumenak dituzten administrazioetako ordezkariek eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-interesak dituzten erakunde eta elkarteetako ordezkariek osatua. Organo hori Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatua da.

Patronatukideak:

  • Eusko Legebiltzarraren ordezkaria.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bost ordezkari.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren hiru ordezkari.
  • Eragindako udalen sei ordezkari.
  • Estatuko Administrazioaren ordezkaria.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkaria.
  • UNESCOren «Gizakia eta Biosfera» programaren ordezkaria.
  • Biosfera Erreserba eremuko elkarte ekologista eta kontserbazionisten ordezkaria, Erreserba ikertzeko eta babesteko lanean ospe handia duena.
  • Erreserbaren eremuko nekazaritza- eta basogintza-sektoreko hiru ordezkari.
  • Erreserbako Lankidetza Kontseiluko lehendakaria.

Lehendakaria Jaurlaritzak izendatzen du Patronatukideen artetik, ingurumen-organoak proposatuta. Erreserbako zuzendari-artatzaileak, bestalde, hitza du osoko bilkuretan, baina botorik ez.

Funtzioak:

  1. Ezarritako xedeak betetzen direla zaintzea, ondarea eta Erreserbako zerbitzuak edo Patronatuak edozein erakunde motari eta partikularri ematen dizkion zerbitzuak erabiltzearen ondorioz sortutako funtsak administratzea.
  2. Jardueren urteko memoria, aurrekontuak eta emaitzak onartzea, eta Patronatuan dauden herri-administrazio guztiei horiek guztiak aurkeztea.
  3. Erreserbako balioak eta bereizgarritasunak eraginkortasunez defendatzeko arauak sustatzea eta proposamenak aurkeztea, eta xede horretarako egokitzat jotzen diren kudeaketa guztiak egitea.
  4. Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren eta haren berrikuspenen gaineko txostenak egitea eta Plana bete dadila segurtatzea, bai eta jarduerak harmonizatzeko eta garatzeko programaren eta plan sektorialen gainekoak ere.
  5. Plan sektorialak sustatzea.
  6. Hiri-antolamenduari buruzko planen inguruko txostenak egitea, bai eta Erreserbaren ingurune fisikoan eragina duen beste edozein plan sektorial edo jarduteko programari buruz ere.
  7. Egin nahi diren ikerketa-proiektuen gaineko txostenak egitea.
  8. Babes bereziko eremuetan egin nahi diren eraikitze-egintzei, lurzoru-erabilerei eta natur baliabideen aprobetxamenduari buruzko txostenak egitea. Orobat, erreserbaren gainerako lurraldean egin nahi direnei buruzkoak, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak horrela ezartzen duenean. Baldin eta txostenak egin ondoren Patronatuko kideen bi heren ez badaude ados aurkeztutako proiektuarekin, lehendakariak jatorrira itzuliko du proiektua, berriz azter dezaten.
  9. Patronatuaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua onartzea eta aldatzea, bertan zehazten baita Patronatuaren egitura funtzionala.

Lankidetza Kontseilua:

Lankidetza Kontseilua Patronatuaren kide laguntzaile bat da, helburua duena bide bat sortzea gizarte-sektoreak ordezkatzen dituzten elkarteek aktiboki parte har dezaten Urdaibain eragina duten jardueren garapenean

Lankidetza Kontseilua Patronatuaren organo kolaboratzaile bat da, 1995eko otsailaren 14ko 164/1995 Dekretuaren bidez sortu zena (eta gero 1997ko abuztuaren 29ko 197/1997 Dekretuaren bidez aldatu zena), eta helburua duena Erreserbako lurraldean eragina duten gizarte-sektoreetako erakunde esanguratsuek parte hartzeko bideak ezartzea, Erreserbako jarduerak garatzen aktiboki parte har zezaten.

Lankidetza Kontseilua gizarte-talde hauek osatzen dute:

  • Kulturaren arlokoak
  • Ekologistak
  • Gizartearen arlokoak
  • Enpresakoak
  • Ingurumen-hezkuntzakoak
  • Sindikatuak

Organo parte-hartzaile honen helburua da talde aholku-emaile gisa jardutea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren barruan. Patronatuan, Lankidetza Kontseiluak boto bat du, lehendakariaren bitartez aurkezten dena osoko bilkuran. Patronatuak eztabaidagairen bat planteatzen duen bakoitzean, Lankidetza Kontseilua 72 ordu edo 48 ordu lehenago biltzen da, hura aztertzeko.

Funtzioak:

  1. Irizpideak eta neurriak sustatzea, Kontseiluan ordezkatutako sektoreen interesak eta jarduerak modu harmonikoan koordinatzeko Urdaibairen helburuekin eta jarduerekin.
  2. Lankidetza Kontseiluan ordezkatutako entitateen arteko lankidetza sustatzea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako jarduerak garatzeko unean.
  3. Interes komuneko jarduerak hitzartzea Kontseiluan ordezkatutako entitateen eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren artean.
  4. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuari ekimenak, proposamenak eta iradokizunak planteatzea, koordinazio, harmonizazio eta partaidetza helburuak eta, oro har, Biosfera Erreserbaren helburu espezifikoak ahalik eta ondoen lortzeko.
  5. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak aurkezten dizkion gaiei buruzko txostena egitea.
  6. Bere antolaketa eta funtzionamendu araudia onartzea eta aldatzea.

Nola sar daiteke kide bat Lankidetza Kontseiluan?

Lankidetza Kontseiluko kide izateko, beharrezkoa da:

  • Eskaera egitea Patronatuan.
  • Ordezkaritza sozialeko talde/elkarte bateko kide izatea.

Lankidetza Kontseiluan ez dago ordezkaritzako gehieneko kuporik.

Iritzi-aniztasuna bilatzen da, baita iritziak ematen dituzten eremu desberdinetako profesionalak ere.