Urdaibai Biosfera Erreserbaren garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Plana

Biosfera Erreserben Munduko Sarearen helburua da, besteak beste, garapen jasangarriari buruzko jakintza hobetzeko lekuen sare gisa zeregin aktiboa izatea. Sare hori osatzen duten lurraldeak, hortaz, proiektu eta programa aitzindariekin probak egingo diren lekuak izango dira, giza garapenaren eta naturaren kontserbazioaren arteko txertatze egokiari buruzko jardunbide egokiak esportatzeko.
Urdaibai Biosfera Erreserbak (hemendik aurrera UBE) natur ondare garrantzitsu bat dauka, gizakiaren eta ingurumenaren artean milaka urtean izandako garapen orekatuaren ondorio. Hala, UBE, deklaratu zenetik, berrikuntzako eredu aitzindaria izan da, eta garapen jasangarriaren adibidea izaten jarraitu nahi du, ikaskuntza-eredu eta garapen jasangarrirako hezkuntza-jarduerak sustatzeko gune, tokiko parte-hartzearekin.
Biosfera Erreserbek bete behar dituzten hiru funtzioetatik —kontserbazioa, garapena eta laguntza logistikoa— hirugarrena datza jarduera hauei begirako baliabideak antolatzean: giza jardueren eta natur ingurunearen arteko elkarrekintzari buruzko ikerketak; prestakuntza-, gaikuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak; bere ibilbidean izandako aurrerapenak hedatzea, eta parte hartzen duen sareen barruan truke- eta komunikazio-fluxuan laguntzea. Helburu orokor horri erantzun nahi dio Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Planak.