Laida

Laida

Paseo luzeak, surfa, kayak, gastronomia, natura… Laida jende guztiak gogoko duen hondartza horietako bat da, eta, horregatik, Urdaibaiko ospetsuenetako bat. Eta ospe hori ez da gaurkoa; jada XIX. mendearen hasieratik, Laida inguruko herrietako biztanleentzako bilgunea da.

Bitxikeria historikoak

Laidaren lehen aipamena 1816koa da. Taberna bat zegoela esaten da bertan, eta bertako herritarrak uretan bainatzen zirela udako beroa arintzeko. Ez da hutsala datua; izan ere, kostaldeko aisialdia, eta zehazkiago hondartzetako aisialdia, ez zen oso ohikoa garai hartan.

1850ean, mundakarrak hasi ziren itsasontziz joaten Laidako hareatzaz gozatzera; gaur egun ere gordetzen dute ohitura hori. Beste datu azpimarragarri bat da 1876an, karlistaden ondoren, bainuetxe bat zegoela Laidan, gaur egun tabernak dauden tokian. 1910ean hasi ziren hondartzak aisialdirako leku gisa famatzen, eta, urte batzuk geroago, 1926an, Laida modako hondartza gisa aitortzen zuten turismo-sustapeneko liburuxketan.

Foto: “Paisaia-UBE-Hondartza-Laida-Panoramika”

 Bitxikeria naturalak

Baliteke hondartza hau sortzeko moduarekin lotuta egotea haren edertasuna, Urdaibaiko gainerako hondartzak ez bezalakoa baita. Izan ere, Laida olatuek eta itsas korronteek ekarritako harea-metaketaren ondorioz eratu da. Ezagutzen al duzue Laidakoa baino aldakorragoa den hondartzarik? Hondartza hazi, urritu… eta horrela behin eta berriro; batez ere olatuen eraginagatik —sasoiz sasoi asko aldatzen baita— eta marearen gorabeherengatik.

Eta nola sortzen da Mundakako barra ospetsua?

Dena dago lotuta itsasadarraren bokalean sortzen diren korronte indartsuekin. Itsasbehera denean, estuarioaren barrualdetik jaisten den korronteak bokaletik kanpora eramaten ditu sedimentuak.

Podéis informaros más en profundidad sobre las dunas y el proyecto Regeneración del Ecosistema Dunar de la playa Laida aquí.

Mundakako barra, beraz, marea-korronteen bidez sortzen den ur azpiko harea-metaketa da. Metaketa hori estuarioaren barrualdetik marea jaisten denean korronteek garraiatzen dituzten sedimentuez elikatzen da. Horiek horrela, bokaletik kanporantz doan korronteak tupust egiten duenean aurrez aurre itsasoko olatuekin, eta pilatutako sedimentuen ondorioz sakonera txikia denez gero, Mundakako ezkerreko olatu ospetsua eratzen da. Itsasbeheraldiko korronteak behartzen du olatuak ekialderantz pixkanaka mugitzera, surflariak liluratzen dituzten hodi ederrak eratuz. Olatu honek, neguan zehar, Mundakako barra higatzen du eta sedimentua berriz ere marearteko eremurantz garraiatzen du.

Hitz egin dezagun orain hondartzako eremu lehorrari buruz, inoiz bustitzen ez den hondar-zatiari buruz. Agian, askok gogoratzen dituzte Laidako dunak, nahiz eta 1950ean duna-sistema naturala guztiz desagertu, beharbada ondoz ondoko denboraleen eraginez. Hala ere, arrazoi nagusia hondartzako erabiltzaileen presioa izan zen, horrek eragotzi baitzuen dunak haztea eta ekosistema hauskor hori berez lehengoratzea. Hareazko metaketa hauek sedimentuen aldi baterako biltegi gisa funtzionatzen dute, eta higaduraren ondorioz hondartzak azalera galtzea eragozten dute.

Hala ere, Laidako mareaz gaindiko eremu hori, Kantauriko itsasertzeko hondartza guztiak bezala, atzeraka ari da gaur egun. Badirudi ekaitzek sortarazitako higadura eta, beharbada, klima-aldaketak eragindako itsas mailaren pixkanakako igoerak sortarazitakoa direla egoera horren arrazoiak.

Dunei buruz eta Laida hondartzako duna-sistemaren berreskuratzeko proiektuari buruz gehiago jakiteko, hemen.