Maumeko ataritik begiratoki bat aurkituko dugu, bista zoragarriak dituena, batez ere Durangalderantz. Baina toki honen berezitasuna ez datza soilik begiratokian; azken 100 metroetan balio historiko handiko galtzada bat dago, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbide zaharraren zati bat, hain zuzen ere. Izan ere, ibilbide hori egiten zuten Errioxatik ardoa ekarri eta gure portuetatik arraina kontserban zeramaten mandazainek; bide batez esanda, zenbait inskripzio utzi zituzten atari honetan nonbait. Badakizue, ea aurkitzen dituzuen bisitan zatoztenean!
Eta, jakina, esan gabe doa, leku honek ere badu kontatzea merezi duen kondaira. Inguru honi Sorgintoki ere esaten zaio, eta esaten da begiratokian dagoen harri itzel bat sorginek ekarria dela; egia esan, eta tamaina ikusita, sinesteko modukoa da. Begiratokiaren azpitik doan ibaiari Sorgintoki Erreka ere esaten zaio.
Nola iritsi:
Mendatatik Urrutxuara doan bidea hartu behar da, eta errepide-gurutze batean BI-3222 errepidera jo, auzune hori Iurretako udalerriarekin lotzen baitu. Bide-erdian, desbideratze batek Maumera 3 km daudela adierazten digu. Auzune horretara iristean, egurrezko kartel bat ikusiko dugu, atarira iristeko 1,3 km daudela adierazten duena. Hobe hemendik oinez joatea.