MaB Programa

MaB Programa

Aspaldikoa da komunitate zientifikoaren kezka eraiki dugun gizartearen noraezeko kontsumismo suntsitzailearen aurrean, eta badakigu baliabide naturalik gabe gure bizimoduak ez daukala atarramentu onik. Ohiturak aldatzeko premia horrek eraginda, «Gizakia eta Biosfera» izeneko programa jarri zuen abian UNESCOk 70eko hamarkadan (MaB, ingelesezko siglen arabera). Izenak dena esaten du: programa zientifiko bat da; bertan gobernu askok parte hartzen dute, eta pertsonen eta ingurumenaren arteko harremanak hobetzea du helburu. Ikuspegi berri honek naturaren kontserbazioa erdigunean jartzen du, baina pertsonen ongizatea ahaztu gabe. UNESCOk jasangarritasunerako lurralde-eredu ezin hobeak definitu zituen: Biosfera Erreserbak.

Programa honen xedea da mundu berri bat sortzea, non herritarrak beren etorkizun komunaz eta planetarekin duten interakzioaz jabetzen diren, eta modu kolektibo eta arduratsuan jarduten diren, gizarte oparo eta biosferarekin harmonian daudenak eraikitzeko. Proposatzen du jakintza zientifikoa erabiltzea ingurumena hobeto ulertzeko, eta zientzialarien konpromiso handiagoa lortzea, biodibertsitate biologikoa eta baliabide naturalak erabiltzeko modu arrazionalagoak bilatzeko.

Zehazki, zer bilatzen du programak?

  • Identifikatzea giza jarduerek biosferan eragiten dituen aldaketak eta aldaketa horiek gizakiengan eta ingurumenean dituzten ondorioak.
  • Gure oinarrizko ongizatea eta ingurune bizigarria bermatzea, kontuan hartuta klima-aldaketa urbanizazio azkarraren eta energia-kontsumoaren ondorio dela.
  • Ingurumen-arazoei eta -konponbideei buruzko jakintza trukatzea, eta garapen jasangarrirako ingurumen-hezkuntza bultzatzea.

Jarduera interesgarrienetako bat proiektu pilotuak dira, non oreka bilatzen baita biodibertsitatea atxikitzeko eta kontserbatzeko erantzukizunaren eta denok bizi-kalitate ona —maila sozialean eta ekonomikoan— izateko baliabideak erabiltzeko dugun beharraren artean.

Eta nola funtzionatzen du?

MaB programaren nazioarteko idazkaritza UNESCOren egoitzan dago, Parisen, eta haren gobernu-organoa Nazioarteko Koordinazio Kontseilua (NKK) da. Une bakoitzean, txandaka, UNESCOren kide direnen artean hogeita hamalau estatuk osatzen dute Kontseilua. Mahai exekutiboa sei kidek osatzen dute, Nazio Batuen Erakundearen munduko sei eskualdeetako bakoitzetik bat; horietako bat presidentea da, eta gainerakoak presidenteordeak dira.

Beraz, programa deszentralizatua da, hau da, herrialde parte-hartzaile bakoitza programaren gobernuaz arduratzen da txandaka; bakoitzak batzorde nazional bat edo MaB batzorde bat antolatu behar du, programaren barruan gauzatzen diren ekintzak aholkatzeko, koordinatzeko eta kudeatzeko. Espainian, Parke Nazionalak deritzon erakunde autonomoa (OAPN) arduratzen da UNESCOren MaB Programa koordinatzeaz, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren mende baitago.

Bertatik bertara lan egiteko, MaB programak Biosfera Erreserben Munduko Sarean oinarritzen ditu bere jarduketak, erreserben arteko jakintza-trukea sustatuz, bai eta ikerketa eta monitorizazioa ere, eta heziketa, prestakuntza eta erabakiak modu parte-hartzailean hartzea ere bai.

Biosfera Erreserba izendatutako espazioak esperimentu txiki gisa ulertu behar dira, non, ondo asmatuz gero, formula ideala aurkituko den zibilizazioaren garapena (ekonomikoa, ongizatea, erosotasuna…) gure etsaia izan barik naturarekin bat eginda bizi dadin.