Txatxarramendi uhartearen iparraldean, Txatxako Punta izenez ezagutzen den kala txiki bat dago. Kala txiki hau Txatxarramendiko hoteleko turisten joan-etorrien lekuko izan da, Alfonso XIII erregea bera ere bertan egona baitzen, ostatu hartuta. Txatxako puntaren albo batean dagoen begiratoki txikitik, hoteleko ostalariak oraindik zutik dagoen kai batera sartzen ziren, eta han gasolino bat hartuta, Laidara joaten ziren egun-pasa. Uhartean geratzen zirenentzat bainu-etxolak zeuden, orain Azti-Tecnalia zentroa dagoen lekuan. Uharte pribatua zenez —Bizkaiko Foru Aldundiak 1984an erosi arte—, inguruko biztanleak gasolinoa hartzeko baino ezin ziren bertara sartu.

Itsasbeheran, harearen zati handi bat azaleratzen denean, oinez irits daiteke, ia oinak busti gabe, San Antonio hondartzaraino. Paseo luze samarra da, hori bai, marea igo baino lehen itzuli behar dela kontuan hartuta.