Natura 2000 Sarea

Natura 2000 Sarea

Natura 2000 Sarea garrantzi komunitarioko espezie edo habitat mehatxatuak dituzten lekuen Europako sare ekologikoa da, eta haien kontserbazio-egoera onari eustea du helburu (92/43/EEE Zuzentaraua, habitat naturalak eta basafauna eta basaflora kontserbatzeari buruzkoa). Natura 2000 Sareak halaber Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatutako guneak hartzen ditu barne,  79/409/EEE Zuzentaraua, basa-hegaztiak kontserbatzeari buruzkoa edo Hegaztien Zuzentaraua deritzonaren arabera. Hauek dira Natura 2000 Sarean sartuta dauden Urdaibaiko espazioak:

Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE), Habitatei buruzko Zuzentarauaren arabera izendatuak. Estatu kideek Batasuneko Garrantzizko Lekuak (BGL) proposatu dituzte, Europako Batzordeak jada onartuak, eta sei urteko epean KBE izendatu behar dira. EAEn Europako Batzordeak onartutako 52 BGL daude, eta, gaur egun, haien kudeaketa-planak idazteko fasean daude, KBE izendatzeko. Horietako hiru Urdaibain daude: artadi kantauriarrak, padurak eta itsasertzeko zerrenda, eta ibai-sarea.

Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE), Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren babesean izendatuak. EAEn sei HBBE izendatu dira; horietako bat da Urdaibaiko itsasadar osoa eta itsasertza hartzen dituena. Urdaibaiko itsasadarra bere kokapenagatik izendatu zen HBBE, zeren, Iberiar penintsula zeharkatzen duten hegaztien migrazio-bidearen erdi-erdian baitago. Gainera, haren ezaugarri klimatologiko eta geologikoengatik toki ezin hobea da hegazti migratzaileen komunitate asko bertan elikatzeko, atseden hartzeko eta, kasu batzuetan, baita negualdia igarotzeko edo ugaltzeko ere.

Urdaibai Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko Legea garatuz, Biosfera Erreserbari Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP, 1993) eman zitzaion, lurraldea babestu eta antolatzeko funtzioak betetzeko. Plan horrek Urdaibaiko lurzoru urbanizaezina zonaka banatzen du, babes-maila eta erabilera desberdinak emanez:

  • Babes bereziko eremuak: Berezko balio handiena edo kalteberena duten ekosistemak hartzen dituzte barne: estuarioa, kostaldea eta artadiak. Eremu horiek giza eragin orotatik babestuta daude. Kategoria honetan sartzen dira halaber balio handieneko ondare arkeologikoko elementuak.
  • Babes-eremuak: Sistema natural sentikorrak edo baliabide natural urriak dituzten natur eta kultur intereseko eremuak dira, babes-neurriak behar dituztenak haien iraupena bermatzeko, balio natural handia baitute. Haien helburu orokorra da multzoaren iraupena segurtatzea, eta are ere multzoa leheneratzea eta handitzea.
  • Giza jarduerak garrantzi handiagoa duen beste eremu batzuk, ezaugarri fisiko eta ekologikoen arabera eta inguruneak jarduerak hartzeko duen gaitasunaren arabera ezarriak: Nekazaritza-eremuak, baso-eremuak, biztanlegune-eremuak, landa-lurzoru komuneko eremuak, sistema-eremuak.