San Antonio

San Antonio

Konturatuko zineten San Antonioko harea ez dela, adibidez, Lagako edo Laidako harea bezalakoa. Maskor-zati asko ditu, eta oinutsik bazabiltzate, ziztatu eta deseroso ibiltzen da. Izan ere, San Antonio hondartza ez da benetako hondartza. Bai, ordea, hondartza eta harea lotzen baditugu; San Antonio ez zen hondartza izan harik eta 1984. urtean itsasadarrean egindako dragatzearen ondorioz bertan harea bota zen arte. Hareatza naturaletan higadura jarraituagoa da, eta sortzen den harea askoz ere homogeneoagoa da.

Toki hau, hasiera batean, marearteko lautada basatsu bat zen (urez estalia, itsasgoran, eta ur-mailatik gora, isasbeheran), batez ere lohiz eta buztinez osatua. Sedimentu horiek zikinak ziren, eta deserosoak, adibidez, eskuoihala zabaltzeko; horregatik, dragatzearen harea baliatu zen erabilera erosoago bat emateko eta jendeak gozatzeko. San Antonioren eraldaketa horren eskutik iritsi zen ingurunearen bultzada ekonomikoa.

San Antonion aurki ditzakegun bitxitasunen artean, artadi batez estalitako Sandindere uhartetxoaz gain, harkaitz bat dugu hondartzaren erdian, bertako herritarrek Gamelua deitzen dutena, animalia horren antzeko itxura duelako. Izenak, egia esanda, pasadizo bat du atzean, eta merezi du kontatzea. Jatorri-jatorrian, Gamelua osatzen duten bi konkorretatik, ezkerraldekoa, itsasorantz begira dagoena, askoz handiagoa zen, 4 metro inguru garai. Baina 1923an, haurrak udalekuetara iritsi, eta haien forma aldatu zen. Kontua da haurrak, normala den bezala, arrokan gora igotzen zirela abentura bila; baina jolasa oso segurua izan ez, ezta gainbegiraleen gustukoa ere, eta, beraz, erabaki zuten harriaren zatirik altuena dinamitaz lehertzea, eta horrela bihurtu zen «gamelu».

Dena den, pasadizoak pasadizo, Gameluak badu historia geologiko interesgarri bat ere. Kolore berdexkak iradokitzen digu ingurukoek ez bezalako jatorria duela, eta, hain zuzen ere, Triasikoko arroka subbolkanikoa da (duela 200 milioi urte baino gehiago), eta inguratzen duten gainerako arrokak baino askoz zaharragoa da. Arroka mota honi «ofita» deitzen zaio, narrasti batzuen azala gogorarazten duelako (zehazki, ofidioena). Baina nola liteke arroka bat azalean egotea, besteak baino askoz zaharragoa baldin bada? Izan ere, Urdaibain ez da salbuespena. Entzutea baduzue «Maitasunaren Arroka» deiturikoa? Halaxe da, Lagan dago eta hura ere ofita da.

Eraketa geologiko interesgarria zein den jakin nahi baduzue, Urdaibaiko Interes geologikoko lekuak esploratzera gonbidatzen zaituztegu