Sandindere

Sandindere

Harrigarria da Okaren erdigunean Sandindere moduko uharte bat izatea. Izan ere, uharte hori barrualdekoena da Bizkaiko uharte guztien artean. Artadi kantauriar trinko batez estalia, Goi Kretazeoko harkaitz bat da, higadurari hobeto aurre egin diona inguruko material triasiko bigunek baino. Forma bitxi hau hobeto ulertzeko, geologiara begiratu beharra dago; hemen aurkituko duzue azalpen xeheagoa (IGL 10. Sandindere uhartea). Baina aurrerakin gisa, esan dezagun Sandindere uhartea Urdaibaiko estuarioaren jatorriaren lekukoa dela.

Segur aski, zuek ere ibiliko zineten haurtzaroan uhartean ‘esploratzen’, eta gogoratuko duzue artadi trinkoaren barruan eraikinen baten aztarnak daudela. Sukarrietako parrokia zaharraren hondakinak dira, udalerriari bost arkuko zubi baten bidez lotzen zitzaiona, fededunak mezatara joan zitezen.  San Antonio hondartzaren handitzea eta beste gorabehera batzuk direla medio, itsasbeheran lurrari lotuta geratzen da. Beste garai batzuetan biltegia izan zen, baita bolborategi ere, belaontziek eta gabarrek Urdaibain artean kalatu nahikoa zuten garaian.