Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera lehen bidai agentzia atxiki da 

  • Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko ordezkariak Busturiako Madariaga Dorretxean bildu ziren joan den ostiralean, apirilak 14, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxiki den lehen bidai-agentziari ziurtagiria emateko asmoz.
  • Genuine Euskadi bidaia-agentziaren atxikipena gutunaren III. fasearen baitan kokatzen da. Gaur egun bitarte Urdaibaiko 30 turismo-enpresa batu dira egitasmora.

 

Pasa den ostiralean, apirilak 14, Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera (aurrerantzean TJEG) batutako lehen bidai-agentziari atxikimendu ziurtagiria bermatu zitzaion. Hala, Genuine Euskadi bidaia-agentziako kideak Busturiako Madariaga Dorretxean izan ziren banaketa-ekitaldian. Bertan Nicolás García-Borreguero Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendariaren eta Aitziber Ansotegi Urremendiko Landa Garapeneko gerentearen eskutik atxikimendu ziurtagiria jaso zuten.

Europarc Fundazioak 2020an ahalbidetu zion Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren menpe dagoena,  TJEGuaren atxikipen ofiziala, babestutako gune gisa. Hortaz, Urdaibaik TJEGren atxikipenaren lehen fasea osatu zuen. Ekimenaren baitan Euskadiko helmuga bakarra dugu gaur egun, turismo iraunkorraren arloan nazioarteko aintzatespen ikaragarria lortu duena. Orain arte, TJEGren II. Fasera, Urdaibaiko 30 turismo-enpresa batu dira, eta berriki lehen bidaia-agentzia gehituko da, prozesuaren III. Fasearen barnean.

Bidaia-agentziak eta touroperadoreak TJEGera atxikitzeko sistemak (III. fasea) Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren printzipioak errespetatzen ditu eta, hortaz, gune babestuetan turismo-eskaintza bat merkaturatzea du xedetzat. Betiere TJEGren printzipioekin bat eginez eta, beraz, tokiko kontserbazioan eta garapenean lagunduz.  Testuinguru horretan, bidaia-agentziak kontuan hartu eta bereizi nahi ditu proiektuak, beren borondatez turismo-garapen jasangarriarekin aurkezten duten konpromisoagatik, ingurumen-administrazioekin eta lurraldeekin lankidetzan aritzeko aukera ahalbidetuaz, baita talde-lana onura gisa baliatuaz ere,  turistentzako eskaintza bakar eta erakargarriak sortzeko ahaleginean.

 

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

EUROPARC federazioaren bereizgarria da TJEG eta turismoaren eta naturgune babestuen iraunkortasunaren arteko bizikidetza egiaztatzen du. Turismo jasangarriaren urratsak ezartzeko borondatezko metodo eta konpromisoa dugu hauxe, jasangarritasunaren arloan aurrerapauso sendoa egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei bideratuta doana, beren estrategiak modu parte-hartzailean definitzeko erronkan.

Gaur egun orotara 168 dira TJEGera batutako guneak, 20 herrialdetan sakabanatuta daudenak. Egiaztapen horren onurak anitzak dira, hala nola, Europan turismo jasangarriaren arloan bikaintasunezko lurralde gisa bereiztea, garapen sozioekonomiko orekatua sustatzea edota kalitatezko turismo-produktuak sortzea, beneztakoak eta ingurunearekin koherenteak direnak. TJEGera atxikituta, Urdaibai Biosfera Erreserba Turismo Helmuga Iraunkor gisa ziurtatzen den Euskadiko lehendabiziko esparru babestua dugu.

 

Busturian, 2023ko apirilaren 19a